Ikasleek entzunarazi dute Seaskaren kexua

  • Orotara 7.000 lagun bildu dira Baionan, Seaskaren alde. Hauetan, 3.000 ikaslez gora, manifestazioaren buruan, danborrada burutuz. Heldu den urterako Frantziako Hezkuntza Ministerioak Seaskari bideratu nahi ez dituen 25 irakasle postuak lortzeko lehen mobilizazioa izan dute hau.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2018ko maiatzaren 07a

Ikasleek dute hezkuntza eskuratzen, eta ikasle horiek berek dute pairatzen hezkuntza txarra. Hori horrela, ikastoletan dabiltzan ikasleak atera dira karrikara, behar dituzten irakasle postuak aldarrikatzera.

Ipar Euskal Herrian barna diren ikastoletako 3.000 umez gora batu dira Baionako karriketan. Etxean eraikiriko danborra esku artean, klasean edota etxean behin eta berriz errepikatuz ikasiriko kantua abestuz, guraso zein irakasleak lagun, haurrak izan dira manifestazioaren buru. Kantuz eta dantzan, deusetaz beldur, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko baliatu dute unea lizeokoek; gisa berean, kolegioetakoek, brebetarentzat. Ondotik dituzte helduak, sostenguz mobilizazioari juntaturik, aspaldian egin izan ez duten manifestazio zaratatsu baten parte. Orotara, 7.000 lagun elkartu dira Seaskaren aldarrikapena entzunarazteko. Danborradaren doinuari hitzak gehitu dituzte: "Deiadar bat bada Baionan, kasu kasu ikastola kexu; entzun gaitzakezu, hemen gira kexu, irakasle eskasa Seaskan!".

 

 

 

Mobilizaturik segitzeko prest

Postura eta determinazio argia du Seaskak: "Jakin dezatela 40 ala 50 ikasleko gelak ez ditugula onartuko". Manifestazio bukaeran, Mirentxu Ibargarai irakasleak Frantziako Hezkuntza Ministerioari luzatu abisua argia izan da. Heldu den urtean 240 ikasle berri gehiago ukanen dituztela, 25 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak. Hezkuntza Ministerioaren ordezkari den  Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako ikuskariak jakinarazi duenez, ez die bat ere ez bideratuko. Joera hori salatzeko antolatu du danborrada. Aldarria entzunarazteko, mobilizazioa zaratatsua izatea nahi zuten. Horrelakoa izan da. Seaskaren beharrei elkor segituz gero, mobilizazioekin segituko dutela abisatu dute Ibargarai zein Paxkal Indo Seaskako presidenteak: "gure hezkuntza sistema defendituko dugu".

Goizean Kanbon, bake prozesuaren aldeko konferentzian egondako Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere egon da oholtza gainean: "Etorkizunari begira aritu gara han. Zuek zarete etorkizuna. Baina guri dagokigu zuen oraina segurtatzea".

Umeak zorionduz eta irakasle, guraso zein ikastoletako langileak eskertuz, bukatu dute mobilizazioa. Guztiak pozik, une azkar bat bizitu izanaz jabeturik eta dirudienez, mobilizaturik segitzeko indar gehiagorekin.

 

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Seaska  |  Euskara Ipar EHn  |  Baiona

Seaska kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-09 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Kasu ikastola kexu

2018-09-07 | Mikel Asurmendi
Larunbat honetan Pauen manifestazioa Seaskak deiturik

Iragan 4an, asteartez, bildu ziren Frantziako Estatuaren ordezkariak, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Seaska. Ez zuten akordiorik lortu. Hezkuntza Nazionalak ez dio ikastolen elkarteari bost lanpostu baino gehiago onartu.


2018-09-05 | ARGIA
Seaskak mobilizazio gehiago egingo ditu eta tokiko instituzioei engaiatzeko eskatuko die

Emaitzarik gabe bukatu zen asteartean Seaskako ordezkariek eta Bordeleko akademiako arduradunek egindako bilera: Frantziako Estatuak ez du ikastoletarako postu gehiago onartuko. Seaskak protesta berriak iragarri ditu, instituzio lokalei ardura eskatzearekin batera.


2018-09-03 | Mikel Asurmendi
Seaskaren eta Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arteko lanpostuen auzia pil-pilean

Seaskako irakasle eta langileak kexu agertu dira asteburuon Pauen. Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatutako hogeita bost lanpostuetatik bost besterik ez baitio eman.


2018-07-13 | Euskal Irratiak
Ikastolen elkarteak Seaskaren aldeko mobilizazioa deitu du larunbatean Bilbon

Elkarretaratzea antolatuko du Ikastolen Elkarteak larunbatean Bilbon. Frantziako presidente Emmanuel Macronen Hezkuntza Ministerioaren "eraso zuzenari" erantzun nahi dio mobilizazio honen bidez. Larunbatean, uztailaren 14an, Frantziako Estatuaren jai nazionalean, Bilboko kontsulatu frantsesaren aitzinean biltzeko deia luzatu du Ikastolen Elkarteak.


Seaskako ikasle guztiek brebeta gainditu dute, zientzietako azterketa irakasle erdaldunek zuzendu arren

Zientzietako azterketa euskaraz ez zekiten irakasleek zuzendu dute, hasieran Bordeleko errektoretzak azterketok bahitu ostean.


Ez obeditzea

Goizean goiz abiatu dira autobusak Bordelera. Donibane Garazitik, Kanbotik eta Larzabaletik. Gure seme-alabek euskaraz ikastea nahi dugulako, hori besterik ez.


2018-07-04 | ARGIA
Seaskako kideak Bordeleko errektoretzan kateatu dira, brebetako azterketen bahiketa salatzeko

Bi autobus abiatu dira asteazken goizean Baionatik Bordelera, errektoretzak Brebetan euskaraz egindako zientzietako azterketak ez zuzentzeko erabakia hartu ostean. Zenbait lagun errektoretzako atean kateatu dira diskriminazio linguistikoaren aurka protesta egiteko eta tentsio-uneak izan dira poliziarekin.


2018-07-04 | ARGIA
Seaskak protestak deitu ditu Tourrerako, errektoretzak euskarazko azterketak "bahitu" izanaz kexu

Seaskako ikasleek brebetan Zientziak ikasgaia euskaraz egin dute, iaz bezala. Aurten errektoretzak ez zuzentzeko agindua eman du. Seaskak mobilizazioak deitu ditu azterketen “bahiketa” eta Frantziako Gobernuak euskararen aurka duen jarrera mespretxatzeko.


Eguneraketa berriak daude