Emakumeak borrokan

Iberdrolak Espainiako Gobernuagaz hitzartu ditu Lemoizko zentrala uzteko baldintzak

  • Mikel Otero EH Bilduko eusko legebiltzarkideak "eskandalagarritzat" jo du asteazkenean argitara atera den Iberdrolaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa; horren arabera, konpainia energetikoak ihes egingo dio Lemoizko zentral nuklearrak okupatzen dituen lurrak berreskuratzeko eta egokitzeko daukan "obligazioari".

Hiruka .eus
2018ko apirilaren 19a

EH Bilduk asteartean bertan ohartarazi zuen arrisku horretaz, eta biharamunean, "tamalez", arriskua gauzatu da Iberdrola eta Madrilen arteko akordioagaz.

Oterok gogora ekarri duenez, "Iberdrolak 2.273 milioi euro irabazi ditu Lemoizen urte hauetan zehar, Felipe Gonzalezen Gobernuak ezarritako luzamendu nuklearrari esker; eta, legez, zonaldea zentrala eraiki aurretik zegoen moduan utzi behar du orain, kostuak bere gain hartuta". EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, "Gobernu espainolarekiko akordioak Iberdrola eremua berreskuratzeko erantzukizunaz libratzen du, eta hori eskandalu bat da, azkenean euskal herritarrok hiru aldiz ordaindu beharko dugulako Lemoizko zentzugabekeria; lehenago, eraikuntza bera ordaindu genuen; gero, argindarraren faktura bidez, 2.273 milioi ordaindu diogu Iberdrolari eta orain eremua berreskuratzeko lanak ordaindu beharko ditugu".

Iberdrolarekiko akordioa Gobernu espainolaren lehen urratsa da Lemoizko lur horien jabegoa Eusko Jaurlaritzari transferitzeko. Horri dagokionez, Oterok argi dauka lurren jabegoa Jaurlaritzari ez ezik, Lemoizko Udalari eta Bizkaiko Aldundiari ere dagokiela, eta "jabegoaren transferentzia ezin dela inondik inora erabili Iberdrolak bere obligazioei ihes egin diezaien". Hori dela eta, EH Bilduk interpelazio zuzena egingo dio Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari, Legebiltzarrean, eta eskatuko dio Jaurlaritzak euskal jendartearen interesak lehenetsi ditzala, "Iberdrola babestu beharrean".

 

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Kanal hauetan artxibatua: Lemoizko zentral nuklearra  |  Iberdrola  |  Lemoiz

Lemoizko zentral nuklearra kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude