Ipuinetan zaildutako idazleak musikara jo du beste behin. Oraingo Biodiskografiak (Erein, 2011) liburuan, aitzitik, mozorroa erantzi du, eta gaztetan barrura sartu zitzaizkion pop-rock diskoak besapean harturik datorkigu. Disko azalez horniturik datorren lanak, dena den, Iban Zalduaren beti-betiko egitekoa dakarkio irakurleari: ipuina. Musikaz blai izanagatik ere.
Eite bereziko liburua, bilduma estandarrean ageriagatik ere.
Horixe nahi nuen, diskoaren itxura gogoraraziko zuen liburua, irudiak ere izango zituena, diskoen azalak bilduz, alegia. Erein argitaletxera ideia eraman nuen, onartu zidaten, eta horrela argitaratu dute liburua. Gisa honetako lana ohiko bildumatik kanpo ateratzea ere bazegoen, uste nuen sail bereziren batean argitaratuko zutela, eta on eta txarrak ditu horrek, baina ohiko literatura sailean ikusi du argia azkenean, eta ez zait gaizki iruditzen, liburu hau, azken finean, ipuin bilduma da-eta, askoren artean bat.
Ipuin liburua da, beraz, Biodiskografiak?
Bai, ipuinak, ez musikari buruzko lan bat. Hori egin nahi izan banu, beste disko batzuk aukeratuko nituen, lan osoagoa izango zen, pop anglosaxoiaren inguruko aukera zabal eta osoagoa, dudarik gabe. Esaterako, horretan ari naiz oraintxe Nabarra aldizkarian. Han, hilero hiru disko aukeratzen ditut, batasun tematiko baten arabera (dela dibortzioa, dela postpunka, dela…), eta testuok bai, musikari buruzkoak dira. Horiek bilduko banitu, musikaren inguruko entziklopedia nola-halako bat izango nuke, baina Biodiskografiak ez da horrelakoa. Bai, badu horren kutsua, musika eta pop taldeen inguruko liburuen zalea naizelako, era horretako liburuak erosi ere egiten ditudalako, bilduma egiten, eta baliteke nire lan honek horien antza izatea, baina horixe, antza, nik ipuinak idatzi nahi nituen-eta, horixe zen nire helburua, diskoetatik abiatu, eta ipuinak sortu. Ipuinak, bestalde, aukera ematen du generoen arteko hibridazioan jarduteko, saiakera ere egiteko tartean-tartean. Horra The Sound-i buruzko testua, adibidez, non memoria pertsonala, taldearen bukaeraren historiarekin nahasten den. Asmo nagusia, dena den, fikzioa zen, ipuina.
“Diskoak, kaseteak, eta beste zenbait oroitzapen faltsu”. Benetan faltsu? Autobiografiatik ere badu lan honek…
Bai, nire ipuingintzaren parte handi batek bezala. Horretan ez da nire aurreko lanetatik askorik urruntzen. Autobiografikoago idazteko asmoa izaten dut askotan, baina gero, fikziora jotzen dut beti, ez naizelako nire memoriaz fidatzen. Izan ere, memoriak, berez, horixe egiten du, iragana aldatu. Eta horregatik da autobiografia, izan, fikzioaren adarra, neurri batean. Ipuinak, berriz, memoriak autobiografiari eragiten dizkion aldaketak lasai erabiltzeko modua eskaintzen dit. Autobiografia zehatz bat egiten ez naiz ausartzen. Lan horrek, kontraste eta dokumentazio lan handia egitera behartuko ninduke, lagun eta ezagunei galdetzera eta beste. Badut horren inguruko kezka, eta horretaz ari naiz The Sounden ipuinean, ez alferrik du izena Memoriaren hutsak… Horretan ari naiz nire fikzio lan guztietan. Bestalde, nire bizitza ere ez zait, bere horretan, biziki interesgarria iruditzen. Interesgarriagoa zait hura aldatzea. Eta pistak borratu, bide batez esanda…
Musikariari galdetu eta batak esango du: “Musika da lehenengo”. Besteak: “Hitza da lehen”. Zure liburuan zeinek agintzen du?
Diskoak. Kasu gehiago egiten diot musikari, delako musikak nire barruan eragiten duen sentimenduari. Egia da, batzuetan, letrak ere agintzen duela bidea, zer idatzi erakutsi didala. Nola den kanta. Askotan, biak batera datoz. Seguru nago, zenbait kantaren hitzak, hitzak soilik, ez liratekeela gauza handia izango musikarik ez balute. Pop kanta askoren letrak nahiko ergelak dira, berez. Poema bezala ezin saldu, gehienetan. Musikak salbatzen ditu. Bada hor misterio franko, ezin jakin zergatik hunkitzen gaituen kanta jakin batek. Musika eta hitzak batera datozela esan beharko nuke.
Uste nuena baino gizarte kritika handiagoa dago zuk aukeratu dituzun diskoetako hitzetan, bai eta ipuinetan bertan ere.
Baliteke. Ez da debaldekoa Beatlesen Revolver albumarekin hastea liburua. Pop musikan arinkeriak agintzen zuen garaian sortutako diskoa da, baina Beatlesek, ordu arteko arrakasta baliatuz, pop-aren eta rock and rollaren barruan maila bat gora egitea pentsatu zuten, eta Revolver eman zuten, Rubber Soul eta Sgt. Pepper’s-ekin batera. Horregatik jarri dut liburu sarrerako aipua ere, Radioheadeko kantari Thom Yorkerena: “Ez dut sekula sinetsi izan pop musika zabor eskapista denik. Beti dago iluntasun moduko bat bertan, are pop musika distiratsuenaren baitan”. Ez da beti gertatzen, baina Beatlesen ondotik, gero eta maizago gertatu da. Denetarik dago. Radioheadek berak oso musika intelektuala egiten duela esango nuke, haien hitzak irakurri besterik ez dago.
Pop musika ihesbide ez, diozu, eta zure ipuinak ere ez. Bada hor botere kritika, maitasun hautsia, heriotza eta suizidioa, lagunen
galera…
Bai, bai… Azken finean, nire bizitzako soinu-banda da liburu hau. Hein batean! Nire bizitzan disko gehiago daude, jakina, hogeita hemezortzi hauek ez ezik, eta bizitzan zer horiek guztiak daude. Baina gainerako liburuetan ere ageri dira gai horiek, obsesio batzuk etengabe errepikatzen dira. Liburu honetan abiapuntua da ezberdina, ez emaitza… Nire esperantza da, hala ere, beti aurrekoan baino hobeto idaztea. Hori izaten da nire asmoa. Irakurleak esan beharko du lortzen dudan…
Hasteko, zurekin dituzu bi irakurle, liburuaren hitzaurrea egin duen Fermin Etxegoien, hitzatzea egin dizun Mikel Hernandez Abaitua.
Bai, suertea izan dut alde horretatik; aurkezpenean, gainera, Beñat Sarasola izan nuen ondoan. Inguruan harrera ona izan du liburuak, baina, badakizu, batzuk adiskideak dira, eta zure obrari dagokionean, adiskideez ezin guztiz fidatu, amaz edo amonaz bezala.
Anjel Lertxundiri berrikitan irakurri diot itun bat sortu behar dela idazlearen eta irakurlearen artean. Lurralde komun bat, diot nik, non bien gogoek bat egingo duten. Biodiskografiak honen kasuan, nola josi idazle-irakurleen nahiak, pop anglosaxoia arrotz zaion irakurleari?
Zailtasun gehigarria da hori, kontziente naiz. Baina ipuin konbentzionaletan ere gertatzen da irakurle jakin bati idazlearen obsesiorik ez interesatzea. Nire irakurle multzoa mugatua da, berez. Guztientzat idazten saiatzen naiz, baina badakit ez naizela zenbait jenderengana helduko. Gustu eta interes ezberdinak, besterik ez. Liburu honi dagokionez, errazago helduko naiz bertan ageri den pop musika ezagutzen duenarengana, ezagutzen ez duenarengana baino. Ezagutzen dutenek plazer gehigarria izango dute, akaso. Berdin gertatzen zait hemengo kontuez gaztelaniaz idazten dudanean: interesatuko al zaio Almeriako irakurle bati? Baina arriskatu beharra dago, eta idatzi, handicap eta muga guztiak gorabehera. Ipuinok nahikoa indar dutela uste dut, dena delako irakurleak irakurtzeko modukoak dira. Esperantza dut, hala ere, ohiko ipuin liburua irakurriko ez lukeen irakurleak ere irakurtzea lan hau, musikaren amua irentsita: hor agian badago publiko bat nire “ohiko” literatur lanetara iristen ez dena, erakarrita senti daitekeena… Baina auskalo.
Eta berrogeitaka diskotan, bat, bakarra, euskarazkoa: Itoizen Alkolea.
Nire hezkuntza sentimentalari lotuta dator hori, musika anglosaxoiari, alegia. Eta, zehatzago, “uharteetakoa”, britainiarra. AEBetako oso musika gutxi da liburuan. Entzuten nuen euskal musika, eta entzuten dut, baina lan honetarako, Itoiz ageri da, ez besterik. Momentuan entzuten ari nintzen musikatik edan dut ipuinok idazteko, eta anglosaxoia gehiago entzuten dudanez, hortik jo dut. Itoiz? Ezinbestekoa nuen. Pop-aren inguruan eratua dudan unibertsoan leku inportantea du Itoizek. Eta urtea joan eta urtea etorri musika entzunez, Itoiz disko-jogailuan jartzea ere tokatzen da. Bestalde, 80ko hamarkadako euskal musikan, “Rock Radikal Vasco” delakoaren eztandarekin-eta, gehiago ziren rock taldeak, pop-ekoak baino…
Ziburuko Azokaren seigarren edizioa iraganen da larunbatean Ziburuko plazan. 33 argitaletxe, 10 diskoetxe, 39 idazle eta 111 berritasun, uzta ederra izanen dugu aurtengoan ere.
Hamabost urte inguruko lau surflari israeldarren parte hartzea zela eta, hainbat eragilek protesta egin eta Groseko Surf Indarrak elkarteak lehiaketan ez parte hartzea erabaki du. Waxdayz jaialdiaren antolatzaileek ere surflari israeldarrak kaleratzea eskatu die WSL World Surf... [+]
Ainararen aurkako epaiketa dela eta, Bilboko Epaitegiarekin aurrean elkartu dira Manteroekin bat! plataforma eta bertaratutakoak poliziaren gehiegikerien eta egiturazko arrazakeriaren aurrean, elkartasunez antolatuko direla aldarrikatzeko.
Munduko gatazka ugariak kontatzera ohituta, oraingoan bere gatazka propioari jarri dizkio berbak Ebbaba Hameidak (Tindufeko errefuxiatu guneak, 1992) bere lehen eleberrian: Flores de papel (Paperezko loreak) (Peninsula, 2025). Hiru belaunalditako emakume banaren istorioak... [+]
San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.
Iaz ezagutu nuen Hana Zjakic, Bollotomaseko bertso-saioaren aurretik mahai-buelta berean suertatuta. Ingelesez egin behar niola aipatu zidaten. Eta ni, orduan, kezkatu egin nintzen, ea saioan bertan inor arituko ote zitzaion xuxurlari. Lasai egoteko esan zidan berak, lehenago... [+]
Canfranc (Huesca, Espainia), 1940ko ekaina. Charles De Gaulle jenerala buru zuen Londresko Frantzia Askearen gobernuak erabaki baten berri eman zion Albert Le Lay Canfranceko nazioarteko tren geltokiko Frantziako aduanako arduradunari: bere postuan geratu behar zuen. Ez zirudien... [+]
Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]
Osasungintzako 501 langilek bat egin dute zortzi eskaera zehatz dituen manifestuarekin. Helburua, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatzea, “edonon eta edonoiz, maila guztietan eta ahoz zein idatzizko harremanetan”.
“Hauxe titulu bitxia” erranen du aspaldian leitzen nauen ARGIAko irakurleak. Jakingo du halaber Stanley Kubrick zinegilearen azken filmaren zale amorratua naizela. Horrek hura esplika dezake. Funtsean, begiak zabal itxita begiratzen diogu munduari, bereziki Gazako... [+]
Badirudi Europar Batasuna eskalada beliko betean sartu dela. Munduaren ordena geopolitikoa kolokan dabil eta Europak bertan zuen pribilegiozko lekua galtzeko arriskua ikusi du. Autonomia estrategikoaren lemapean, beste neurri askoren artean, industria armamentistikoa... [+]
Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren. Euzkadi egunkariko orrialdeetan maiz irakur zitezkeen sozialisten kontrako diatribak. Harritzekoak ere ez ziren erasook, egia esan, egunkari sozialistetan... [+]