Euskaltzale independentisten topaketak antolatuko ditu udazkenerako EHE-k

  • Euskaltzale eta independentistek elkarrekin hausnartzeko eta Euskararen Errepublika eratzeko helburuz, bi egunetako topagunea antolatuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE). Data eta leku zehatzak aurrerago iragarriko dituzte. Antolakuntzarako lehen bilkura irekia egingo dute datorren larunbatean, 10:00etan Senpereko Larraldean.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak I. Euskaltzale Independentisten Topaketa antolatuko du udazkenean.

2023ko urtarrilaren 18an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:51

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak I. Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatuko ditu udazkenean, asteburu batez formakuntzarako, hausnarketarako eta aisialdirako parada. "Norberak bere bidetik egindako bideak elkar banatu eta denen artean aurrera begira jartzeko" topagunea izatea espero du elkarteak. Data eta leku zehatza aurrerago jakinaraziko dituzte.

Euskararen Errepublika eratzeko borondatea dutenen topagune izan asmo du EHEk lehenengo topaketetarako: "Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuak izateko ezinbestekoa da Euskal Herriaren independentzia", aldarrikatu dute.

Topaketetan hausnartu asmo dute, besteak beste, euskararen aldeko borrokan nola elkar elikatu intersekzio ikuspuntutik

Ildo horretatik, udazkeneko topaketarako ondorengo hausnarketa gaiak proposatu dituzte: independentzia prozesuari euskalgintzatik zein ekarpen egin, eta zein eskakizun; Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean dauden zailtasunei nola aurre egin; euskararen aldeko mugimenduak dituen indarguneak nola baliatu; euskalgintzako eragileen arteko adostasunak Euskararen Errepublikaren bidean egin dezakeen ekarpena; euskararen aldeko borroka intersekzioaren ikuspegitik nola landu, eta elkar elikatzeko aukerez hausnartu; eta abar.

Lehen bilera irekia larunbatean, Senperen

Horretarako, Euskal Herriko hizlariak zein euskalgintzako zein beste mugimendutako kideak gonbidatuko ditu EHEk. Egitaraua aurrerago ezagutaraziko dute, data eta leku zehatzekin batera. Topaketen antolakuntzarako, Komunitate Bilkurak egin asmo dituzte, eta lehena datorren larunbatean izango da, hilak 21, Senpereko Larraldean 10:00etan. Joateko asmoa duenak aurrez abisatu dezan eskatu dute, ehe@ehe.eus helbidera idatziz.

Pandemia garaian EHEk hausnarketarako parada hartu du, eta Astindu prozesuaren ostean, lan ildo berriei eutsi diete: besteak beste, gazte belaunaldiak euskararen borrokara batzeko lan egitea, edota euskalgintzako gainerako eragileekin batera hizkuntza politiketan eragiteko egitasmoetan parte hartzea eta horiek sustatzea.

Helburu horietarako tresna garrantzitsutzat jotzen dituzte aurten estreinatuko diren topaketak, eta bi urtean behin egitea aurreikusten dute.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herrian Euskaraz
2023-03-09 | ARGIA
Euskalgintzak eta burujabetzaren aldeko mugimenduak elkar nola elikatu dezaketen aztertuko dute Donostian

Txillardegiren “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz” esaldi ezaguna abiapuntu hartuta, bi “mundu” horiek, euskara eta burujabetza, elkarrizketan jartzeko bi mahai-inguru antolatu ditu EHEk, Txillardegi Udal Liburutegia Herri... [+]


EHEk "egia, aitortza, erreparazioa" zikloa antolatu du Baionan, euskaldunek pairatutako jazarpenaz

Euskal Herrian Euskarazeko kideek "egia, aitortza, erreparazioa" emanaldi eta solasaldi zikloa antolatu dute datorren otsailaren 24rako Baionan, Kalostrape ostatuan.


Eguneraketa berriak daude