Energiaren sektorea herritarren esku jartzeko ekimen lokal eta parte-hartzailea da I-Ener. Panel fotovoltaikoen bidez elektrizitate “garbia” sortu eta Ipar Euskal Herrian autonomia energetikoa lortzeko helburua dute. Patxi Bergara eta Mathieu Idiartek proiektuari buruzko xehetasunak eman dituzte Euskal Irrati-etan.
“Frantzian kontsumitzen den elektrizitatearen %80 nuklearra da”, azaldu dutenez. Horrek ondorio ekologiko eta sozial larriak dituela salatu dute: “Zentralek uranioa behar dute funtzionatzeko. Uranioa Afrikatik ateratzen dute. Ur asko erabiltzen dute horretarako eta bertako herritarrei ez zaie nahikoa gelditzen. Modelo hori jasangaitza da”.
Esku artean duten proiektua panel fotovoltaikoak instalatzean datza, elektrizitatea sortu eta saltzeko. Herriko Etxe eta laborariekin harremanetan jarri dira jada, panelak beren teilatuetan instalatzeko.
Proiektua bi fasetan banatu dute. Lehenik, kapitala lortu beharra dago: “Herritarren eta enpresen bila joango gara hau zergatik egiten dugun eta beraien beharra dugula esplikatuz”. 60.000 euro behar dituzte lehenengo urtean, eta sortu nahi duten zentralak 150.000 euro kostatzen du. Helburu lorgarria dela uste dute: “Denek pixka bat ematen badute ez da asko”.
Bigarren fasean lortutako dirua inbestituko dute. “Gure lehenengo ideia panel fotovoltaikoak instalatzea da, merkeena delako”. Elektrizitate garbia sortuko dute horrela. Gainera, banatzaileek legez elektrizitate hori erostera behartuta daudela jakinarazi dute, bertan ekoiztua delako. “Energia autonomiaren lehenengo urratsa izango da hori”.
Dena dela, gaur egungo lehentasuna proiektua aurrera eramateko lantaldea handitzea dela azaldu dute. Kaptazioarekin hasteko 40 pertsona inguru behar dituztela aurreikusten dute, eta 2015. urteko urtarrilean hasi nahi dute instalazioa egiten.