Hurrengo krisia, gero eta hurbilago

  • EAEko adierazle makroekonomikoen joerak familien konfiantza murriztu du. Kapitalismoak bultzatzen duen ekonomia kolaboratiboa aztertu dugu. Lander Arretxea Argiako kazetariak musikarien sindikatua elkarrizketatu du.

(Argazkia: Gaelx)
Koiuntura

EAEko ekonomia moteltze-prozesu batean murgildu da

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak azaroko txostena argitaratu du. Berri nagusien artean ekonomiaren desazelerazioaren baieztapena eta magnitude markoekonomikoen okertze orokorra nabarmendu ditzakegu.

Barne Produktu Gordinaren datuak aztertuz, argi dago lehen hiruhilekoko datua oinarritzat hartzen badugu, magnitude honen jaitsiera nabarmena izan dela: urte hasieran %3,1ekoa bazen ere, hirugarren hiruhilekoan %2,6koa izan da, puntu erdi txikiagoa. Azken hiru urteetako ikuspuntua hartzen badugu, 2014-2015 ikasturtean hasi zen ekonomia ziklo gorakorraren amaiera argi ikusten da, grafikan ikus daitekeen moduan.

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

Honen ondorio zuzena ekonomi-krisia berriro bueltatzea izango da eta, datuen arabera, ziklo beherakorra indartzeko bidean izan daiteke.

Enpleguaren aldetik, txostenak azken urtean Euskal Autonomia Erkidegoan 18,000 lanpostu sortu direla aipatzen du; hala ere, urte hasieratik honen joera beherakorra da. 2019 urterako aurreikuspenen arabera enpleguaren sorrera motelduz joango da, 2018ko azken hiruhilekoaren %2ko tasatik 2019ko abenduko %1,2ko tasara pasatuz, larritzekoa dena. Gainera, datuek ez dute ezer ere esaten enpleguaren kalitateari buruz.

2019ko aurreikuspen makroekonomikoekin jarraituz, txosteneko taulan hainbat magnituderen eboluzioa adierazten da. Begi-kolpe batekin argi ikusten dugu zein den joera nagusia: okerrera joatea. Sektore ekonomiko guztien joera bera da, nekazaritzarena izan ezik; egoera gehien pairatuko duten sektoreak industria (puntu bateko murrizpena) eta eraikuntza dira. Jaurlaritzaren ekonomia apustuek indarra galduko dute: kanpo eskaria, hau da, esportazioak, oso txarto ibiliko dira eta zerbitzu-sektorea, urte hauetako hazkundearen bultzatzailea, makalduko da baita. Egoera hau ez da EAEkoa soilik, Eurogunean ere antzekoa da.

Aurreikuspenak. 2018ko iraila. Urte arteko aldakuntza tasak

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

Txostenak aztertzen duen beste elementu bat familien konfiantza da. Laboral Kutxa finantza-erakundearen datuen arabera, 2018ko hirugarren hiruhilekoan konfiantzak zertxobait okerrera egin du, taulan ikus daitekeen moduan. Familien iritziz, enpleguak eta egoera ekonomikoak hobera egiten jarraituko dute, baina hazkunde honekiko itxaropena asko murriztu da. Beste elementu guztiek (familien ekonomiak, aurrezteko ahalmenak, prezioen bilakaerak...) okerrera egingo dutela uste dute.

Ekonomia eragileen konfiantza

Iturria: Laboral Kutxa / Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

Txostena esaldi batean laburbiltzen badugu, Errezesio Handitik atera eta beste krisi batean murgiltzeko bidea hartzen ari gara, zauriak osatzeko denborarik izan gabe. Ba al dago datorren krisia saihesteko modurik?

Lanaren Ekonomia Bilbo Hiria irratian. Lotura hemen.

Egitura

Ekonomia kolaboratiboa, garai berriaren azken kartutxoa

Kapitalismoaren izaera guztiz ezegonkorra da. Argi geratu da azken urteetan bizi izan ditugun ekoizpen eta lan harremanen gorabeherak ikusita. Krisiak sistema kapitalistaren ezinbesteko gertakariak dira. Produktibitate baxuko jarduerak eta enpresak desagerrarazteko eta langileen soldatak murrizteko izan dira beti krisiak. Mundu Gerren osteko “kapitalismoaren urte loriatsua” berriro errepikatu ez dela egiaztatu dugu azken mende erdi neoliberal honetan. Beherazko etekin tasak eta lurraren muga biofisikoak inposatutako egoera zahar-berri baten aurrean gaude, eta erantzun politiko global egokiak ematean asmatzea da usteltze ekonomikoa eta ekologikoa saihesteko dugun bide bakarra.

Kontrako bidea hartu dute Euskalerriko eta Europako agintari eta enpresari korporatiboek. Milioika enpresa eta lanpostu suntsitu dituzte, bukatzear dagoen “hamarkada galduan”. Austeritatea inposatuz eta langileen errentak jaitsiz, susperraldia deitzen duten testuinguru berria profitatu dute. Gauzatu dituzten lan erreforma, pentsioen eta beste politika sozialen murrizketa eta, oro har, enpresa-etekinak deszergapetzeko neurriak egokitzat hartzen dute egungo agintariek, beraien morroi diren komunikabideen laguntzarekin. Epe laburrera bere ezegokitasuna erakutsiko duen bide oker horrek ondorio latzak ditu ekoizpen eta lan harremanetan. Ondorio horiek enpresa kudeaketa eredu berrien bidez gauzatzen dira.

Horienen artean berriena dugu “enpresa kolaboratiboa” bezala izendatu dena. “Txiroek lan egiten dute, klase ertain eta aberatsek ibilbide profesional bat egiten dute” gogoratzen digu lan berrosaketa horren inguruko ikerketa egiten dabilen Irati Mogollonek. “Errendimenduaren gizartea” liburuak azpimarratzen duen eran, garai bateko eskubide eta berme fordistak etengabeko beherakadan dauden aroan aldi baterako, azpikontratatu edo autonomoak diren langileak trepa kultura berekoian murgildu behar dira. Blablacar, Uber, Airbnb eta Deliveroo dira gure artean ezagunenak, baina mundu osoan plataforma kontinental erraldoien bidez hedatzen ari den lan harreman eredu berri baten aurrean gaude.

Ezinbestekoa da langileen aldeko erantzun politiko bat ematea, lehia ezegokia saihesteko neurrien eta berme sozialak ezarriko dituen erregulazio zehatzen bidez. Langile esplotatuen esparru juridikoa enpresari eta merkataritza-lehia artifiziala izatea ez da bidezkoa, eta “kapitalik gabeko ekintzaile ahul eta zorpetutakoen” arazoari erantzun kolektiboa eman behar diogu. Enpresa kolaboratiboei eta, oro ha, kapitalismo digital eta eguneroko bizitzaren merkatuan infiltratuak ditugun Amazon, Google, Facebook eta abarreko enpresa globalei jokalekua murrizteko neurriak ezarri behar ditugu. Epe laburreko ezinbesteko betebeharra da, kapitalismoak ezarritako jokabide berriak atzera-buelta izateko berandu izan baino lehen.

Halan gertatu da Bartzelonan, non Udaletxeak Airbnb-k eskainitako hainbeste pisu ilegalak desaktibatzera behartu du. Uber eta taxisten arteko liskarra, edo Deliveroo jatetxeen etxez-etxeko banaketa langileen grebak izan dira eremu honetan azaleratu diren gatazka nagusiak. Arazoa enpresa gutxi batzuetatik haratago doa, merkatu ekonomiak desarautu eta izaera berriak hartzen dituen turbokapitalismoaren garai honetan. Traficantes de Sueños argitaletxe eta kolektiboak urteak daramatza eraldaketa horien azterketa egiten. Adibidez, 2003n Bifok zera esaten zuen : "Formakuntza altuko milioika langile urduritasun larria baldintzetan lan egitea onartu dute, esplotazio bortitza egoeretan, soldata oso baxuekin gainera. Langileek beren buruak norberaren enpresari moduan irudikatzen dituzte, eta etengabeko lehiakortasuna bizitzaren legea bihurtu dute" (10). Urteak igaro dira, eta gero eta gehiago igortzen dute mezu hori agintari jeltzaleek, erakunde publiko zein pribatuen bidezko kanpainak eginez.

Arazoa ez da bakarrik langile horiek jasaten duten esplotazioa. Gero eta bizkorrago gertatzen den gizarte osoaren eraldaketa-prozesu baten atarian gaude, belaunaldi berrien bidez aplikatzen dena, batez ere. Aurkako borroka orokor bat aktibatu ezinean, kapitalismoaren erreforma bat bizitzen ari gara. Cristina Morinik Traficantes de Sueños-eko beste liburu batean aztertzen duen moduan “epe laburreko, denbora partzialeko eta aldizkako kontratuak orokortzen direnean (beka, praktika eta jarraipen gabeko kolaborazioak barne), harreman eta formakuntza prozesuek ezingo dute beharrezko heldutasuna eskuratu, esperientzia maila bat hartzen lagundu, eta horrek lehiakortasunaren gakoa den produktibitate soziala murrizteko joera ekartzen du” (35). Bide okerra da gaurko agintariena, eta enpresa munduko ardurak politikoki berreskuratzeko urratsa ematen ez dugun bitartean, okerrera jarraituko dugu.

Argia

SMAC: Kataluniako musikari aktibisten sindikatua

Musikaria eta sindikalista izatea bateraezinak dira? Ez al dira bohemioak eta indibidualistak? Lander Arretxea, Argiako kazetariak, SMAC Kataluniako Musikari Aktibisten Sindikatua elkarrizketatu du.

Kataluniako musikari hauek oinarrizkoak bezain ez-ohikoak diren baldintzak aldarrikatzeko, euren eskubideak, batez ere kontratatuak izateko eskubidea defendatzeko, elkartu dira. Hori lortzeko, euren burua langile klaseko giza identifikatu dute eta hobekuntzak lortzeko klase sindikatu bat osatzea izan da honen ondorio logikoa. Makrofestibalak, egileen eskubideak, erakunde publikoen papera... elementu hauen inguruan hitz egin dute.

Asteko Sindikalagenda
  • Erandioko Loramendi Nagusien Egoitzako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Greba mugagabean daude (ELA, LAB, UGT)
  • Bilboko NH eta Barceló Nervión hoteletako gelazainak azaroaren 2tik greba mugagabean daude. (ELA)
  • SATSE Osasun arreta segurua eta kalitatezkoa legez bermatzeko sinadura bilketa hasi da, guztira, 500.000 sinadura lortu behar ditu Estatu osoan Herri Ekimen Legegileak Diputatuen Kongresura heltzeko.
  • Bizkaibuseko langileek greba egin dute; azaroaren 29an ere geldialdia egingo dute enpresek lan hitzarmen kolektiboa negoziatu nahi ez izanez gero (UGT, ELA)
  • Gipuzkoako erresidentzietan paroak: bost egunetako greba 26, 27, 28, 29, eta 30erako. Sanmarkosene nagusien egoitzan egunero elkarretaratzeak egiten ari dira, goizeko 10:30etatik 12ak arte eta arratsaldeko 17:00etatik 18:30ak arte (ELA, ESK)
  • Gizarte Ekimeneko sektorean greba deituta dago azaroaren 27-28-29-30erako (UGT, CCOO, STEILAS, LAB, ELA)
  • Gaur, garbialdiko langileek Bizkaiko Foru Aldundi-etxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute, goizeko 11etan. Asteartean, garbialdiko langileek Bizkaiko Foru Aldundi-etxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute, goizeko 11etan (ESK)
  • Pandako langileek asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte, Miribilla Eraikinaren aurrean (Bilbo), goizeko 11:30etan. (LAB, CNT)
  • Azaroaren 29an STEILAS elkarretaratzea egingo du Bilbon, Bizkaia Aretoaren sarreran. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren dimisioa eskatuko dute, Alarde baztertzailearekin daukan harremana dela eta.
  • La Naval enpresaren itxiera dela eta, abenduaren 1ean manifestazio erraldoia egingo dute Bilbon
  • Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek abenduaren 1ean geldialdiak egingo dituzte Donostian (Bitartekariak Martxan)
  • Bilbobusen lanuzteak egiten hasiko dira abenduaren 3an, San Tomas egunerako 24 ordutako grebara heldu arte.
  • Bukatzeko, gogorarazi behar dugu baita Gipuzkoako Komisaldegi eta Epaitegietako garbitzaileen greba mugagabea, egunero elkarretaratzeak egiten ari baitira (ELA, LAB, UGT, ESK)
Albiste hau Hordagok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude