"Hor ibili behar du kazetariak, alarmismoaren eta alarma jotzearen artean"

  • ARGIA astekariko Net Hurbil saila osatzen aritu da hogei urtez Pello Zubiria, nazioarteko borroka, alternatiba, gatazka, gehiegikeria, herri-ekimen eta irakurketa mamitsuak gurera ekartzen. Kasik mila erreportaje. Historia global eta hurbileko gakoak azaltzeko, gaur egungoa ulertzeko eta gerorako ondorioak ateratzeko balio dutelakoan, 63 aukeratu eta liburu bihurtu ditu ARGIAk.  Planeta prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak inprimategitik atera berri, Net Hurbil-az eta kazetaritzaz solastatzeko tartea hartu dugu. Eta erretretarako bidean sarturik dela, pareko kazetariak arreta eta plazer handiz entzun dizkio kontseilu eta gogoetak –nahiz eta Zubiria den pertsona xume hori "ez ausartu besteei esatera zer egin behar duten"–.

Dani Blanco

2023ko urriaren 30an - 12:36
Azken eguneraketa: 17:18

Hasteko aitortu dezagun liburu bat osatzeko ideiak bertigoa ere eman dizula. Ez zen baitezpada zure biziko helburuetan liburu bat plazaratzea.

Asteroko artikulu bat egiten duenak buruan dauka astekoa soluzionatzea eta ez liburu bat egitea. Nire kasuan behintzat, liburu bat egitea ukan banu buruan ez nuen egingo. Adibide bat jartzeko, badaukat aspaldiko blog bat diagnostikatutako ene artritisari buruz –www.izorrategi.org– eta ez dut sekulan liburu bihurtu. Ez naiz liburuak idazteko gizona. Orduan, artikulu horien bilduma osatzea deliberatzen dutenean zure lankideek, bai ematen dizula bertigoa. Pentsatzen duzu honek soportatuko du hamabost urte beranduagoko irakurketa? Guk egiten dugu beste prentsa eta iturrien galbaheketa eta orain nireek galbaheketa hori soportatuko dute? Baina, bueno, poza ere ematen dizu, lankideek opari handi hori egiten dizutelako.

Planeta prekarioan. XX. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak. Titularra nola bururatu zitzaizun?

Lantaldekoek esan zenidaten komeni zela ez izatea Net Hurbil eta logika badu. Orduan ibili ginen elgarrekin itzuli-mitzuli eta iritsi ginen horretara, hitz jokoak eginez. Normalki tituluekin kazetariok egiten duguna da hitz jokoen hori –beti egin beharko genukeena, batzuetan egiten ez duguna, baina beti-beti-beti egin beharko genukeena–. Batetik, planeta munduko gaiak tratatzen dituztelako Net Hurbil-ek; bere ikuspegi eta osagai diferenteekin, dela krisi klimatikoa, prekaritatea, geopolitika, osasuna, pandemiak, biodibertsitatea... Prekarioan, hitz erakargarria delako. Langilea eta jende xehea bizi da prekaritatean geroz eta gehiago –horretaz azken urteetan hitz egiten dugu nahiz eta prekaritatea aspaldikoa den–. Orain hitz horrek balio dezake planetarentzat ere. Azpititularrak pixka bat borobiltzen du esanahia, XXI. mendeko krisien eta erresistentzien kronikak ere direlako liburuan.

Nolako herritarra zara planeta prekario horretan? Planetak hartzen ari duen norabideari begira baikorra ala ezkorra zara?

Pentsatzen dut zahartu bezala ez dela baikorrago egiten. Hori da beste motiboetako bat pentsarazten didana adinarekin joan behar dugula esfera publikotik pixka bat aldentzen. Behintzat ene hautua hori da. Egia da zahartzearekin analisiak egiteko informazio gehiago duzula, jakinduria gehiago... baina beste aldetik, zure biologiaren preso ere bazara, gaztetan duzun indar hori ez duzu zahartzaroan eta ez duzu nahi zure pesimismoa edo zure mikaztasuna transmititu. Pentsatzen dut oso optimista ez naizela, baina aldi berean ikusten ditut jendeak borrokan, lanean, ahaleginean, beraz horiekin oso pozik nago.

“Neretzat ohore handia izan da bizitza profesionalki pasa ahal izatea ARGIA osatzen duen taldean”

20 urtez aritu zara Net Hurbil sailean, nonbait osagarri arazoek horretara eramanik.

Net Hurbil ez zen ideia jenial batetik sortu, eta ez dakit ideia jeniala ere baden, baina ez zitzaidan ideia jenial batetik sortu. Ni 2001 arte ari nintzen ARGIAko egituran beste lan batzuk egiten, gehiago zuzendaritzan, kudeaketan, eta erredaktatze lana ez nuen egiten. Baina askoz lehenago diagnostikatutako artitrisak eraso gogor bat egin zidan 2001ean. Anekdota bezala, 2001eko dorre bikien eraso hartan ni nintzen ohetik ia jeiki ezinik. Xabier Letonak, Ataxi-k, deitu zigun etxera, telebista aurrean ginenez eskatuz eta esanez azkar pizteko telebista. Han ikusi genuen lehen dorre bikia ketan eta zuzenean bigarren dorre bikia lehertzen. Garai hori zen. Munduaren geopolitikan eta mugimenduan oso gertakizun nabarmena izan zen eta horrek ere markatzen dizu.

Baina inportanteena da nik pasatu nuela denbora bat lanik egin gabe, ezin nuelako. X denbora pasa eta gero edo lanera bidaltzen zaituzte edo aitortzen dizute betirako pentsio bat. Hemen ez da erdi biderik, modu horretara funtzionatzen du, Frantziako Estatuan beste batera. Ni lanera igorri ninduten, esanez artikuluak idazteko eta ordenagailu baten aitzinean egoteko ez dudala kapazitatetik baina zuzendari izateko bai. Orduan inposatu zion tribunal batek zuzendari bat ARGIAri. Zorionez ARGIAko lankideek eman zidaten aukera geldialdia luzatu, osasuna berreskuratzen ahalegindu eta lanera pixkanaka itzultzeko. Nazioarteko partea pixka bat osatu nahi genuen eta hortik atera zen Net Hurbil. Esan behar da ARGIA interneten sartua zela, ni ere interneten asko mugitzen nintzela eta bueno, etxetik eta minak finkaturiko ordutegi berezietan lan egin behar zuen batentzako aukera ona ematen zuela Net Hurbil-ak. Horrela joan zen perfilatzen eta gero hartu zuen bere bidea, denborarekin beste pertsona bat sartu zen eta orain hiru zarete: Jenofa Berhokoirigoin, Nicolas Goñi eta Urko Apaolaza.

Dela Emaiguzu, Jauna, hondamendi bat ondo inbertitzeko, dela Guantanamon txoriek suizidatu egin nahi dute ala beste, badute estilo propioa zure titularrek. Sendi da titularrak garrantzia handia duela zure begietan.

1980ko hamarkadan ARGIA egiten zuen talde txiki hartako fruitu bat naiz. Buruz ari naiz baina Jose Mari Ostolaza, Joxemi Zumalabe, Josu Landa Iñaki Uria, beranduago Mikel Antza, Jon Barandi... talde hartan erredakzio lan bat, idazketa lan bat egiten zen eta bertsoak egiteko ere gai ginen, batzuk –gehienak– ni baino askoz idazle hobeak ziren, bertsotan ere batzuk ni baino hobeak ziren... eta hor dena kutsatzen da. Errutina batzuk hartzen dituzu, adibidez, titularrak izan behar du zerbait irakurlea harrapatuko duena, eta hor egiten dituzu dakizkizun hitz jokoak, batzuetan arriskatuz inkluso heresia batzuk egitera: euskaraz hau zuzena al da? Ez dakit xuxen-xuxena dagoen edo bortxatzen dugun pixka bat, baina, dena dela, irakurleak gelditu behar du hemen. Ariketa da irakurlea gurean geldiaraztea, titularrarekin jokatuz, sarreran ere amua ezarrita, argazkiarekin osatuz. Hori saiatu naiz egiten. Hori baino gehiago idazten ez dakit.

Iturriek ere badute garrantzia. Nola atzematen zenituen munduaren beste puntakoari buruzko iturri fidagarriak? Zerk egiten du iturri bat kalitatezkoa?

Hori da problemetariko bat. Ni nire buruaz ari naiz, baina pentsatzen dut Euskal Herrian ari garen kazetari guztiok daukagula desafio berdintsua: Gazako gertakizunez idazten dugu baina ze sinesgarritasun eta ze balio daukagu irakurlearen aurrean? Batek irakurtzen du La Vanguardia, besteak Berria, El Pais, Gara, Diario Vasco... Jenofak edo Pellok firmatzen duenak ze interes dauka? Irakurleek gu ezagutzen gaituzte eta ahal dugunarekin eta dakigunarekin saiatzen gara iturri ahalik eta onena kontrolatzen. Bakoitzak daki zein hedabide segitzen dituen eta Net Hurbil-ean horietan atzemandako bitxi onenak ekartzen saiatzen gara, guztia bi orritarako egokituz. Orduan iturriak aipatzea da minimo bat egin behar duguna. Norbaitek pentsatzen badu bere banitatea hobeto betetzen duela iturria ez aipatuta, hau da, “nik badakit Gazan momentu honetan geopolitikaren ikuspegitik...”, baina aber, zu zertara zatoz? Lehengo astean hitz egin didazu COVID-19ari buruz, aurrekoan ez dakit zertaz eta orain Gazaz. Askoz hobeto da erratea “begira, badago mediku bat halako lekuan” edo “halako analistak esaten du”. Iturriak aipatzeak ez digu meritua kentzen, izatekotan ematen digu balio bat.

“[Erreportajerako] iturriak aipatzeak ez digu meritua kentzen,alderantziz, izatekotan ematen digu balio bat”

Planeta prekarioan irakurriko duenari, gogorarazi nahi diet Net Hurbil guztiak ARGIAren interneteko artxiboan daudela; esan nahi baita, gai edo egitura edo pertsonaren batez gehiago jakin nahi balu, horietan dauzkala erabilitako iturriekiko loturak, urteekin baliogabetu ez direnak bederen.

Herri txiroen kanpo zorra europarron kontua ere bada izan zen zure lehen Net Hurbil-a. 20 urte pasa badira ere kanpo zorra beti hor da, eta are zorpetuago dira Hegoko herri pobreak. Nonbait hori ere du Planeta prekarioan bildumak, gaurkotasuna izaten segitzen dutela.

Neretzako kristoren poza da hori zuei entzutea, zeren beldur hori banuen: orain duela hogei urte idatzitakoak balioa badu? Balioren bat baldin badu erran nahi du hautatutako iturria ongi hautatu genuela. Badago ere bigarren tentsio puntu bat Net Hurbil-ean, ARGIAn eta uste dut denetan: denak balio du datorrena profetizatzeko ez, baina aurreikusteko? “Prospektiba” hitza asko erabiltzen zen garai batean… Adibidez, klima aldaketari buruz nora goaz? 1985ean, Larrun aldizkariaren bigarren zenbakiak azalean zeraman Ikerketa Globala 2000: XXI. menderako aurrikusi kezkagarriak eta honen barruan luze jorratu zen Erromako Klubaren The limits to Growth (“Hazkundearen mugak”) famatua, 1972an aurreikusi zituena gaur jada bizi ditugun krisiak, dela energiarena, biodibertsitatearena, ala klimarena. Horrek nere ustez irakurleari ematen dio sinesgarritasuna esateko komunikabide honek merezi duela, txikia izanik ere egiten duen lanak merezi duela. Beste batzuetan deskuidatzen zara, ez duzu iturri ona hautatzen, ez duzu ongi baloratzen edo ez da zuk espero zenuena. Hor ibili behar duzu alarmismoaren eta alarma jotzearen artean, mundu mailako jokoak analizatzearen eta konspirazionismoaren artean. Hori ez da terreno erraza eta seguru ez dudala beti asmatu eta zuek ere ez duzuela beti asmatu, baina hori da nire ustez kazetariok irakurleari eman behar dioguna.

Zeruko ARGIA, Euskaldunon Egunkaria, Larrun. Zabalagoa da zure kazetaritza esperientzia. Nola laburbiltzen dituzu ogibide horretan emandako urte guztiak?

Esango nuke ni naizela ARGIAko pertsona bat. Lantaldea eta proiektu kolektiboa lehenetsi izan da beti ARGIAn. Lehenago kolaborazio batzuk eginak nituen, baina 1981ean sartu nintzen, sekulako krisi baten erdian. Talde horren inguruan sortu ziren Antza inprimategia, lehen Apika eta orain Adur den informatika enpresa, Iametza… ibili naiz lanen bat egiten nire lankideak ibili diren bezala beste bat egiten eta nire laburpena hori da: hor ezagutu ditut beren lanean ni baino hobeak direnak, hau da, bada jendea egin dituenak irakurleak ezagutzen ez dituen ofiziozko lanak. Taldeko kide bakoitzari tokatzen zaigu ahalegintzea ematen besteek ematen duten bezainbeste. Autoexijentzia hori guk ukan dugu taldean, eta uste dut badaukazuela zuek ere bai. Elkarrekiko ere beti izan gara exijenteak, taldean egon behar delako zorroztasun minimo bat. Niretzako ohore handi bat izan da nire bizitza profesionalki pasa ahal izatea talde horretan.

“Bada frustrazioa ikustea [torturatu] egin gintuztenak han zeudela, han daudela eta gainera, berriz egiteko prest daudela”

Euskal Herrian kazetari izateagatik, euskarazko egunkari batean izateagatik atxilotu zintuzten zu ere 2003an. Atxilotu, torturatu eta ospitalean bukatu zenuen.

Hor ere batzuei egokitu zitzaigun. Ni azkenean ez ninduten epaitu, hasieratik garbi zegoen bezala ez nindutela ez auziperatu behar ere –arrazoi formalengatik hasita, ez da beste merituengatik–. Baina, bueno, hor egokitu zitzaidan. Banekien nolakoak diren guardia zibilak eta espainolak, ez zait ahaztu nolakoak diren eta ez dut ahaztu nahi. Ez da barkamen edo ez dakit zeren istorioa, ez-ez. Gelditzen zaizu frustrazio bat edo pena bat eta da hori gertatutakoan pentsatzen duzula Fukushiman –beste maila batean– gertatutakoarekin bezala, orain ikasiko dugula eta hau ez dela gehiago gertatuko. Egunkaria-koak “famosoak” gara, komatxoen tartean –eta euskal kulturaren munduan, gero tabernan eta karrikan inork ez zaituelako ezagutzen–. Baina, bueno, badugu gure fama txikia eta nolabait famarekin konpentsatu dugu egin zigutena. Baina gero oinezko herritar asko izan dira torturatuak eta gaizki tratatuak, lehendik eta gero. Bada frustrazioa ikustea hori egin zigutenak han zeudela, han daudela eta gainera berriz ere egiteko prest daudela. Hori eduki behar dugu buruan. Horrekin ez dut kritikatzen inongo politikarik, baina hori eduki behar dugu buruan. Horraino dakit.

Erretretarako bidean sarturik zarela, lekukoa utzi behar izan duzu. Nolakoa ikusten duzu gaur egungo kazetaritza eta kazetariok gaur egungo munduan daukagun ardura?

Sekula baino beharrezkoagoa. Egia da, kazetaritza izan baldin bada zure ofizioa –nahiz eta gero egin ditudan beste gauza asko– baita izan bada zure bizioa ere, orduan hortik apartatzen joatea bada pentsatzen dut heroinatik ateratzea bezala. Errutinak mantentzen dituzu, segitzen duzu lehengoko iturriei begira, gorputzak eskatzen dizu erredakziokoei ez dakit eta badakit zer esatea… eta ez, onartu behar duzu ia ez dela hori, beste situazio batean zaudela.

Pello Zubiria Kamino, liburua inprimatu duen Antza inprimategian. Argazkia: Dani Blanco

Ez naiz ausartzen besteei esatera zer egin behar duten, baina bai esaten dudana da herritarrak kazetariak behar dituela. Mundua dagoen bezala, momentu honetan sare sozialekin baina beti egon da horrela, handiak halako zalaparta antolatzen, handiek maneiaturiko agendarekin eta denetan ari garela handien agendaren arabera hitz egiten, orduan, horren erdian zerbait ezberdina eman behar zaie zerbait ezberdina nahi dutenei. Kazetariek eman behar diete beste zerbait, arrisku guztien artean ibiliz, panfletoaren eta analisi lodiegien artean ibiliz. Momentu honetan Gazarekin argi gelditzen ari da –igual elkarrizketa plazaratzerakoan gerra handiagoa hasia izango da, ez dakit–. Gazan kanpoko kazetaririk ez dago, eta alde batetik eta bestetik sekulako desoreka ageri da. Aparte desoreka, Mendebaldeko eta NATOko kide gisa –gu NATOko kide gara, gure nahiaren kontra baina NATOkoak gara– gu batzuen alde gaude: ez du berdin balio Kibbutz batean odol hotzean hil duten ume baten bideoak eta Gazan egunero hiltzen dituztenenak. Horrekin esan nahi dut kazetarien beharra handia dela eta arrisku horiek hartu behar dituztela, munduan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emateko. Beste analisiak, beste alternatibak ezagutu behar ditugu eta horretarako oso beharrezkoak ikusten ditut kazetariak, noski.

“Alternatiben eta superbibentziaren alde lan asko badago egitea erretretan ere”

Alternatibei dagokionez, Net Hurbil-ean usu aipatzen zenituen baratzeak. Zuk ere baduzu zurea. Segur baratzean pasako duzula erretretako denboraren parte handi bat.

Begira, Japonian, orain duela urte batzuk eta orain ere tarteka, batek aldarrikatzen zuen bizitza erdia X ofizioa eginez eta beste erdia baserritar bezala egitearena. Ez naiz sartuko hala egin behar den, ez den, baina, erretretan izan zaitezke erdi-erretretaduna eta erdi-baserritarra ez dut esango baina bai erdi-baratzezaina edo. Gauza asko daude egiteko, niretzat beharbada hurbilenekoa hori da: saiatzea familian daukagun lur bati ahalik eta janari gehien ateratzea eta aldi berean lur hori ahalik eta gehiena aberastea, biodibertsitate ahalik eta handiena izatea. Hori nire kasuan, baina beste erretretadun askok beste lanak egiten dituzte. Adibidez, ezagun batek esan zidan zertan ari zen eta bera justu da baratzearen beste aldean: ari da Gipuzkoako Elikadura Bankuarekin boluntario lana egiten, deitzen diotenean furgoneta hartu eta eramaten ditu janari paketeak zentraletik herrietara. Gero beste bat aurkitu dut Hernanin ari dena pakete horiek banatzen. Alternatiben eta superbibentziaren alde lan asko badago egitea erretretan ere.

Besterik baduzu gehitzeko?

Ia mila artikulu ditu Net Hurbil-ak eta galdetzen badidazue zergatik liburuan badoan artikulu hau edo bestea, azkenean hori dakitenak dira liburua egin dutenak, eta horiek dira Jenofa Berhokoirigoin, Urko Apaolaza, Jon Torner eta Lander Arbelaitz. Horiek izan dira artikulu guztiak prestatu, irakurri, baloratu, hautatu eta landu dituztenak. Lau izen horiek apuntatu zeren horiek dira liburu honen editoreak eta hori publikoki beti esango dut, badaezpada ere. Eta milesker denei. Esker berezia zor diet ere batetik mapa eta irudiak prestatu dituen Adur Larreari; eta bestetik Emilio Lopez Adan Beltza-ri aitzinsolasa idatzi duelako, Anuntxi Aranak lagunduta, seguru: estimatzen diot liburuko kronika guztiak goitik behera irakurri eta sarreran esan dituen hitz gozoak idatzi izana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude