“Hiru urtetan lau pediatra izan ditugu hiru osasun zentrotan, eskerrak semeak ez duen gaitz garrantzitsurik”

  • Pediatrarik gabe lau hilabete daramatza Gasteizko Alde Zaharra eta Errota auzoetako Osasun Zentroak. Gabeziak eta arazoak aspaldi hasi ziren, ordea. Maite Fernández de Labastida Amurrio Alde Zaharreko bizilaguna da, eta apirilean hiru urte beteko dituen Harkaitzen ama. Hainbat kexa aurkeztu ditu Osakidetzan denbora horretan, semearentzako eta herritarrentzako pediatria zerbitzu duina eskatuz. Auzoko osasun zentroaren, pediatria zerbitzuaren eta oro har Osakidetzaren egoera ezagutzeko bide zuzena da bere lekukotza.

Maite Fernández de Labastida Amurrio, Gasteizko Alde Zaharreko bere etxean. Argazkia: ARGIA

2024ko urtarrilaren 29an - 06:03
Azken eguneraketa: 15:11

Laster hiru urte beteko ditu zure semeak. Zein da zure esperientzia pediatria zerbitzuarekin?

Harkaitz jaio zenean bi pediatra zeuden Alde Zaharreko gure osasun zentroan, bat goizez eta bestea arratsaldez, nahiz eta biak lanaldi murriztuan zeuden. Arratsaldekoa egokitu ziguten, ni goizez aritzen naiz lanean beraz, ondo, eta pediatrarekin, Maríarekin, oso ondo. Baina hilabete batzuetara María beste leku batera mugitu zen, Osakidetzak erabaki zuen ez ordezkatzea, eta pediatrarik gabe geratu ginen. Orduan jarri nuen nire lehenbiziko kexa, eskatuz pediatra bat esleitzeko Harkaitzi: pediatra berria jarri ziguten, baina Olagibeleko Osasun Zentroan, ez gure auzokoan. Pediatra horrek lanaldiaren tarte bat egiten zuen osasun zentroan, eta beste bat larrialdietan, baina behintzat arreta bermatuta genuen. Jakina, uneoro pediatra erdaldunak.

Baina arazo berriak suertatu ziren, ezta?

Hilabete batzuetara, hitzordua eskatzean, jakin nuen pediatra horrek ere alde egin zuela. Bigarren kexa bat sartu nuen, semea pediatrarik gabe zegoela eta mesedez bat esleitzeko. Erantzun zidaten Harkaitzek bazuela pediatra, eta aldatu nahi banuen horretarako eskaera egin behar nuela propio. Jada ez zegoen pediatra horretaz ari ziren, ez sinestekoa. Erantzun horrekin nire osasun zentrora joan nintzen, eta esan zidaten justu bertako pediatrak kupoa irekia zuela eta nahi banuen bertan hartu zezaketela. Alde Zaharrera aldatu ginen berriz ere, hori bai goizez, ez dagoelako besterik. Berriz ere, mediku erdalduna.

Alde Zaharreko pediatra bakar horrek lau hilabete daramatza bajan eta ez dute ordezkatu.

Ez hori bakarrik. Esan didate gerta daitekeela alta hartu aurretik erretiroa hartzea, adineko gizona baita, eta hori gertatzekotan ziurrenik Osakidetzak ez duela ordezkatuko. Orain hitzordua eskatuz gero Olagibelera edo Aranbizkarra auzora bideratzen gaituzte.

Finean, jaio denetik Harkaitzek lau pediatra izan ditu hiru osasun zentrotan. Eskerrak ez duen izan gaitz garrantzitsurik, pediatra batek ere ez duelako tratatu jarraikortasunez.

"Ni kexak aurkeztearen aldeko naiz, baina erantzunak lotsagarriak izaten dira"

Hiru kexa sartu dituzu, laugarrena sartzear zaudela esan didazu.

Ni kexak aurkeztearen aldeko naiz, baina erantzunak lotsagarriak izaten dira. Beti dira erantzun burokratikoak erabat .

Osakidetzak dio pediatrarik ez dagoela, hori dela arazoa. Langile batzuek behintzat diote egon badaudela, baina ospitaletan ari direla lanean.

Nik ere entzun dut hori, pediatrek nahiago dutela ospitaletan egon lehen arretan baino, gehiago kobratzen dutelako eta gauza gehiago ikusi eta ikasteko toki aproposagoak direlako. Nire susmoa da askoz baldintza hobeak dituztela ospitaletan, soldata aldetik ez ezik baita lan-baldintza aldetik ere. Besteak beste, izugarria da lehen arretako medikuei kupoa nola ari dieten handitzen.

Pediatriako arazoak ez dira berriak, azken urteetan izan da protestarik auzoan.

Bi pediatratik batera pasatu ginenean mobilizazioa egin genuen auzokideok, eta aurretik auzoko eskolako guraso elkarteak ere egin zuen protestaren bat. Iragan urtean Gasteiz mailako agerraldia ere egin zen.

Ramón Bajo eskolan duzu haurra, hezkuntza komunitatean ardura dago pediatra falta dela eta?

Badakit aurreko astean gurasoen elkarteko bilerako puntu bat izan zela, eta pentsatzen ari direla kexak masiboki aurkezteko ekimenen bat. Baina modu batera edo bestera tarteka ateratzen den gaia da, ezinbestean.

"Ez dago pediatrarik" leloa errepikatzen dute Osakidetzako arduradunek, kontrolatu ezin den fenomeno meteorologikoa balitz bezala.

Orokorra da, Osakidetzan bezala hezkuntzan, esaterako. Hezkuntzako langileen kudeaketa arloan lan egin nuen garaian, oso agerikoa zen, adibidez, hizkuntza edo filosofia irakasleen premia handia zegoela aspalditik. Urte guzti hauetan, ez duzu egin inolako plangintzarik edo aurreikuspenik karrera horiek bultzatzeko? Medikuntzarekin, berdin.

"Premia baten aurrean, pribatura jotzera behartzen zaituzte. Pribatura bideratzen ari gaituzte"

Bestetik, baldin badakizu arazoak daudela lehen arretako postuak betetzeko, bilakatu plaza horiek erakargarriago, ezta? Bide ezberdinak egon daitezke: dirua, lan-orduak, lan-baldintzak... Baina horren ordez, zer egiten da? Eskakizunen langa jaitsi. Hezkuntzan, eman dezake euskara C2a duen edozein filologok, medikuntzan, atzerritik etorritakoak zuzenean hasi daitezke lanean, homologazio prozesurik gabe. Oso ondo. Baina orain arte zergatik ez zen hori posible? Baloratzen zelako ez zela egokia zerbitzuaren kalitateari begira. Horiek izan daitezke momentu jakin baterako salbuespeneko irtenbideak, baina begirada luzeagoa eta zabalagoa behar da. Zein da plana, atzerritik medikuak ekartzea? Edo hemengoek alde ez egitea? Edo biak batera?

Arazoa orokorra dela uste duzu?

Pediatriaz ari gara, baina lehen arreta osoa da, eta zerbitzu osoa, arazoa integrala da. Aste honetan kuadrillan hainbat egon dira gaixo, eta kontatzen zuten baja hartzeko zuzenean administratiboarekin hitz egin dutela, medikurik gabe tartean. Umea gaixo egon, pediatrak auskultatu, eta, "gripea du, larriago jartzen bada joan larrialdietara", eta listo. Kuadrillako beste bati barizeetako ebakuntza egin behar diote. Abenduan deitu zioten Osakidetzatik, ebakuntza zentro pribatu batean egiteko hitzordua emanez: "Ez, baina nik publikoan egin nahi dut"; "Baina badakizu publikotik pribatura desbideratzen ari garela...". Ez onartzekotan, gutxienez urte bete gehiago itxaron beharko luke. Edo nire aita, badaki ebakuntza egin beharko duela belaunean: Osakidetzatik eginda urte bat behintzat joango da jakin arte soilik ea ebakuntza egingo dioten edo ez. 80 urte ditu. Premia baten aurrean, pribatura jotzera behartzen zaituzte. Pribatura bideratzen ari gaituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Lehen arreta eta lan-baldintzak indartzeko premia

Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ospitaleak handitzeko, eta ESK sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.


Eguneraketa berriak daude