Hezkuntza sistema sozialista aldarrikatu dute ikasleek, martxoaren 20ko ikasle greban

  • Grebara jo dute bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek. Ikastetxeen ohiko jarduna gelditu eta kaleak hartu dituzte “negozioen eta inposizioen” hezkuntzaren kontra Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Goizeko aurreneko ordutik dozenaka lagun identifikatu dituzte hainbat campusetan, eta ikasle batzuk miatu ditu Poliziak Donostian, Bilbon eta Iruñean.

Argazkia: Ikasle Abertzaleak

2024ko martxoaren 20an - 15:32

Ikasle andana batu da Donostiako Boulevardean, eta Trinitate plazan egin dute amaierako ekitaldia. Ikasle Abertzaleakek esker hitzak izan ditu martxoaren 20an hezkuntza sistema sozialistaren defentsan kalera atera diren ikasleentzat: “Zorionak despolitizazioa eta desmobilizazioa nagusi diren garaiotan kikildu ordez, ikastetxez ikastetxe lanean eta borrokan aritu zareten guztioi”.

Ibai Berezibar eta June Eguino Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideak dira. Asteazkeneko protestak, hezkuntza eredua eraldatzeko bidean, pauso bat gehiago emateko ezinbesteko tresna izatea espero dutela adierazi diote ARGIAri. Izan ere, euren esanetan, egungo hezkuntza sistema “merkantilizatzen” ari da; “ikasleen kritikotasuna alboratu” eta “laneko konpetentziak” pisu handiagoa bereganatuta. Era berean, egungo hezkuntza “inposatzailea” dela salatu dute:  “Nola pentsatu eta jokatu behar dugun inposatzen digute, eta normatibitate horretatik irteten dena zigortua eta jazarria da”.

Horren aurretik, manifestazioan zehar ekintza ugari burutu dituzte, besteak beste, bankuak, enpresak eta higiezinen enpresak seinalatu dituzte. “Inposizioen hezkuntza borrokatu”, “enpresen esku hartzea gelditu”, “hezkuntza sistema sozialista”, eta “gora ikasle langileon borroka” izan dira gehien entzun diren aldarriak.

Argazkia: Ikasle Abertzaleak

Identifikatutako zein kaleratutako dozenaka ikasle

Autoritarismoaren “gorakada nabarmena” salatu dute amaierako ekitaldian, eta adierazi dute hezkuntzan militantzia politikoak “jazarpen itogarria” jasaten duela. Grebaren aurrelanketan, esaterako, dozenaka lagun identifikatu dituzte Leioako, Ibaetako eta Gasteizko campusetan, baita Bilbo eta Iruñeko ikastetxeetan ikasleak kaleratu ere. Horrez gain, Herri Unibertsitatean Ertzaintzak “jipoitutako” ehundaka ikasleak eta 2022ko ikasle greban atxilotutako 34 ikasleak ere gogora ekarri dituzte, eta azkeneko hauek “epaiaren zain” daudela adierazi dute. “Gure jarduna eten nahi izan dute, baina eraso bakoitzaren ondoren indartsuago egin dugu aurrera, eredu zarete”, oihukatu dute txalo zaparrada artean.

EHUren “unibertsitate eredu poliziala”

Azken asteotan jasaten ari diren “kriminalizazioa” salatu, eta EHUk unibertsitatean zabaldutako gutunari erantzun nahi izan diote, EHUko errektoretzak bere gain hartu beharreko “ardura” gainetik kendu nahi duela argudiatuta: “Balio demokratikoen diskurtso oportunistaren bitartez bere aurpegia garbitu nahi du”, adierazi dute manifestazioaren inguruko azken balorazio oharrean. Zentzu horretan, EHUri leporatu diote ikasleek jasaten duten “jazarpenen erantzukizun osoa”: “EHUk ardura hartu eta ikasleoi entzun beharrean, orain arte bezala unibertsitate eredu poliziala indartzen jarraituko du, unibertsitateko ikasleon eta langileon interesen aurka”. Hala, Polizia campusetara ez sartzeko exijitu diote errektoretzari, baita Israelekin duen harreman oro “etetea” ere. 

 

Argazkia: Ikasle Abertzaleak

Independenteki antolatzeko hautua

Alderdi politikoen “zirku elektoralista” nabarmendu dute azken irakurketan, eta hortik “kanpo”  antolatzeko hautuan berretsi dira, hezkuntza sistema sozialistaren aldeko defentsan: “Borroka prozesu eta dinamika bakoitza hezkuntza sistema sozialistaren norabidean ulertzen ditugu”. Hala, sinisten dute “Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den bestelako hezkuntza bat” posible dela: ikasleen “garapen askea” eta pentsamendu “kritikoa” lehenetsiko dituena; euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duena; eta langileen “kontrolpekoa” izango dena. Azkenik, borrokan jarraitzea eta antolatzeko dei egin dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikasle Abertzaleak
Hezkuntza "pribatizaziotik" ateratzeko, borroka

Ikasle Abertzaleak taldeak grebarako deia egin du martxoaren 20rako. Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu goiburuarekin manifestazioa ere eginen dute 12:00etan Iruñeko Foruen Plazatik aterata. Unibertsitatera sartu aurretik eta goi mailako ikasketak egiterako... [+]


Greba antolatu du martxoaren 13rako Ikasle Abertzaleak-ek

Eusko Legebiltzarraren aurrean elkartu dira Ikasle Abertzaleak-eko kideak martxoaren 13rako ikasle grebara deitzeko. “Azken hilabeteetan borroka prozesuak martxan jarri ditugu Euskal Herriko ikastetxe eta campusetan eta, orain, pausu bat gehiago emateko unea dela uste... [+]


2023-09-24 | Mikel Eizagirre
"Militantzia politikoaren zilegitasuna defendatu behar da, inolako baldintzarik gabe"

2016ko apirilean atxilotu zituzten Leioako 5ak, errepresioaren aurkako ikasle protesta batean. Zazpi urteren ostean izango da epaiketa, irailaren 27an, eta 39,5 urteko espetxe-zigorrak eta 45.000 euroko kalteordainak eskatuko dizkiete. Epaiketaren atarian, haietako birekin... [+]


2023-09-19 | Gedar
'Leioako 5en' askatasuna exijitu dute Altsasun

Irailaren 27an epaituko dituzte 'Leioako 5ak', 2016an Leioako campusean izan zen ikasle mobilizazio baten harira. 45.000 euroko eta 40 urteko zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Aste honetan ere mobilizazioak egingo dituzte, auzipetutako bost lagunen eskualdeetan nahiz... [+]


Ostegunean hasi eta larunbatean amaituko da Eskola Ibiltaria, Ikasle Abertzaleakek antolatuta

Aurtengo edizioan Eskoriatza, Aretxabaleta eta Aramaio igaroko dituzte. Tailerrak, bertso-saioak, hitzaldiak, kontzertuak, eta abar antolatu dituzte hiru egunez. “Hausnarketarako eta formakuntza politikorako espazioa” izatea dela helburua azaldu dute.


Eguneraketa berriak daude