ARGIA.eus

2021eko irailaren 23a
Gilen Zaldunbide

“Herriko dantza taldea garenez gure tradizioari eustea da zentzuzkoena”

  • Luze joan da esperoa, pandemiak lanak zaildu dizkie Arrolako kideei eta mugen itxierak zuzen-zuzenean eragin die. Ez omen da erraza izan jendea berriz motibatzea, baina lortu dute eta igande honetan Izan Baita ikuskizuna plazaratuko dute Baigorriko ezkerparetan. Gilen Zaldunbidek (Anhauze, 1998) kontatu dizkigu proiektuaren nondik norakoak, anaia Eñautek zuzendu du dantzari taldea, eta hasieratik elkarrekin aritu dira eskuz esku lanean.

dantzan.eus
2021eko ekainaren 18a
Albiste hau dantzan.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Izan Baita ikuskizuneko entsegua, Baigorri, 2020. Argazkia: Arrola

Urtebeteko atzerapenarekin, baina, azkenean, igande honetan aurkeztuko duzue Izan Baita ikuskizuna.

Bai, hala da. Joan den larunbatean egin genuen errepika nagusia, beraz azken moldaketa txikiekin ari gara. Ikusgarria zutik dugu, beti bada hobetzekorik, baina gu prest gara.

Luze egin da plazaratzea ezta?

Bai, biziki zaila izan da. 2019ko martxoan hasi genuen lana, pentsatua baitzen 2020ko maiatzean ematea. Urtebeteko lana egin genuen, baina martxoan konfinatu gintuzten eta dena bertan behera utzi genuen. Itxialdiarekin moztura handia izan dugu eta zaila izan da taldea berriz osatzea. Batzuek taldea utzi dute, beste batzuk ikastera kanpora joan dira... Dudak izan ditugu, baina azken bost sei hilabetean erabaki genuen egitea.

Eñaut eta Gilen Zaldunbide
Eñaut eta Gilen Zaldunbide Arrolako dantzariak, 2017. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Nondik sortu zitzaizuen horrelako ikusgarri handia sortzeko ideia?

Urte asko dira Arrolak horrelako ikusgarririk ez duela egin, azkena 2007an izan zen, Mihimena ikusgarria. Horrek esan nahi du gure belaunaldiak ez duela ikusgarririk ezagutu. Belaunaldi ederra ginela pentsatzen genuen horretarako, gazte motibatu eta dantzari anitz, eta hor sortu zen.

Eta zein da ikuskizun sortzeko hartu duzuen gaia?

Hurbila zitzaigun gaia hautatu nahi genuen, eta erabaki dugu Nafarroaren historiaren aipamena egitea eta Baigorri kokatzea konkista horren baitan.

Dantza, musika eta antzerki bidez kontatuko duzue istorioa, ezta?

Gurea dantza ikusgarria da, baina badira antzerki parteak. Guk Argiaren Martin Zalakain ikusgarria ikusi genuen eta biziki gustatu zitzaigun formatua: dantzaren bidez istorio bat kontatzea, haria antzerkilariak gidatuta. Guk ere dantzaren bidez kontatu nahi izan dugu istorioa eta kasik natural egin zaigu antzerkiaren sartzea. Bi antzerkilarik pasarte txiki batzuk antzeztuko dituzte tarteka; biak narratzaileak dira.

Koreografikoki zer da plazaratuko duzuena?

Orotara hemezortzi dantza ditugu, Eñaut anaiak zuzendu eta moldatu dituenak. Ez dira sorkuntzak, usaian ditugun urratsen egokitzapena eta koreografien berrasmatzea egin dugu.

Asmakuntzak oso preziatuak diren garaiotan zergatik ez duzue nahi izan asmakuntzarik?

Herriko dantza taldea garenez gure tradizioari eustea iruditzen zaigu dela zentzuzkoena. Azken denboretan egiten diren sorkuntza gehienak urruntzen dira hortik, baina guretzat beharrezkoa zen bertakoarekin segitzea.

Zein da bilatzen duzuen eredu estetikoa?

Nahi izan dugu Baigorriko dantza estilotik ahalik eta hurbilen aritu. Lurrean dantzatzea azpimarratzen dugu, ikusten dugu Iparraldean gazteetan galdu dela manera hori eta nahi genuen horri inportantzia eman, gure estetika tradizionalaren atxikitzeari. Bizkaiko edo Gipuzkoako urrats batzuk ere sartu ditugu, baina beti ere gogoan izanik gure estetika zein den.

Dantzarien prestaketan zerk eman dizue lan handiena?

Zailena izan da motibazioaren atxikitzea, batez ere itxialdi garai horretan. Elkarte gehienok antzeko egoera jasan dugu, egun batetik bestera dena utzi eta gero kosta egin da aurrera eramatea proiektua.

Izan Baita
Izan Baita ikuskizuneko entsegua, Baigorri, 2020. Argazkia: Arrola

Zenbat dantzari izango zarete plazan?

Azkenean, nahi baino gutxiago izango gara. Ikusgarria Arrolarena da, baina pentsatu genuen Garaztarrak taldea eta Baztango dantzariak gonbidatzea dantzara. Inportantea zitzaigun Baztandarrekin aritzea. Alde batetik, gai eta historia bera dugulako eta bestetik, Baigorrin urteak dira lanean ari direla elkarteak Nafarroako muga hori hautsi nahian. Ikusi genuen parada bikaina zela harremanak sortzeko baztandarrekin, baina itxialdiarekin mugak itxi dira, biziki zaila izan da elkarlana, beraz oraingoan ez dugu Baztango dantzariekin dantzatuko. Orotara 35 dantzari izango gara.

Iruñeko Duguna dantza taldeak ere lagundu dizue, zergatik Dugunakoekin?

Hasi ginen dantzen lehen eskemarekin eta dantza batekin bi bandoren batasunaren lortzea irudikatu nahi genuen, eta ikusi genuen horretarako egokiena ezpata-dantza bat sortzea zela. Dugunaren ezpata-dantza ezagutzen dugu eta Aritz Ibañez taldeko zuzendariarekin harremana dugunez, hari eskatu genion laguntza. Beti ere gure estetika tradizionala errespetatuta.

Izan Baita
Izan Baita ikuskizuneko musikarien entsegua, Baigorri, 2021. Argazkia: Arrola

Musikaren aldetik zer da bilatu duzuena?

Musika moldaketak Ekhi Lambertek egin ditu. Bera garaztarra da, gure eskualdekoa. Dantzekin bezala, musikan ere gure ohiko aireak edo doinuak hartu ditu eta moldatu ditu horrelako freskotasun bat ekarriz. Orotara hamabost bat musikari izango dira oholtzan, oinarria Baigorriko musikariekin osatu da, baina inguruan ditugun profesionalak ere gehitu zaizkie.

Irakurri dugu 30.000 euroko aurrekontua duela ikusgarriak, nola moldatu zarete kopuru hori lortzeko?

Gure inguruetan ez da antzokirik, beraz ezkerparetan emango dugu. Horrek esan nahi du dena tapatu behar dela iluna lortzeko, eszena bat ezarri, teknikoak, eserlekuak.... eta horrek prezio handia du. Musikarien lana ere ahal bezain ondoen ordaindu nahi izan dugu, merezi baitute. Aurrekontuari buelta emateko diru laguntzak eskatu ditugu, sarrerek ez baitituzte estaltzen gastu guztiak. Eskuin-ezker galde egin ditugu laguntzak eta kontent gara, instituzioak gure proiektua laguntzeko prest agertu baitira.

Izan Baita
Izan Baita ikuskizuneko musikarien entsegua, Baigorri, 2020. Argazkia: Arrola

Igandeko estreinaldiaren ondoren, ze asmo dituzue?

Mementuan ez dugu ezer lotua, nahiz eta proposamenen batzuk izan ditugun. Nik uste dut horrelako lana harturik prest izango garela berriz emateko, bederen behin. Arazoa da udan jendea falta izaten dela, baina zergatik ez berriz udazkenean?

Albiste hau dantzan.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Kanal hauetan artxibatua: Euskal dantza tradizionala  |  Baigorri

Euskal dantza tradizionala kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude