ARGIA.eus

2021eko uztailaren 28a

SAT sindikatu andaluziarrak "puntu eta bereiz" egiteko premia nabarmendu du Donostian

  • Martxoaren 22ko Madrilgo Duintasunaren Martxak egitearen ideia Andaluziako Langileen Sindikatuarena (SAT) izan zen. Sindikatuko gazte plataformako bi kidek, Curro Morenok eta Javier García Fernándezek, hitzaldia eman dute Donostian, Andaluziako gazteen eta egindako mobilizazioen inguruan.

ARGIA @argia
2014ko apirilaren 28a
Lurrak aldarrikatzeko SATen mobilizazioetako bat, Juan Manuel Sánchez Gordillo erdian duela.

"Zure ekintza ekarpen bat da gizarte justuago bat lortzeko" zikloaren baitan eskaini dute hitzaldia, eta kronika egin dute Eldiario.es-en. Espainiako Gobernuaren murrizketei kontra egiteko jaio zen SAT, 2007an, eta orduz geroztik ekintza ugari antolatu dituzte, baina Andaluziako Gobernuaren erasoak jasan izana kritikatu dute kideek: 800.000 euroko isunak jarri dizkiete dagoeneko.

Hainbat ekintza eta manifestazio arrakastatsuren ostean, Madrilgo Duintasunaren Martxak egitea otu zitzaien, honako aldarrikapenekin: guztientzako etxebizitza eskubidea, zorrak ez ordaintzea, lanpostu duina eskubideekin eta oinarrizko errenta. "Mezu nagusia da herrialdea geratu egin behar dela, puntu eta bereiz egin, eta berriz hasi". Martxoaren 22ko mobilizazioek "erregimenaren bihotza astintzeko" balio izan zutela adierazi dute.

%70eko langabezia

Andaluziak egoera iluna bizi du. Krisia hasi aurretik langabezia %20koa zela gogoratu dute hizlariek, gaur egun eskualde batzuetan langabezia %50ekoa dela, eta gazteen artean, %70ekoa.

SATen aurrekaritzat har daiteke SOC, Landaguneko Langileen Sindikatua. Aspalditik dator nekazal borroka Andaluzian, lurren banaketa justuago baten alde. Horren haritik sortu ziren Marinaledaren gisako esperientziak. Juan Manuel Sánchez Gordillo alkate duen herri horretako adibidea oso garrantzitsua dela diote Morenok eta Garcíak, gauzak beste era batera egin daitezkeela frogatzen duelako. Une hauetan, Andaluziako lurren %50 familien %2ren esku dago.

SATeko kideek hitzaldian adierazi dutenez, ekainaren 21erako mobilizazio handia ari dira antolatzen, Andaluziako Gobernua inguratuko duena. "Krisiaren errudunek aurpegia dute eta hatzaz seinalatu behar ditugu".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: SAT  |  Andaluzia  |  Duintasunaren Aldeko Martxa

SAT kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude