Diego Cañamero: "Nazionalista izateak eskubide sozialak defendatzea ere esan nahi du"

  • Andaluziako SAT sindikatuko Diego Cañameroren hitzetan, autodeterminazio eta subiranotasun eskubideek eta eskubide sozialek elkar hartuta joan behar dute. Bartzelonan egin ditu adierazpenok, gizarte eragileek deitutako Duintasunaren aldeko Martxak hizpide.


2014ko martxoaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Diego Cañamero (ezkerrean) Manuel Sanchez Gordillorekin, 2012an izandako epaiketa baten ostean (Argazkia: Elimpertinentedigital.com)

Espainiako Estatuko hainbat hiritatik abiatuko dira martxak, hilaren 22an Madrilen bat egiteko, Ogia, lana, teilatua eta duintasuna lelopean. Espainiako Gobernuaren politika sozio-ekonomikoak salatu eta "botere zentrala eroraraztea" dute helburu.

Zentzu horretan, ezkerreko mugimenduek bat egin behar dutela uste du Cañamerok, Vilaweb.cat agerkariak egindako elkarrizketan dioenez: "Denborak ihes egiten digu komunikatu eta manifestuak idazten, pankartaren buru nor joango den erabakitzen, hitza lehendabizi nork hartuko duen... Aldiz, kapitalak oso argi du: dirua, egoismoa eta interesak".

"Ezkerrak umiltasun dosi ederra behar du", gaineratu du. "Garrantzitsuena da herriarentzat bidezkoak diren gauzak konkistatzea, eta horretarako ezkerrak dituen bitarteko bakarrak batasuna eta hitza dira. Praktikan jarri behar da hori. Egiten ez badugu, gertatzen ari den guztiaren konplize izango gara gu ere".

SATeko kidearen iritziz alderdi politikoak eta sindikatuak "autoak bezalakoak" dira: "Baliagarriak ez direnean, inora eramateko gai ez direnean, ahaztu egiten ditugu. Jendeak ikusi beharra du gauzarik inportanteenak gehiengoaren interesekoak direla: lana, hezkuntza-eskubidea, osasuna, etxebizitza... Ez dut uste ezkerreko inork horren aurka jo dezakeenik. Herriaren zerbitzura izango diren ekonomia eta demokrazia lortzeko, beharrezkoa da herriaren batasuna. Nola? Saiakera bat egingo dugu orain. Hilaren 22an Madrilen milioi bat lagun biltzen badira, herriaren garaipenaren hasiera izango da".

Subiranotasun eta autodeterminazio eskubidea

Kataluniako independentzia prozesua abian den heinean, kazetariak Cañamerori galdetu dio ea zergatik begiratu behar duten Madrilerantz. "Han onartzen delako Estatuko Aldizkari Ofiziala (BOE)", erantzun dio SATeko kideak. "Han araudi bat onartzen dutenean, pentsioen murrizketa esaterako, katalanei, galiziarrei, euskaldunei eta andaluziarrei eragiten die. Hiritarren segurtasunerako legea onartzen dutenean, errepresioa leku guztietan ematen da. Herriek haien subiranotasuna lortzea nahi badugu, beharrezkoa da herriak gurutziltzatu eta umiliatzen dituen botere zentralari guztion artean berotu bat ematea; herrien aldarrikapenak aseko dituen prozesu ekonomiko eta politikoa abiatzeko".

"Herriek autodeterminazio eskubidea izan behar dute", dio. "Dena den, auzi sozio-ekonomikoak  axola gaitu gehien: etxebizitza, pentsioak, langile eta herritarren eskubideak. Uneotan, nazionalista izateak eskubide sozialak defendatzea ere esan nahi du. Bide paraleloetatik joan behar dute: autodeterminazio eskubidea, eta jan eta bizitzeko eskubidea".

"Herrien autodeterminazio eskubidea beharrezkoa da, botere [zentrala] hain handia ez izateko; ez gaude Erromatar Inperioan. Herritarrek hurbilago izan behar dituzte instituzio eta gobernuak. Eta, batez ere, haien kultura, idiosinkrasia eta ukatu zaizkien eskubide guztiak defendatu behar dituzte. Herri orok gogotik defendatuko balitu, zentralismoari zarta gogorra emango genioke".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Duintasunaren Aldeko Martxa
2021-02-04 | ARGIA
Duintasunaren Aldeko VIII. Martxaren harira, larunbaterako deialdiak egin dituzte Hego Euskal Herrian

Guardia Zibilak 2014an Tarajalgo hondartzan hamalau pertsona hil ondotik, urtero egin izan da Duintasunaren Aldeko Martxa Ceutan. Ezbeharraren zazpigarren urteurrena pandemia betean heldu denez, urteorko mobilizazioa deszentralizatu dute, jende pilaketak ekiditeko. Hego Euskal... [+]


2015-03-06 | Igor Agirre
Duintasun Martxa Madrilera abiatuko da eta urrirako greba prestatzen ari dira

“Ogia, lana, etxebizitza eta duintasuna” aldarrikatzeko Duintasun Martxa antolatu dute iazko martxa antolatu zuten eragileek.


2014-04-28 | ARGIA
SAT sindikatu andaluziarrak "puntu eta bereiz" egiteko premia nabarmendu du Donostian

Martxoaren 22ko Madrilgo Duintasunaren Martxak egitearen ideia Andaluziako Langileen Sindikatuarena (SAT) izan zen. Sindikatuko gazte plataformako bi kidek, Curro Morenok eta Javier García Fernándezek, hitzaldia eman dute Donostian, Andaluziako gazteen eta... [+]


2014-03-26 | Ane Lusarreta
"Herritarren segurtasunerako legea" moldatuko dutela dio Fernandez Diazek

Espainiako Barne ministerioak “Herritarren segurtasunerako legea” aldatuko duela adierazi du, jaso dituen kritikek eraginda.


2014-03-24 | Ane Lusarreta
“Ogia, lana eta etxebizitza” eskatu dute ehunka mila pertsonak Madrilen

Larunbatean Espainiako hiriburuan ehunka mila pertsona atera ziren kalera, Duintasunaren aldeko martxa deiturikoan.


Eguneraketa berriak daude