Herri epaiketa segregazioari eta Arabako Hezkuntza Ordezkari Blanca Guerrerori Gasteizen

  • Mobilizazio jendetsua egin du Eskola Publikoaren Aldeko Gasteizko Plataformak, segregazioaren aurka eta eskola publikoaren alde. Blanca Guerrero erruduntzat jo, eta bere dimisioa eskatu dute herri epaiketa baten bidez.


2019ko ekainaren 14an - 08:27
Arabako Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean egin dute herri epaiketa.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kalejira koloretsuan abiatu dira adin guztietako ehunka lagun Andra Mari Zuriaren enparantzatik Arabako Hezkuntza Ordezkaritzara, arratsaldeko 18:30ak jota. Ordezkaritza aurrean, segregazioari eta Arabako Hezkuntza Ordezkari Blanca Guerrerori herri epaiketa egin diote, Yokerendan antzerki taldeak gidatuta.

Ghetto eskolak

Epaia jakinarazi aurretik, pobretutako eta atzerritar jatorriko ikasleen segregazioa “gure hezkuntza sistemaren gaitz nagusietako bat” dela salatu dute plataformako bozeramaileek. Sare publikoa eta itundua desorekatuta daude plataformaren ustez, eta horrek “diskriminatzaile eta ez inklusibo” bilakatzen du hezkuntza sistema.

Segregazioa Euskal Herri mailako errealitatea ere izanik, Gasteizen egoera bereziki larria dela adierazi dute, eta larritasuna areagotu egin dela Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza Ordezkaria denetik: "Gasteizko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen ia erdia ghetto eskolatzat har daitezke, 32 ikastetxeetatik 15. Eta atzerritar jatorriko ikasleen %83a sare publikoan dago matrikulatua".

Blanca Guerreroren dimisioa

Plataformaren irudiko, erakundeak “arduragabekeriaz” ari dira jokatzen, eta epaia argia izan da: "egoera jasangaitza da, nazkatuta gaude. Arabako Hezkuntza Ordezkari Blanca Guerreroren ekimen eta konpromiso falta erabatekoa ikusita, bere dimisioaren eskaria berrestea besterik ez zaigu geratzen".

Eskola publikoaren alde borrokatzen jarraitzeko konpromisoarekin amaitu du mobilizazioa Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak: "Euskal Eskola Publiko euskalduna, anitza, laikoa, hezkidetzailea, inklusiboa eta inor atzean uzten ez duena. Eskola publiko bakarra, denona eta denontzat".

 

 

Herri epaiketaren une bat.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola segregazioa
Eguneraketa berriak daude