Hernanik Europako Zero Zabor Hiri eta Herrien ziurtagiria eskuratu du

  • Hernani bihurtu da Zero Zabor Hiri eta Herrien ziurtagiria lortu du Euskal Herriko lehen udalerria. Zero Waste Europe-k sortu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde horren filiala den Mission Zero Academy (MiZA) erakundeak zuzendua, Zero Waste Cities and Towns ziurtagiriaren helburua da Europako hiri eta herrien artean sustatzea Zero Zabor eredurako trantsizioa eta ekonomia zirkularraren ezarpena. Mission Zero Academyk agiria eskuratzen duen udalerri bakoitza baloratzen du batetik bost izar arteko notarekin eta Hernaniri 3 izarreko akreditazioa eman dio.


2023ko otsailaren 20an - 00:43
Azken eguneraketa: 06:17
Mattin Aldaia zinegotzia Rossano Ercolini Zero Waste Europeren fundatzaileari Hernaniko auzo-konpost instalazio bat erakusten 2016an.

Hernaniko herriak (21.000 biztanle) bide luzea egin du hondakinen kudeaketaren arloan 2010ean Atez Ateko bilketa ezarri zuenetik. Eta orain Zero Waste Europe Gobernuz Kanpoko Erakundeak aitormen publikoa egin dio Zero Waste Cities and Towns ziurtagiria emanda.

Hernanik 10 urte baino gehiago daramatza zero zabor helburu duten ekimen eta ekintzak sustatzen eta ziurtagiria lortu ahal izateko auditoria egin dion Lurraren Lagunak nazioarteko elkarteak azpimarratu duenez, Hernanin jaso duen informazio aipagarrienetakoa da biztanleko sortzen duen errefus kopuru txikia, 62,99 kg/biztanle/urteko 2020an. Euskal Autonomia Elkartean batez beste 251,81 kg biltzen dira biztanle eta urteko.

Funtsean Atez Ateko bilketaren emaitza den hori osatzeko, Hernaniko udalak hainbat neurri jarri ditu abian urteotan, ziurtagiriak kontutan hartu dituenak: arrain eta harategietan plastikoen erabilera murrizteko herritarren artean banatutako ‘tupper-ware’ ontziak, auto- eta auzo-konpostean egin diren urrats handiak, ikastetxeetako otorduen soberakinak aprobetxatzeko janari ontziratuak banatzeko sistema, eta abar luzea. Urrats horietako bat nabarmentzekotan, kopuru hau aipatu behar: Hernaniko familien laurdenak beren hondakin organiko guztiak birziklatzen dituzte banaka edo taldeka funtzionatzen duten konpost-ontzietan.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak nabarmendu duenez, "ziurtagiri-sistema berri honek baloratzen du Udalbatzaren, tokiko enpresen eta enpresen eta herritarren ahalegina, hainbeste urtetan hondakinen sorrera minimizatzeko konpromisoa hartu ostean. Europako iparraldeko udalerrien liga berean jokatu ahal izatea pozgarria da benetan”.

2012an Luix Intxauspe alkateak Atez Ateko sistemaren zertzeladak erakutsi zizkion mundu mailan Zero Waste mugimenduaren erreferentzia nagusia izan den Paul Connet amerikarrari.

Euskal Herriari dagokionez, Herniko udalak bere zertifikazioaren albistea zabaldu eta gero jakin da Usurbil eta Astigarragako udalak ere sartu direla zertifikazio sisteman. Lertxundi alkateak aipatu dituen Zero Zabor zertifikatutako udalerrien artean mitikoa da Italiako Capannori, Atez Atekoan funtzionatzen duten Italiako zientoka herri eta hirien artean erreferentziazkoa dena. Eslovenian zertifikatuta daude Bled, Gorje, Vrhnika, Logdragome eta Borvnica. Espainian, El Boalo-Cerceda-Mataelpino (Madril) eta Torrelles de Llobregat (Katalunia).

Joan Marc Simon, Zero Waste Europe GKEaren zuzendari eta sortzaileak esan du: “Zorionak ematen dizkiot Hernaniko udalari Euskadin hori lortzen lehena izan delako. Espero dugu gauzak ondo egiteko interesa handituko dela, honek onurak baizik ez baitizkie ekartzen  administrazioei, herritarrei baita zero zabor ereduan aurrera eginez karbono aztarna murriztu nahi duten enpresei ere".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude