“Hemen gaude, gu gara basakeria hau sufritzen dugunak”

  • Iragan astean, maiatzaren 5ean, Basauri eta Arrigorriagako hemezortzi bizilagun etxerik gabe geratzeko arriskuan daudela iragarri zuen Batu Elkarlaguntza Sareak. Errealitate gordin hori ezagutzera ematearekin batera kanpaina abiatu dute, eta Basauriko eta Arrigorriagako udalei zein etxebizitzaren kudeaketarako erakunde publikoei irtenbidea exijitu diete. Hemezortzi pertsona horien egoeraren larritasunaren adierazle, etxe kaleratze arriskuan dauden kideetako batek bortxaketa saiakera jasan du bere etxejabearen partetik. Abiatu berri duten kanpainari buruz gehiago jakin nahirik, Batuko kide Peio Molinuevorekin aritu gara hizketan.


2022ko maiatzaren 13an - 11:18
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Denbora daramazue dagoeneko etxebizitzaren alorrean borrokan, besteak beste etxe kaleratze arrisku egoerei ere aurre egiten. Alabaina, honako honetan zuen asanbladak momentuotan daukan egoera publiko egitea erabaki duzue. Zerk bultzatu zaituzte horretara?

Laster bi urte beteko dira Batu Elkarlaguntza Sarea sortu genuenetik. Ordutik astero-astero ari gara etxebizitza arazoei zein elikagai gabezia arazoei aurre egiten, baina azken hilabeteetan jende kaltetu asko gerturatu da asanbladara arazo oso larriekin. Orain arte egin izan dugun lanketak kasu bakoitzari erreparatu izan dio, kasu konkretu horri irtenbide konkretuak ematen saiatzeko; arazo bakoitzarentzat estrategia bat planteatu izan dugu. Oraingo honetan ordea hemezortzi dira etxea galtzeko arriskuan dauden pertsonak, eta horregatik pentsatu genuen momentua zela egoera mahai gainean jartzeko.

Arazoak banaka landuta estrategia bat errazago ezarri daitekeen arren eta hala lan eginez emaitzak lortzen ditugun arren, banakako lanketa horrekin askotan arazoek ez daukate jarraipen mediatikorik. Eta asanbladan arazoren bat daukaten hemezortzi pertsona egonik, uste genuen momentua zela hau guztia salatzeko eta ezagutzera emateko.

“Etxe kaleratze bat gauzatuko da gaur”, “Familia bat etxe kaleratu dute”, “%13 hasi dira etxe kaleratzeak”… Zenbakiekin eman ohi digute etxe kaleratzeen berri. Zuek aldiz, izenak eta aurpegiak jarri dizkiozue problematikari.

Erabaki guztiz kontzientea izan da. Galderan aipatu bezala, datu asko gordinik jasotzen ditugu, eta uste dugu horrek ez duela nahikorik eragiten jendearengan. Titular bat irakurtzeak zerbait eragin dezake, baina… Kanpaina honen helburua izan da bistaratzea gure auzokideak eta bizilagunak direla kalera doazenak, kalean geratzeko arriskuan daudenak. Hori da helburu nagusia.

Azken finean, titularrei edo datuei soilik erreparatuz gero, pentsa dezakegu etxebizitza arazoa zerbait urrutikoa dela, gure inguruan gertatzen ez dena, baina ez da horrela. Gure herriko kideak dira etxea galtzeko arriskuan daudenak, alokairua ordaindu ezin dutenak, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun hori ageriko egitea. Bilatu dugu, baita ere, gu kobazulotik ateratzea, esateko “hemen gaude, gu gara basakeria hau sufritzen dugunak”. Eta ez diogu inolako beldurrik gure aurpegiak erakusteari, uste dugulako gure aurpegiek zeozer eragingo dutela gure auzokideengan, ingurukoengan. Horregatik, beharrezkoa da anonimotasun horretatik ateratzea eta esatea: “Hemen gaude, arazoak ditugu, baina arazo horiei aurre egitera goaz”.

Salatu duzuen errealitatea gordina da, eta asanbladetan horri egiten diozue aurre. Zein da giroa bileretan? Zeintzuk dira perspektibak?

Momentuotan, batzuetan, asanbladako giroa zaila izaten da. Hemezortzi pertsona dira hari batetik zintzilik daudenak, ez dakitenak zein izango den beren etorkizuna, eta ondorioz momentu gogorrak eta zailak bizi ditugu askotan.

Gainera, guk muga batzuk ditugu. Komunikatuan argi diogun moduan, nahiz eta saiatzen garen arazo hauei aurre egiten, argi dago gure gabeziak baditugula, eta orduan, horretaz kontziente izanik, batzuetan desesperazio momentuak ere egoten dira asanbladan. Halere, uste dut desesperazio horri irtenbidea emateko modu bakarra antolakuntzaren bidea dela. Eta hori da hain zuzen ere asanbladan egiten duguna. Asanbladan ulertzen eta ulertarazten dugu inor ez dagoela bakarrik borroka honetan, asko garela egoera antzekoan gaudenak, eta asko garen moduan egoera hori pairatzen dugunok, asko garela egoera horri buelta ematen saiatzeko ere. Jakinik ez garela bakarrik egongo.

"Asko garen moduan egoera hori pairatzen dugunok, asko gara egoera horri buelta ematen saiatzeko ere"

Nahiz eta ez dakigun hemezortzi kide hauetatik zenbatek topatuko duten irtenbide egonkor bat, behintzat badakigu sindikatu bat egongo dela atzean, sindikatuko kideak bat eginda arituko direla borrokan, etxebizitza denoi bermatu beharreko eskubide bat dela salatzen eta aldarrikatzen.

Aipatu duzue hemezortzi kide horiek etxebizitzarekin arazoa izatera eraman dituztela bestelako arazoek (prekarietatea, indarkeria matxista...). Klasea, generoa eta arraza faktore esanguratsuak dira pertsona batek etxebizitza arazo bat izateko dituen aukeretan. Eta ez hori bakarrik, larriagotu ere egiten dute arazoa bera. Argi geratu da hori etxe kaleratze arriskuan dagoen zuen kide bati gertatu zaionarekin: etxejabea bera bortxatzen saiatu da. Zein irakurketa egiten duzue gertatutakoaz?

Guztiz ados nago galderan planteatzen duzunarekin. Ikusi dugu etxebizitza problematikak ez duela aurpegi bakarra; etxebizitza lortzeko edo etxebizitzari dagokionez egonkortasun bat lortzeko zailtasunez gain, bestelako arazoak ere izaten dituzte emakumeak, pobreak eta atzerritarrak direnek. Sarri etxebizitza horietan ez dute toki seguru bat topatzen. Leku segurua, hori izan beharko luke etxebizitzak, baina ez da hala kasu askotan.

Gure kideak pairatu duen erasoari dagokionez, ez da etxebizitza problematikaren baitan indarkeria matxista salatzen dugun lehen aldia. Eta halakoetan harrigarria da ez direla funts putreak, bankuak edo gisako erakunde erraldoiak etxebizitza seguru baten eskubidea bermatzen ez dutenak, baizik eta langile klaseko jendea bera. Hori da ostegunean gertatu zaiguna: egoera nahiko prekarioan dagoen etxejabe bat gure kide bat bortxatzen saiatu da.

Argazkia: Batu Elkarlaguntza Sarea

Uste dugu horren atzean dagoena jabetza pribatua dela. Azken finean, jabetza pribatuak biolentziarako eta dominaziorako aukerak ematen baititu. Historikoki horrela izan da. Nahiz eta langile klasekoa izan, nahiz eta egoera prekarioan egon, norbaiten gainetik egoteko aukera ematen dizu jabetza pribatuak. Kasu honetan bezala, etxejabea gizona eta maizterra emakumea direnean, generoak zeharkatzen du hor ematen den harremana eta biolentoa izan daiteke. Hau da, gizonak baliatu ditzake sistema patriarkalak ematen dizkion abantailak indarkeriazko harreman bat ezartzeko bere azpitik dagoen emakume horrekin. Eta hau ez da kasu isolatu bat, baizik eta gure jendartean eta gure egunerokoan ezarrita dagoen errealitatea baizik.

"Nahiz eta langile klasekoa izan, nahiz eta egoera prekarioan egon, norbaiten gainetik egoteko aukera ematen dizu jabetza pribatuak"

Sistema horrela egituratua egonik, uste dugu mantendu egingo direla biolentziarako eta zapalkuntzarako joera hauek, pairatuko dituztenak emakumeek, atzerritarrek, pobreek. Beraz, uste dugu tresnak jarri behar ditugula etxebizitzaren inguruan edo baitan ematen diren gisako biolentziak detektatzeko alde batetik, eta erantzun indartsuak emateko bestetik. Guk sindikatuan baditugu gure tresnak, baina argi dagoena kanpainan dioguna da: instituzioek gure hemezortzi kide hauen egoerei erantzunik eman ezean, ostegunean gertatu zen erasoa betikotzen ari dira, eguneroko errealitatea baita. Eta beraz, honek gero eta argiago uzten du gure kanpainarekin eskatzen ari garena ez dela bakarrik justua, beharrezkoa ere badela.

Basauri eta Arrigorriagako udalak eta etxebizitzaren kudeaketarako erakunde publikoek (Etxebide, Alokabide, Bidebi…) egoeraren erantzule egin, eta eskakizunak egin dizkiezue: hemezortzi pertsona horien egoera aztertzeko eta horietako inor kalean geratu ez dadin baliabideak jartzeko. Zein dira nahi zenituzketen baliabideak?

Gure eskakizunak, edo eskatzen ditugun baliabideak, hitz gutxitan laburtu ahalko lirateke. Etxebizitza bermatu beharreko eskubidea dela esanez, dena esanda dago. Argi dago ez dela bermatzen, eta dirudienagatik ez dela bermatuko, baina hori da eskatzen dugun bakarra. Gure komunikatuaren azken esaldiak “inor ez dadin etxe gabe geratu” dio, eta hori da gura duguna. Gero, egoera bakoitzak baditu bere beharrak eta kasuan kasu ikusi beharko dira zein diren behar horiek, horiei erantzuteko.

Badakigu baliabideak badaudela. Badakigu, adibidez, Basauriko Udalak larrialdietarako etxebizitzak dituela hutsik. Eta ez ditu gure edo gure kideen esku jarri nahi. Beste adibide bat jartzearren: CEAR ere bada erantzuleetako bat, gure kide edo familia baten egoeraren erantzule, eta badakigu prozesuak bizkortu ahal direla. Hori ikusi ahal izan dugu gure bi urteko ibilbide honetan: zerbitzu sozialek, udaletxeek, Etxebidek, Alokabidek, CEARek, gura dutenean bizkortu ahal dituztela prozesu horiek eta baliabideak eta erantzunak eman, benetan horien beharra daukan jendeari. Eta hori da salatzera goazena.

Gura duguna, sinpleki, hori da: etxebizitza eskubidea bermatzea eta inor ez dadila kalean geratu. Hori borrokatzen ibili gara zerbitzu sozialetan, baina ez dugu lortu.

Batuk aurre egin dien arazoen artean, beren kide Joaquiren etxe kaleratzea dago. Iazko azaroaren 25ean etxe kaleratu zuten. Etxe kaleratzea gelditzen saiatu zen asanblada, aurreko asteetako lanketarekin zein egunean bertan erresistentziaren bidez (Argazkia: Batu Elkarlaguntza Sarea)

Astebete pasa da kanpaina abiatu zenutenetik. Egon da mugimendurik udal eta instituzioen partetik?

Ez, momentuz esperoan jarraitzen dugu. Ez dugu inongo erantzunik jaso, eta gure eskakizuna argia da: gure hemezortzi kide hauek ez daitezela kalean geratu. Orain pilota haien teilatuan dago, nolabait esatearren. Guk gure bideak agortuta daudela ikusi dugu, edo behintzat kaleratze aginduek markatutako denboran ezingo dugula erantzun eraginkorrik eman. Orduan, kide hauetako askok dituzten epeak kontutan hartuta, hemen erantzun eraginkorrak eman ditzaketen bakarrak zerbitzu publikoak eta instituzioak dira. Beraiei dagokie orain fitxa mugitzea. Guk esperoan jarraituko dugu, baina gauza bat argi dago: itxaroten jarraitzen badute egoerak txarrera baino ez duela egingo, eta orduan gure kanpaina eta salaketa are gogorragoa izango dela. Ez badugu erantzunik jasotzen, egoera larriagoan egongo gara eta gauzak serioago jarriko dira.

Eskakizunei eta arazoari erantzunik eman ezean, egoera salatzen jarraituko duzuela adierazi duzue. Baduzue aurreikusita mobilizaziorik?

Kanpaina honek, egin ditugun beste kanpaina batzuk ez bezala, ez dauka bukaera datarik. Egoera bideratzen edo konpontzen ez den bitartean jarraituko du.

"Ez badugu udal eta instituzioen partetik erantzunik jasotzen, egoera larriagoan egongo gara eta gauzak serioago jarriko dira"

Gainera, uste dugu kanpaina honek aukera ematen digula orain arte asanbladan gorde izan ditugun kontuak –edo bidegabekeriak hobeto esanda–publiko egin eta jendeari helarazteko. Orain arte hau guztia asanbladetara eta gure egunerokora mugatu izan dugu, eta uste dugu kanpaina honek bide emango digula hori bistaratzeko. Uste dugu gure mobilizaziorik indartsuena egunerokoan egiten duguna publiko egitea izango dela, eta garbi bistaratzea zein den etxebizitza arazoa daukan auzokide batek bizi behar duen egoera, utzikeria… Garrantzitsua deritzogu horri.

Halere, bai aurreikusten dugu mobilizazio indartsuren bat, prentsaurreko bidez jakinaraztea espero duguna. Ez daukagu guztiz zehaztuta, baina bagabiltza ekintza potente bat izan daitekeena mugitzen, egoeran honek erantzun bat izan dezan lehenbailehen.

Herritarrei kanpainarekin bat egitera dei egin diezue. Nola bota dezake esku bat hala egin nahi duenak?

Kanpaina publiko egin genuenetik, bai Arrigorriagako zein Basauriko auzo elkarte, kolektibo politiko eta bestelako eragileekin ari gara bilkurak egiten. Momentuz harrera ona izaten ari da, normala den bezala; hemezortzi auzokide kalean geratzera doaz, inork gutxik gurako lukeen egoera da, eta zentzu horretan babesa jasotzen ari gara. Horiei guztiei zein herritarrei eskatzen ari garena kanpainarekin bat egitea da. Zelan egin dezakete kanpainarekin bat? Adibidez, iragarriko ditugun mobilizazioetan parte hartuz. Horrez gain, gure materiala sare sozialetan elkarbanatuz, argitaratzen goazen materiala hedatuz.

Eta ez sare sozialetan bakarrik. Are, uste dugu sare sozialetan mugitzen den informazioa baino garrantzitsuagoa dela ahoz ahokoa. Etxebizitza arazoaren inguruko hausnarketa bat bultzatu dezake, eta orain arte gugandik gertu existitzen ez zela uste genuen errealitatea hemen ere existitzen dela ikusarazi. Ahoz ahokoak bultzatu ditzake hausnarketa eta enpatia ariketa, gogoetatuz zer suposatu dezakeen etxerik gabe geratzeko arriskuak edo etxerik gabe geratzeak.

Azken finean, sentsibilizazio kanpaina hauen bitartez gura duguna ere bada, irtenbideak bilatzetik harago, jendeak hausnarketa hori egitea. Etxebizitza problematika denon ahotan egon dadin, eta hala, azken urteetan feminismoarekin gertatu bezala, gizartean orokortutako diskurtsoa izatera heldu ahal izateko.

Noski, badakigu kontrako iritziak ere jasoko ditugula gure ekintza politikoekin, eta horren aurrean lubakia eraikitzea dagokigu. Gure lubakia osatu, eta bertatik etxebizitza eskubidea defendatu, eta kontrako diskurtsoak borrokatu. Uste dugu hor badugula ezinbesteko lana.

Bukatzeko, eta esku bat bota nahi duenak zer egin dezakeen aipatzen jarraituz, iragarriko ditugun mobilizazioetan parte har dezakete. Uste dugu hori dela herritarrei eskatu ahal diegun guztia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
2025-06-11 | ARGIA
Pasa den astean geldiarazi zen etxegabetzea gauzatu du Poliziak Iruñean

Iruñeko Alde Zaharrean, San Lorenzo kalean, pasa den astean bertan behera utzi zuen etxegabetzea Espainiako Poliziak, hura galaraztera bertaratu baitziren ehun bat herritar. Asteazken honetan, lehen orduan, Polizia eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak heldu dira... [+]


Bi eta hiru urteko haurrak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, indarrez

Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.


Iruñeko Alde Zaharreko etxegabetzea geldiaraztea lortu dute

San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.


Etxea

Etxea euskal ohitura zaharretan hildakoen eta bizirik zeudenen espazioa zen. Hilda jaiotzen ziren umeak edo bataiatu aurretik hildakoak kanpoko horma baten ondoan lurperatzen ziren, teilatuaren babesean. Abizenak ere etxe bati lotuta zeuden, etxeak ematen zion izena bertan bizi... [+]


2025-05-27 | Gedar
Ekainaren 30ean hasiko da Pasaiako Escalerillaseko bizilagunen aurkako epaiketa

Bederatzi familia etxegabetzeko prozedura judizialak abiatu ditu Pasaiako Portuak, eta bost familiaren aurkako epaiketari ekingo diote ekainaren 30ean, Donostian. Kaleratzeak geldi ditzatela eta bizilagun guztiei bizitoki alternatiba bat berma diezaietela exijitu du Euskal... [+]


2025-05-23 | Irutxuloko Hitza
Aldi baterako alokairu kontratuen “iruzurra” salatu du Donostiako Stop Kaleratzeakek

Donostiako Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.


Foruzaingoak familia bat etxegabetu du Antsoainen, eta hori galaraztera joan direnen aurka oldartu da

10:00etan etxegabetzea gauzatzeko agindua zuen Poliziak, baina lehenago bertaratu dira sei patruila emakumearen etxera eta inguruko kale guztiak moztu dituzte. Haritu Elkarlaguntzako Sareak eginiko deiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira etxearen aurrean etxegabetzea... [+]


Donostia tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.


Aldak etxebizitza bat okupatu du Bidarten “operazio espekulatiboa” salatzeko

Elkarteak salatu du okupatutako etxebizitza 1.615.000 euroan erosi zela 2021ean, eta egun 2.980.000 euroAn saltzen dela. Okupazioak iraun bitartean, espekulazioak sortzen dituen arazoez mintzatu dira etxeko egongelan. Balkoian Espekulazioa: biztanleentzat etxebizitzarik ez... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.


Milaka lagun, etxebizitzaren negozioaren aurka Donostian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


2025-03-26 | Sustatu
Prezio “dinamiko” eta puztuen susmoa etxebizitza aurkitzeko atarietan

Espainiako hedabideetan aurkitu dugu albistea, salaketa egin dutela Fotocasa eta Idealista etxebizitza-atarien kontra, prezioak manipulatzen dituztelakoan. Salaketan ez dugu manipulazioaren deskribapen zehatzik aurkitu, baina Ameriketako Estatu Batuetan agertu den salaketa... [+]


Eguneraketa berriak daude