2022-05-06 15:09

Mari Jose, Maider, Mustafa, Serpil, Nihal, Seda, Fatimetu, Zacarias, El Batoul, Emir, Illyes, Hafida, Walah, Karim, Mohamed, Rkia, Amine y Adam etxerik gabe eta kalean geratzeko arriskuan daude.

Horiek guztiak Basauriko eta Arrigorriagako auzokideak dira, eta Batu Elkarlaguntza Sarearen asanbladetara etortzen ibili dira azken hilabeteotan, etxebizitzarekin lotutako arazoengatik. Hainbat izan dira egoera horrera eraman dituzten arrazoiak: dirurik ez, indarkeria matxista, babes falta zerbitzu publikoen partetik, eta abar. Baina emaitza berdina izan da guztientzat: etxebizitza izateko zailtasun handiak. 

Egoeraren funtsezko arrazoiak ezagunak dira. Etxebizitza merkantilizatuz, eskubide bat izan behar lukeena negozio bihurtu dute. Ondorioz, familiek gosea pasatzen dute alokairua edo hipoteka ordaindu ahal izateko; edo pertsonak kalean hotzez hiltzen dira, gure inguruan milaka etxe huts dauden bitartean, etxebizitza espekulatzaileen interesen eta higiezinen errenten mesedetara baitago, pertsonen interesetara daudela dioten erakunde publikoen babesean.

Batu Elkarlaguntza Saretik, astero egiten dugu lan egoera horiei aurre egiteko, irtenbide zehatzak bilatuz eta arazo horien inguruko borroka-komunitatea eraikiz, uste baitugu batuta bakarrik alda ditzakegula gauzak. 18 auzokide horiei dagokienez, egunez egun lanean jarraituko dugu irtenbide bat topatzeko. Hala ere, ezin izan ditugunez haien arazoak behar bezala konpondu, beharrezkotzat jo dugu egoera publikoki ezagutzera ematea eta erantzuleak seinalatzea.

Oraingoz, zera exijitzen diegu Basauriko eta Arrigorriagako udalei, eta etxebizitzaren kudeaketarako erakunde publikoei (Etxebide, Alokabide, Bidebi, eta abar):

  1. Basauriko eta Arrigorriagako Udalekin bilera, 18 auzokide horien egoera aztertzeko.

  2. Udal eta erakunde horiek baliabideak jartzea 18 auzokideen eskura, horietako bat ere ez dadin kalean geratu.

Gure eskakizunei eta arazo honi erantzun egokirik eman ezean, jarraituko dugu egoera lotsagarri, negargarri eta bidegabe hau publikoki salatzen. Era berean, Basauriko eta Arrigorriagako auzokideak, taldeak eta elkarteak animatu nahi ditugu euren babesa ematera, eta kanpaina honetan parte hartzera. Izan ere, antolatuta soilik egin ahal izango diegu aurre gure arazoei.

Inor ez dadin etxe gabe geratu.

Bakoitza Denontzat!

Batu Elkarlaguntza Sarea

Bizi baldintzen defentsarako eta komunitatea indartzeko sarea. Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Migel, Ugao, Zaratamo eta Zeberio.