Heltzen ari diren adin txikikoen babes sistema huts egiten ari dela salatu du Save The Children-ek

  • Save The Children-ek “Los más solos” (“Bakarretan bakarrenak”) izenburua duen txostena argitaratu du astelehenean. Adin txikikoek migrazio ibilbideetan pairatzen duten babesgabetasun egoeraren berri ematen du.


2018ko maiatzaren 22an - 12:26
Gazte bat adin txikikoentzako zentro batean

Txostenak azaltzen duenaren arabera, asko dira konfiantzazko heldu baten babesik gabe beraien herrialdetik alde egiten duten adin txikikoak. Aldegite horren arrazoiak ugari izan ohi dira, baina oro har “amets europarrak” beraien herrialdeetan ez dauzkaten segurtasuna, bakea, hezkuntza, egonkortasuna eta aukerak bermatu dizkielako ustea nagusitzen da. Adin nagusiko norbaiten laguntza falta eta beraien etxeetatik urrun egotean sortzen zaizkien ezbeharrak tarteko, umezaroa oso goiz utzi behar izaten dute albo batera.

Datuek oso gogorrak diren ihesaldien berri ematen dute: adin txikikoek nagusiek egiten dituzten bide berberak egiten dituzte. Urteetan luzatzera iristen diren migrazio prozesuetan, ibilbideak etapa eta iraupen ezberdinak dituzte herritik ateratzerakoan bakoitzak dauzkan baliabide ekonomikoen arabera, eta lekualdatzeak luzaroan arriskuan egotera behartzen ditu.

Espainiara mugatutako irakurketa egiten duen Save The Children-en informeko zenbakiek adierazten dutenez, Europa helmuga gisa duen migrazio fluxuak gora egin du. Marokoar, Aljeriar eta Ginear jatorria du gehiengoak. Zifra ofizialei jarraiki (eta kontutan hartuta honek ez dituela barne hartzen, besteak beste, instituzioak beraien borondatez uzten dituzten edota lan merkatura sarbidea edukitzeko adin nagusikoa direla dioten adin txikikoak) Espainiako Estatura heldu direnak 28.349 izan dira 2017an.

Adin txikiko hauen gehiengoa penintsularen hegoaldeko mugatik sartzen denez, heltzen direnen %34,44a Andaluzian geratzen da eta %14,3 Melillan. Espainiako Estatu barruan hurrengo helmuga nagusiak Catalunya eta EAE izanik, hurrenez hurren heldutakoen %12,55 eta %10,84 hartzen baitituzte. Nafarroa aldiz, %0,33rekin, migratutako adin txikikoen gutxien hartzen dituen lurraldeen artean daukagu, Errioxa eta Extremaduraren atzetik. 2017an EAEn  tutoretzapean zeuden adin txikiko migratzaileak 695 ziren, 2014an baino %127,12 gehiago.

Hausnarketarako beharra azaleratzen duen egoera gogorra

“Nahiz eta arrisku testuinguruan hauen egoera izan zaurgarriena, Espainiak behin eta berriz ukatzen die gainontzeko norbanakoei gordetzen dizkien eskubide eta tratua”, dio Save The Children-ek. EGKak azpimarratzen duenez, “inkongruentzia onartezina” ari da ematen Espainia adin txikiko hauei ematera konprometitu zenaren eta praktikan eskaintzen zaienaren artean. Babesaren ordez babesgabetasuna, egonkortasuna beharrean prekarietatea eta autonomiaren lekuan aukera eza eskaintzen zaiela salatzen dute txostenean.

Adin txikikoen babeserako sistemaren gainean hausnarketa egiteko aukera bezala planteatu du Save The Children-ek migrazio fluxu hauen areagotzea. Hauen hitzetan, adin txikikoen alde egon beharko lukeen arren huts egiten dien sistemari konponbidea bilatzeak berebiziko garrantzia baitauka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Eguneraketa berriak daude