Hauteskundeen atarian alderdiei eskaerak helarazi dizkie Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak

  • Gutuna bidali die EAEko hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoei. Hiru lan lerro eta bakoitzerako ekimen premiazkoenak zehazten ditu osasun krisiaren testuinguruan sortutako Euskal Herriko Koordinadorak. Programa politikoan ildo horiek integratzeko eskatu die, eta elkarlanerako prestutasuna agertu.


2020ko uztailaren 03an - 17:51
Azaroaren 1a eta 3a bitartean ospatu ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak Durangon. Argazkia: ARGIA.

Uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetara aurkezten diren alderdi “nagusienen” zuzendaritzei bidali die gutun bana Euskal Herriko Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak, “eragin” asmoz. Osasun krisiak bi ondorio nagusi utzi ditu, bere irudiko: “Bizitza krisian dagoela, batetik, eta bizitzaren zaintza kolektiboa izan behar duela, bestetik”. Eredua aldatu eta zaintza sistema indartu ezean, dio, “esentziala ezkutuan eta esku-lan merkez zaintzen” jarraituko dugu.

Alderdi politikoei “erantzukizun eta zer esan” handia dutela esaten die Koordinadorak gutunean, eta horregatik helarazten dizkiola proposamenak, “hauteskunde kanpainan ez ezik, programa politikoan kontutan har ditzazuen”. Hiru lan lerro ezberdintzen ditu, bakoitzean premiazkoenak irizten dituen ekimenak zehaztuz.

Zaintza aitortu, banatu, duindu

Lehenbiziko ildoa zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa da. “E.Hko administrazio guztiekin lurralde arteko harremanak indartzea eta EAEko egitura administratibo osoan zaintza mahaiak sortzea” proposatu die alderdiei Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak. Bigarren lerroa zaintza lanen banaketa bidezkoa da. Oro har gizonak, erakunde publikoak eta sektore pribatua interpelatu beharra nabarmendu du, bi neurri lehenetsita: zaintza arloko zerbitzuen “publifikazioa”, eta gizarte zerbitzuen legea berrikustea.

Azkenik, “zaintzaileen bizi eta lan baldintzak duintzea” exijitzen du Koordinadorak. Horretarako lau ekimen proposatu dizkie alderdiei: Espainiako Estatuak etxeko langileen Lan Erregimen Berezia “deuseztatu” dezan lan egitea; beste horrenbeste egitea Atzerritartasun Legearekin –pertsona guztiak erregularizatuz eta udaletako erroldatzea bermatuz–; Lan Arriskuen Prebentzio Legean zaintzako eta etxeko langileak barnebiltzea; eta zaharren egoitzetako langileen aldarrikapenak betetzea.

Alderdiei konpromiso horiek bere egitea eskatu die Euskal Herriko Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak, eta haiekin biltzeko eta elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu die.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2020
2020-09-01 | Ramón Grosfoguel
Juan Carlos Monederori erantzuna: Podemos alderdiaren jokabide kolonialista

AEBetako Berkeley Unibertsitateko irakaslea eta pentsamendu dekolonialean aditua da Ramón Grosfoguel. Artikulu honetan, Galiziako BNGren eta Euskal Autonomia Erkidegoko EH Bilduren azken hauteskundeetako emaitzez iritzia ematen du, Podemos alderdiko Juan Carlos... [+]


2020-07-26 | Karmelo Landa
Non dago, baina, zure garaipena

Hauteskundeak izan dira oraingoan Euskal Herriaren mendebalde honetan, eta horien ondoren gerta ohi denez, erabateko garaipen loriatsua (auto)aldarrikatzera abiatu da prestu irabazten lar ohituta dugun EAJ.

Luza dakioke gaur EAJri esaldi klasikoan egiten den galdera: Non dago... [+]


2020-07-20 | Z. Oleaga
"Penko" kolektiboa EAEko hauteskundeetan

Demokrazian penko, suspentso, kate, gutxiegi. Politika egiteko oinarritzat hauteskundeak eta bozak dituen jendarte batek hori esan beharko lioke bere buruari herritarren erdiak "festan" parte hartu ere egiten ez duenean, ezta?


2020-07-19 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bozkaleku baten agortze saiakera

Data: 2020ko uztailaren 12a (igandea). Ordua: 13:00. Tokia: H. herriko bozkaleku nagusiko kanpoaldean dagoen banku bat. Eguraldia: orduak iraun dituen euri jasa baten azken tantak. Jende mugimendu etengabea atarian. Talde handirik ez. Gehienak banaka, binaka, trioren bat... [+]


2020-07-19 | Juan Mari Arregi
Eskuineko eta ezkerreko politikak daude

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta bere alderdiak hauteskunde kanpainan esan dutenez, “ezkerrekoak eta eskuinekoak jada ez dira existitzen”. Gaur egun EAEn nagusi den politikaren alternatibarik existituko ez balitz bezala, hau da, ez balego bezala... [+]


Eguneraketa berriak daude