Harrabotsa sortu du Musikariak Ikastetxeetan egitasmoa eten izana Nafarroako Gobernuak

  • Inolako azalpenik eman gabe, posta elektronikoz bidalitako mezu batekin jakinarazi diete egitasmoko kideei datorren urtean ez dutela proiektuarekin jarraituko.

Ekainaren 22an, Musikariak Ikastetxetan egitasmoko kideak Zarauzko institutu publikoan elkartu ziren ikasturtearen balorazioa egiteko. Hurrengo egunean jaso zuten Nafarroako Gobernuaren jakinarazpena. Jon Basagurenek sareetan zintzilikatua.

2023ko ekainaren 29an - 08:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2018an abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan egitasmoa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, derrigorrezko hezkuntza amaitu bitarteko gazteekin euskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz. Besteak beste, kontzertu txikiak eskaintzen zituzten, eta sortzaileak eurak haien bizipenei buruz mintzatzen zitzaizkien gazteei. Egitasmoak Nafarroan izandako harrera ikusita, 2021ean Araba, Bizkaira eta Gipuzkoara hedatu zen Eusko Jaurlaritzaren finantzazio pean.

Nafarroako Gobernuak, inolako azalpenik eman gabe, posta elektronikoz jakinarazi zien "eten" egiten zutela bien arteko harremana. Orain artean harrera oso ona izan dutela azpimarratu dute sortzaileek, bai ikasleen aldetik, bai irakasleen aldetik baita sortzaileen aldetik ere. LAB sindikatuak salatu duenez, Gobernuak berak bazeukan emaitza on horien konstantzia, eta horiek ikusirik, luzapena hitzez adostua zeukatela. Steilas-ek ere irmoki gaitzetsi du gertaturikoa.

Urgentziak biltzeko eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, behar bezalako azalpenak eman ditzan.

Aurrez, baina, ostiralean, ekainaren 30ean, elkarretaratzea egingo dute Hezkuntza Departamentuaren eraikinaren kanpoaldean, 11:30ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude