Hambacheko basoa husten saiatzen ari da Alemaniako polizia

Hambacheko kideak bi polizia agenteren aurrean, iaz (Argazkia: hambacherforst.org)

2018ko irailaren 13an - 10:54
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gaur bertan zabaldu dute alerta mezua Hambacheko basoko ekintzaileek. Bertan diotenaren arabera, Westdeutscher Rundfunk telebista eta irrati kate publikoak emandako informazioaren bitartez, Ipar Renania-Westfaliako eraikuntza ministroak basoko zuhaitzetako etxeak husteko agindua eman duela jakin dute. Azaldu dutenez, sute arriskuaren aitzakia erabili du husteari bidea emateko, zuhaitzetan dagoen jendearen segurtasuna zaintzea helburu duen esku hartzea bailitzan. Ekintzaileei heldu zaien informazioaren arabera, Ipar Renania-Westfaliako “operazio handi eta luzeenetarikoa izan daitekeela diote”.

Blindatutako kamioiak eta ur kanoia baso inguruan ziren goizeko 08:00ak aldera. Hauen atzetik gerturatu dira larrialdi ibilgailu ugari, poliziaren esku hartzeak izango duen tamaina zein izan daitekeen ulertzera emanez. 08:30ak inguruan sartu dira basoan goizaldetik inguruetan ziren polizia agenteak, eta zuhaitzetako etxeak husteko 30 minutu zituztela jakinarazi bertan zirenei. Basoko bizikideak operazioari erresistentzia egiteko prest agertu dira ordea, eta poliziak ez dituela geldituko adierazi dute.

 

Alemaniako ZDF telebista kateko kazetari Ralph Goldmanek zabaldutako informazioaren arabera, erresistentzian ari ziren zenbait kidek bidea mozteko egindako harresia desegiten eman du poliziak lehen ordu eta erdia. Ostean, langileek basoa garbitzeko lekua behar zutela argudiatuta kazetariak kanporatzeari ekin diote agenteek, bertan egotea “arriskutsuegia” dela esanez.

 

Erresistentzian diharduten pertsonen kontra indarrez ari da esku hartzen polizia, Yaena Kwon kazetariak zabaldu duen bideo honek erakusten duenez:  

Polizia ekintzaileen aurka biolentzia erabiltzen ari dela salatzen ari dira bertatik.

Egunetan aurreikusitako egoera

Hambacheko bizikideak ez ditu ustekabean harrapatu basoa husteko operazioak. Aurreko ostegunean eremua husteko saiakeraz geroztik, polizia inguruetan ibili baita. Are gehiago, irailaren 9an, igandea, poliziak astelehen goizaldean eremua husteko asmoa zuela zioen informazioa heldu zitzaien Hambacheko kideei. Biharamunean, baina, baretasuna nagusi zela argitu zuen egunak basoan, eta poliziak desalojorik egongo ez zela jakinarazi zuen. Errepideak blokeatuta aurkitu zituzten, eta basoa husteari ekin aurretik bazeukaten bidea zabaltzen nahikoa lan. Ordutik, berehalako huste baten esperoan, erne ibili dira Hambacheko kideak.

Zer dago basoa husteko xedearen atzean?

RWE konpainia elektrikoak basoaren 100 hektarea hustu nahi ditu lignitoa ateratzeko. Lignito edo ikatz arrea ateratzeko lur azaleko hiru meategi daude Hambachen, eta bertatik ustiatzen duena erreta argindarra sortzen du RWE enpresak. Meategia etengabe ari dira hedatzen, eta dagoeneko basoaren hiru laurden jan dituela kalkulatzen da. Alemaniako basorik zaharrenetarikoa denaren milaka urtetako eboluzioa epe motzean suntsitzen ari dira.

Basoaren suntsipenaren bitartez mundu osoa kaltetzen dela ohartarazten dute ekintzaileek. Izan ere, Hambacheko hiru meategiek eta Rhenaniako bost zentral elektrikoek, Alemaniako karbono dioxidoaren herena isurtzen dute. Berotegi-efektua eragiten duen gasa izanik, mundu osoko klima aldaketan daukan eragina kontuan hartzekoa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2025eko azaroaren 19
Igarobide ekologikoak eolikoen mehatxupean:
Utzi izaten, utzi pasatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.