Hamar hilabetean bi hizkuntzatara itzuli da "Berdea da more berria" liburua

  • Otsailean argitaratu zuen ARGIAk, Manu Robles Arangiz Fundazioarekin elkarlanean, Berdea da more berria liburua, zeinean Onintza Iruretak idatzita utzi duen 2016ko Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantza. Hamar hilabetean ibilbide oparoa egin du liburuak: gaztelera eta katalanera itzulia izan da eta hamar hitzalditan aurkeztua izan da, hauetan hitza hartu dutelarik Bizkaiko greba hartako eta egun bizirik den Gipuzkoako grebetako protagonistek.


2019ko azaroaren 13an - 13:27
Onintza Irureta liburuaren egilea.

Euskaraz argitaratu den urte berean beste bi hizkuntzetara itzultzea, ez da marka makala. Oriol Valls-ek itzuli du katalanera (El verd és el nou lila izenburupean), eta Tigre de paper argitaletxeak kaleratu du. Gaztelerara, aldiz, Maria Colerak itzuli du (No eran trabajadoras, solo mujeres du izenburu) eta Manu Robles Arangiz Fundazioak argitaratu.

Liburuak harrera beroa izan du langile eta feministen artean eta gaia oraindik ere pilpilean da, Gipuzkoako erresidentziak greban dauden honetan, Bizkaiko greba kontatzen duen liburu honek ematen baitizkigu Gipuzkoakoa ulertzeko hainbat gako. ELA sindikatuak liburu hau baliatu du bere kideak borroka feministan formatzeko, eta euskarazko zein erdarazko liburuak banatu ditu bere afiliatuen artean. Harrera beroaren ondorioz, gaztelerazko bigarren edizioa inprentatik ateratzear da. Jatorrizkoa, euskarazkoa erosteko, ARGIAren Azokan dago aukera.

Azaroaren 20tik 23ra Katalunian hitzaldiak emango ditu Onintza Irureta egileak

Dagoeneko hamar hitzaldi eman ditu Onintza Irureta egileak liburua aurkezteko, eta aurkezpen hauetan Bizkaiko greba hartako protagonistek edo egun Gipuzkoako greba burutzen ari direnek hartu dute hitza. Hiri eta herri hauetan egin ditu hitzaldiak: Bilbon hiru, Baionan, Iruñean, Donostian bi, Gasteizen, Azpeitian eta Durangon.

Hurrengo hitzaldi sorta Katalunian emango du: Azaroaren 20an Bartzelonan (19:00etan Col-lectiu ronda-n), azaroaren 21ean Terrassan (19:00etan Llibreria Synusia-n), azaroaren 22an Manresan (19:00etan, Ateneu popular la Sèquia) eta Igualadan (12:00tan, Omniumen egoitzan).

Durangoko Azokan ere egingo du Iruretak aurkezpen hitzaldia: Abenduaren 5ean, 18:30ean Areto Nagusian.

 

 


Eguneraketa berriak daude