Ia 300.000 euro eskatu dizkio Ernairi isunetan Jaurlaritzak: “Orain arte jasandako erasorik larriena da”

  • "Ernai ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen" saiatzea leporatu dio gazte antolakundeak Jaurlaritzari ostegun goizean Bilbon egindako agerraldi jendetsuan. Jakinarazi dutenez, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egin zituzten bi ekimenetan identifikatutako 133 kideei bakoitzari 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak bidali dizkie Jaurlaritzak Mozal Legea baliatuta. Guztiak batuta, orotara 290.500 euro dira. Isunei helegiteak jartzeaz gain, diru-bilketa kanpaina abiatuko dutela adierazi dute.

Ernaik salatu du guztira 300.000 euro inguruko isunak bidali dizkietela. Ernai

2024ko maiatzaren 30an - 15:28
Azken eguneraketa: 17:03

2023ko irailaren 22an, Ernaiko kide Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko dinamikan, Gasteizen eta Bilbon kateaketak eta errepide mozketak egin zituzten. Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegian eta Bilbon, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren eraikinean. Ertzaintza gazteen aurka oldartu zen eta Gasteizen bost pertsona atxilotu zituen.

Ernaiko kideak Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian kateatu ziren. Argazkia: Ernai.

Orain, protesta haietan identifikatutako 133 kideei isunak bidali dizkiete, guztira ia 300.000 euro. "Ernairen aurkako eraso argia da", adierazi dute Bilbon egindako agerraldian, eta Jaurlaritzaren erantzuna desproportzionatua dela salatu dute. "Hau ez da ausaz gertatu, urteetan Ernairen aurka izan duten obsesio etengabean beste urrats bat da", salatu dute.

Isunen aurkako helegiteak jarriko dituztela jakinarazi dute eta beraz, prozesu judiziala abiaraziko dutela. "Ez da erabaki erraza izan, prozesu judizial batek antolakundearen egunerokotasunean zama handia eragiten duelako: baina sinetsita gaude hori dela egoera bidegabe honen aurrean har dezakegun erabakirik egokiena". Erabakia kolektiboa izan dela balioan jarri dute eta zigortutako 133 pertsona horien prestutasuna eskertu dute.

"Mozal legea baliatu dute gure aurka, hori baita 2015etik hona mugimendu sozialak itotzeko darabilten mekanismo errepresibo nagusia. Era sistematikoan edozein protesta sozial eta demokratikoren aurka baliatzen duten tresna. Ikusi izan dugu mugimendu feministaren aurka, lan gatazken aurka, kolektibo arrazializatuen aurka eta beste hainbestetan. Finean, herri honetan indarrean eta martxan dagoen herri mugimendua apaltzeko beste saiakera baten aurrean gaude", kritikatu dute.

"Gure proiektua deserosoa zaie. Hori guztia ezkerreko independentismoa hegemonia politiko eta ideologikoa irabazten ari den unean dator, instituzioetan, masa mobilizazioan zein mugimendu sozialetan. Aldaketak eragiteko gaitasuna dugu, gazteon bizitzak hobetzeko eta herri honen etorkizuna marrazteko. Aurrera goaz, gehiago gara eta haiek beldur dira", azpimarratu dute.

Bilbon errepidea moztu eta eraikinera kateatu ziren Ernaiko kideak. Ernai

Diru bilketarako kanpaina jarri dute abian da kontu korronte bat jakinarazi dute, ekarpenak jasotzeko: ES14 3035 0108 01 1080050918. Lagundu nahi dutenei, "Dohaintza" kontzeptuarekin egiteko eskatu diete. Horrez gain, elkartasun zozketa eta crowdfunding bat abiaraziko dutela ere jakinarazi dute.

"Egoera oso larria da, eskubide zibil eta politikoetan atzerapauso izugarria dakar, Segurtasun Sailaren jarrera antidemokratikoa argi uzten duena eta Ernai ezeztatzea helburu duena. Baina argi entzun dezatela: oker zabiltzate. Hemen gaude, asko gara eta lanean jarraituko dugu", salatu dute. Hala ere, adierazi dute: auzi honek, beren lanean berresteko baino ez diela balio, "eta are indar eta ilusio handiagoarekin aurrera jarraitzeko nahia" biderkatzen diela. "Konbentzituta gaudelako gazte borrokak, konpromisoa eta antolakuntza ezinbestekoak direla inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria irabazteko. Eta horretan jarraituko dugu. Izan ere, hemen bada aurrera egin nahi duen herri bat, eta gu, gazte independentistok, izango gara horren motorra. Horregatik, elkarrekin batuz, bidean aurrera egingo dugu".

Ernaiko kideak osteguneko agerraldian. Ernai

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ernai
Ernaik salatu du Zelaia eta Barbadoren atxiloketan herri oso bat makurrarazteko estrategia bat dagoela

Gazte antolakundeak "amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna" azpimarratu du. Atxiloketa prozesuaren atzean dagoena salatzea ez ezik, Ernairen norabidea zehaztu du.


Ernaiko kideak Bilbon eta Gasteizen kateatu dira, Barbado eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren kontra

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.


Eguneraketa berriak daude