GuraSOS: "35 urteetarako gatazkarik ez! Adostasuna, osasuna eta bakea!"

  • Sinbolismoz betetako ekitaldiarekin borobildu zuen GuraSOSek, larunbat arratsaldean Donostian barrena hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka adostasunez konpontzearen alde egindako manifestazio jendetsua. Zapi zuriak, korapilorik gabeko soka, Joxan Artzeren Txoriak Txori abestia baliatu zituzten, oraindik orain ika-mikarako dugun gai honetan, adostasuna, osasuna eta bakea aldarrikatzeko. Hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkari konponbide adostua emateko.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko otsailaren 25an - 09:03
Manifestazio burua Donostian, otsailaren 23an. Argazkia: Irutxuloko Hitza.

"Gure haurrak, ingurumena eta osasuna babesteko etorri gara!", zioten GuraSOSeko ordezkariek, Bulebarreko oholtza gainetik, manifestazioan parte hartu zuten milaka lagunei eskerrak helaraztearekin batera.  Erakundeek hainbat komunikabideren laguntzaz, gizarteari hitza kendu eta "hutsaren hurrengo garela sinestarazi" nahi izan arren, "gizartea esnatu da. Ez dago lo!" gogorarazi zuten, erakundeen aldetik jarritako trabak salatzearekin batera.   Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak hartu zituzten ahotan. Aldaketarik ez bada, datorren martxoaren 6an onartuko dute Batzar Nagusiek Gipuzkoako agintariek (EAJ, PSE) landua duten 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana.  Gogoan izan ordea, pasa den urtean zehar, elkarrizketaren bidetik, osasun, ekonomia eta teknikaren ikuspuntutik Hitzartu plan alternatibo jasangarri eta bideragarria landu, adostu eta erredaktatu zutela Gipuzkoako hainbat herritar, eragile eta adituek. Plan hau foru agintarien esku dago. Prozesu honen testuinguruan eratutako Berme Batzordeak elkarrizketarako bidea irekitzea eskatu zien foru agintariei. "Ez da erantzunik izan", zioten GuraSOSeko ordezkariek Bulebarreko ekitaldian.

 "Egiarekin konprometituak gaude"

Zubietako erraustegiari lotua, proiektu honen sustatzaileek ezkutuan zituzten komunikazio eta ingurumen zaintza plan konfidentzialak eman ditu argitara asteotan. "Egiarekin konprometituak gaude, ez dugu sekreturik nahi ingurumen eta osasunari eragiten dieten gaietan", GuraSOSeko kideek ziotenez. Dokumentuon plazaratzeak hautsak harrotu ditu. "Imanol Lasa (Foru Aldundiko bozeramailea) azken aste hauetan denetik entzun dugu, borroka, gerra, gadua duzue, ez dago zer eginik, ez sartu politikan, gurea, ez dugu onartuko...", zioten GuraSOSeko ordezkariek foru agintariek baliatutako hitz eta adierazpenak gogora ekarrita. Horren aurrean, argi zioten, "ez duzue ezer ulertu! Ez gaude borrokarako, elkarlananerako, aurrera elkarrekin egiteko baizik", eskuetan zapi zuriak astintzen zituzten artean. Adostasunerako keinuak eginez, Foru Aldundiak landu eta onartzear duen hondakinen kudeaketa planaren zenbait proposamen, "gureak egiten ditugu. Adibidez, TMB-a, biometanizazioa, baina labeak ez! Erraustegia inola ere ez! Erraustegiari ez!", oihukatu zuten, bertan zirenen txalo eta errausketaren aurkako oihu artean.

Elkarlanerako deia, Europatik eskatu bezala

Hondakinen erraustearen aurrean, jendarteak emandako irizpideak gogorarazi zizkien GuraSOSek foru agintariei. "Osasuna lehenestea, eraikin eta instalakuntzak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta bideragarri izatea". Hitzartu planaren oinarriak ditugu honako hauek. Aipatu moduan ordea, martxoaren 6an onartzekoa dute Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren plana. Eta horrekin, "garaipena irudikatu nahi duzue Batzar Nagusietan. Ez egin gerra gizartearen aurka. Begira zer dioen Europatik, Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidente ordeak: ingurumen erronkei, eta zehazkiago hondakinenei, hiritarren eta gobernuen arteko elkarlanarekin aurre egin behar zaie".  Gipuzkoan ere oraindik garaiz gaudela gogorarazten du GuraSOSek, "eskura dugu benetako aukera, benetako konponbidea. 35 urteetarako gatazkarik ez! Adostasuna, osasuna eta bakea!". 

Korapilo gabeko soka

Aipatu moduan, sinboloez jositako ekitaldia izan zen Bulebarrekoa. GuraSOSen ekitaldian zehar, haur bat soka bateko korapiloak askatzen aritu zen. "Soka hau askatzen, desadostasunaren korapiloak desegin nahi izan ditu. Hemen soka berri bat, herritarrok erakundeei eskainia. Denon artean, Gipuzkoa osasuntsu eta hobea josi dezakeena".   Hondakinen kudeaketaren ardura guztiona dela gogoraraziz, "adostu dezagun mesedez!" galdeginez amaitu zuten, Joxan Artzek sortutako "Txoriak txori" abestuz milaka lagun batu zituen manifestazioa. 

Artikulu hau Noauak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude