GuraSOSek salatu du erraustegiaren baimena iraungita dagoela eta "Kontuz, ama naiz!" kanpaina abiatu du

  • GuraSOS elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari eskatu dio iraungitzat eman dezala Zubietako erraustegiari emandako ingurumen baimen bateratua (IBB), horietan frogatarako izendatutako epeak agortu dituelako. Salatu du ere erraustegiaren kudeaketa daraman Ekondakin enpresak gezurrezko informazioak eman dizkiela agintariei, epeen agortze hori saihestu nahian. Eta kanpaina bat martxan jarri dute: #KontuzAmaNaiz.


2020ko urtarrilaren 29an - 13:05

GuraSOS elkarteak asteazkenean, 29, Donostian eskaini duen prentsaurrekoan salatu du Zubietako erraustegietan frogak egiteko aitzakiatan egiten ari diren lanak legez kanpokoak direla, Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratuan frogetarako emandako epeak gainditu egin dituztelako.

Epez kanpo frogak egiten jarraitzeko luzapen bila Ekondakin enpresako arduradunek gezurrezko informazioa eman zioten Jaurlaritzari, GuraSOSek dioenez, eta horren ondorioz ez Ingurumen sailak baina Industria sailak espedientea ireki dio enpresari irregulartasun horiek direla eta. GuraSOSen arabera, enpresak gezurrak zabaldu ditu atzerapenak zuritu nahian eta joan den udan gertatutako istripu elektrikoaz eta bestetaz esandakoak ez dira gertatu Ekondakinek argudiatu bezala.

Ororen buru, GuraSOSek uste du dagoenekoz iraungita dagoela Zubietako erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua eta ondorioz Eusko Jaurlaritzari eskatu dio erraustegiaren lanak gelditzeko. Elkartearen arduradunen hitzetan, "Ingurumen Baimen Bateratua ez betetzeak Zubietako Erraustegiaren proiektua erreka jotzera eraman dezake". Prentsaurrekoan Joseba Belaustegi abokatuak Eusko Jaurlaritzari eta auzitegietako epaileei espresuki eskatu die esku hartu dezaten gaian.

Bestalde, Usurbilgo emakume talde bat ere azaldu da GuraSOSen prentsaurrekoan, adierazteko beren haurren osasuna bermatu nahian abian jartzera doazela #KontuzAmaNaiz kanpaina, zeinaren zertzeladak dagozen egunetan jakinaraziko dituzten.

GuraSOSeko arduradunek zabaldu duten prentsa oharrean Zubietako erraustegiaren kontrako borroka irabazitzat eman dute horrela: "Amesgaiztoa amaitzear da. Erraustegiaren proiektuaren porrota ez da ezeren amaiera baizik eta arazo publikoak kudeatzeko modu berri baten hasiera, herritarren kontrol demokratikoaren bitartez osasuna eta ingurumena lehenetsiz".

Hona GuraSOSek zabaldu duen agiria osorik:

Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez betetzeak Zubietako erraustegiaren proiektua erreka jotzera eraman dezake

Ingurumen Sailak GuraSOSek urtarrilaren 23an bidalitako eskari bat ebatzi beharko du IBB formalki iraungia deklaratzeko.

· Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) idatziz aitortu dio GuraSOSi ekainaren 11n “istripu” bat gertatu zela erraustegian, eta ez soilik “matxura”, orain arte zioten bezala, gertakariaren larritasuna ezkutatzeko.

· GuraSOSek beste kanpaina bati ekingo dio “kontuz, ama naiz” goiburuarekin, erraustegiaren abian jartzeko fasera bideratua.

GuraSOSek IBB ez betetzeagatik Zubietako erraustegia geldiarazteko egindako eskariaren gainean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak ebazpena eman behar duen honetan, gizarte erakunde honek “kontuz, ama naiz” herri kanpainaren hasiera iragarri du, eta aldi berean azaleratu du GHKren (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa) agiri bat, non onartzen den 2019ko ekainaren 11n “istripu” bat gertatu zela, eta ez “matxura” bat, aipaturiko instalazioan.

Hori guztia gaur eman da ezagutzera, ostirala, 2020ko urtarrilak 31, Donostian egindako prentsaurrekoaren buruan, nora GuraSOSen ordezkariak agertu diren, eta era berean ama batzuk, zeinak prest agertu diren, baldin eta erraustegia abian jartzen bada, seme-alabei ematen dieten bular-esnean ager daitekeen toxikotasunaren analisi jarraituan parte hartzeko. Atzean kanpainaren kartela ikus zitekeen eta bertan ere ama talde honen partaideak ageri dira.

Ordezkari horiek baieztatu dute erraustegiaren proiektua “geldiaraz daitekeela, abiaraztean izaten ari den zailtasun teknikoengatik ez ezik, zeinak jendaurrean ezkutatzen edo desitxuratzen diren, egiten ari diren irregulartasun eta legezkontrakotasunen metaketagatik ere, erraustegiaren izate antisozial eta antiekologikoa dela eta, tramitatzeko orduan burutzen ari direnak”.

GuraSOSen salaketan jasoa dagoen bezala, “IBB iraungia da eta espero da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak datozen egunotan hala aitortuko duela”.

GuraSOSek adierazi du 2019ko irailaren 27an kontzesioduna den “Ekondakin Energia y Medio Ambiente (Urbaser y Cia)” enpresak larrialdiko SOS ozen eta argi bat igorri ziola GHKri: Edota erraustegiaren probaldiaren etendura bat eskatzen zuen eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak onartzen zuen, edo bestela, proiektua haizea hartzera zihoan Ingurumen Baimen Bateratua iraungitzeagatik”.

Prentsaurrekoan erakutsitako Ekondakin-en idatzian (ohar honi 1. zenbakiko agiri gisa eransten zaio), ez da ezkutatzen proiektuaren egoeraren larritasuna: “proiektuaren bideragarritasunerako ez dago beste aukerarik probaldia etetea baino, ekainaren 11tik”.

GuraSOSek azaldu du probaldia 2019ko apirilaren 24an hasi zela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzaren apirilaren 23ko ebazpenaren ondotik, zeinak IBBn aurreikusitako bost probaldietatik gehieneko epea 7,5 hilabetera luzatu zuen.

GuraSOS gizarte erakundeak azaldu du probaldiak abenduaren 9an amaitu behar zuela eta horrenbestez IBB eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungi direla. GuraSOSek defendatzen du Ingurumen Sailaren ebazpenak ildo horretakoa izan behar duela, gorago aipaturiko Baimena eta Adierazpena baliogabetuz. Hortik eratorriko lirateke erraustegia abian jartzeko ezintasuna eta ustiapen kontratua hutsaltzea.

Ondorio horiek saihesteko, GHK-k Urbaser kontzesiodunari obeditu zion eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari probaldia eteteko eskatu zion.

GHK-k erabili zuen argudioa jasota dago Ingurumen Sailburuordetzaren 2019ko urriaren 17ko ebazpenean, zeinak probak egiteko epearen aldi bateko etendura ebatzi zuen.

Aipaturiko idatziak honela dio: 2019ko urriaren 2an igorritako idatziaren bitartez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aditzera eman du energia-horniduran arazoak daudela -2019ko ekainaren 11tik hornidura elektrikorik gabe daude transformadore nagusiaren lehen energizazio fasean gertaturiko akats baten ondorioz- TMB eta PVEren instalazioen ekipoei egoztekoak ez direnak, eta probak beroan hastea eragozten dietenak (…) eta probaldiaren aldi baterako etendura eskatzen dute arazo horiek konpondu eta konponduak daudela egiaztatzen duten proba teknikoak egin arte.

Alabaina, argudio bakar hori GuraSOSen iritzian dobleki da faltsua.

GHK-k bazekien hornidura elektrikoaren arazoa etendura eskaria baino lehenago konpondu zela, hala aitortzen baitio kontzesiodunak irailaren 27ko eskarian. Garai hartarako energizazio prozesua jada osoa zen, eta hala egiaztatzen duten proba teknikoak eginak ziren. Zehazki, TÜV Rheinland-eko aditu bat irailaren 14an heldu zen instalazioetara, eta gomendio batzuk proposatu zituen, irailaren 20an gauzatu zirenak.

Bigarren faltsukeria horniduraren arazoari dagokiona da. Hornidura-falta sortu duen akatsa instalazioetako ekipoena ez baizik eta kanpokoena zela alegatzen zen. Baina, benetan, arazoa transformadore nagusian gertatu zen, zeina instalazioetako parte den, eta kontratuarena berarena, eta erraustegiaren eraikinaren beraren erdian dago kokaturik. Honek guztiak aditzera ematen du gezur horrekin kontsesiodunaren epeen ez-betetzea zuritu nahi zutela, hartara haiek hari ez-egoztekoak bilakatuz, bestela penalizazioak ordaindu beharrean izango zelako hura.

GuraSOSen arabera, kontsesiodunak aipatu ditugun egitateak onartu zituen 2019ko abenduaren 4ko idatzi bidez Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, AT-J-2018-1 espedientean. Hori guztia 2019ko azaroaren 14an Industria eta Energia Administrazioko koordinatzaileak egindako txosten eskariari erantzunez, hartara kontraesana argitzeko Industrian aurkezturiko Balorizazio Energetikoaren Plantaren sorrerarako Instalazio elektrikoaren Proiekturako obra partzialaren Zuzendaritza Ziurtagiriaren eta Ingurumeneko Sailburuordetzaren 2019ko urriaren 17ko Ebazpenaren artean. Idatzi hori “2. zenbakiko agiri” gisa doa erantsirik.

GuraSOSek baieztatzen du azaroaren 25ean GHK-k berriz ere gezurra esan duela, Sailburuordetzari helaraztean arazoak konpondu direla, zeren hori jada gertatzen zen etendura eskatu zuenean. Ondorioz, Ingurumeneko Sailburuordetzak urriaren 17an erabakitako etendura kendu zuen 2019ko azaroaren 26ko ebazpenaren bidez.

GuraSOSek aditzera eman du urtarrilaren 23an eman zuela agiri horien berri Ingurumen Sailean, zeinek frogatzen duten probaldien inolako etendurarik ez dela egon, hartara, haien argitan, IBBren iraungitzea adieraz dezan, egiaztatua gelditzen baita urriaren 17an erabakitako probaldiaren etendura itxurazkoa baino ez zela. Eskari berean eskatzen du behin-behineko etendura harik eta iraungitze espedientea izapidetu arte, eta zehapen espedientea irekitzeko GHKri adierazitako faltsukeriengatik.

Horri buruz, GuraSOSek dei bat egiten dio Eusko Legebiltzarrari Botere Betearazlearen kontrol-eginkizuna baliaturik arazo larri honi jarraipena egin diezaion.

Ekainaren 11ko istripua

GuraSOSek beste agiri bat ere plazaratu du non GHK-k gizarte erakundeari aitortzen dion 2019ko ekainaren 11n “istripu” bat egon zela erraustegian. Istripua 13,30ean gertatu zen, langileak bazkaltzen ari zirela.

Aldez aurretik, GHK-ko eledunek adierazpen publikoak eginak zituzten, baina kasu hauetan derrigorrezkoa den bezala, informazio ofizial formalik igorri gabe, instalazioetan “matxuraren bat” edo “arazoren bat” gertatu zela aditzera emanik, baina ukatuz “istripurik” gertatu zenik, eta bistan da kakotxa artean jarri ditugun termino horien artean eduki semantiko oso desberdina dutela larritasun mailari dagokionez hizkuntza espezializatuan.

Gertaerak kontuan, GuraSOSek horri buruzko informazio ofiziala eskatu zuen Gardentasunaren legean aurreikusitako mekanismoaren bitartez, “Berria” egunkariak argitaratutako datuak aurkeztuz. Datu horien arabera, benetan gertatu zena “istripu” bat izan zen, are leherketa bat entzun omen zen, eta erraustegiaren transformadore nagusian garrantzi handi samarreko kalteak gertatu bide ziren.

GuraSOSi helarazitako erantzunean (3. zenbakiko Agiri gisa eransten da prentsa-dosierrean) onartzen da ofizialki lehenbiziko aldiz “istripu” bat gertatu zela, nahiz eta erantzunak saihesten duen transformadorean leherketaz hitz egitea. Era berean baieztatzen da “tiro” bat gertatu zela eta “distiraldi” bat, eta aitortzen da transformadorearen estaldurak kalteak izan zituela.

Kalteok Ekondakin-ek Industriara abenduaren 4an bidalitako idatzian deskribaturik daude (2. zenbakiko Agiria), eta ez dira hutsalak, ez direnez.

Hori gorabehera, GHK-k jarraitzen du ezkutatzen istripua zein legez kontrako zirkunstantzia larrietan gertatu zen.

GuraSOSen esku dagoen informazioaren arabera, transformadorea eraiki zen eta abian jarri zen Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren beharrezko baimenik gabe, zeinak paradoxikoki hilabeteak geroago onartu zuen haren eraikuntza, hain zuzen abuztuaren 13an. (4. zenbakiko agiria). Baina ordurako eraikia ez ezik, klandestinoki probatua ere bazegoen delako emaitza malapartatu horrekin.

Praktikan, Eusko Jaurlaritzaren Industria Ordezkaritzak zehapen espedientea hasi du egitate horiengatik.

Irregulartasun larri horiek gorabehera, GHK-k ez du diziplina-neurririk hartu, eta gainera ahalegindu da iritzi publikoari ezkutatzen zer gertatu den, normaltasun faltsuaren itxura eginez.

Jokabide hori al du pentsatua instalazioaren etorkizunerako?, galdetzen du GuraSOSek.

“Kontuz, ama naiz!”

Harik eta erraustegiaren kaltegabetasunaz berme osoak eta haren funtzionamenduaren gaineko kontrol demokratikoa egon arte, hura abian jartzea eragozteko GuraSOSek zenbait bide uztartuko ditu: Juridikoa, diplomatikoa eta mobilizatzailea.

Bide juridikoari dagokionez, GuraSOSek iragarri du datozen asteetan ekimen berriak emango dituela ezagutzera.

Era berean gogorarazi du irekia dagoela EAEko Auzitegi Nagusiaren dagokion salan, Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka irekitako administrazioarekiko auzia, zeinen sententzia datozen hilabeteetan jakinaraziko den, urtarrilaren 7an prozedura amaituta geratu baitzen, bozketa eta epaitzaren zain. Kausa horretan 2016an gertaturiko Ingurumen Baimen Bateratuaren bigarren iraungitze kausa ebatzi behar da.

Era berean ebatzi gabe dago oraindik guraSOSek Europar Batzordean jarritako kexa, izapidetzeko onartu zena.

Baina GuraSOSek baieztatzen du jarraitzen duela elkarrizketa lehenesten, eta lurraldeko foru agintariekin komunikazio bide bat ireki nahi du, gatazka honen konponbidera erakundeen eta gizartearen arteko adostasun bidez heltze aldera.

Jakitun da ez dela erraza izango eta beharrezkoa izango dela “mobilizazio soziala” “ate hori” irekitzeko.

Atal honetan kokatzen da gaur iragarritako kanpaina “Kontuz, ama naiz!”, zeinen xehetasunak datozen asteotan emango diren ezagutzera.

Irtenbiderik ez, konpondu beharreko arazoa bai

GuraSOSen arabera, erraustegiak ezer konpondu baino mahai gainean jarri egin du osasun, ingurumen, ekonomia eta politika arloko arazo handi bat, 35 urteko epeari begira gainera. Adierazten du premiazkoa dela guztion artean irtenbide benetakoa, bidezkoa eta demokratikoa aurkitzea, berme eta kontrol demokratikoan oinarritua.

Bakarrik familia batzuen lana eta jarraitutasuna ari da azalera ateratzen egia eskandalagarria. Baina ezin da onartu gizarte demokratiko batek gehiegikeria hauek zuzentzeko tresnarik ez izatea, eta haiek desestaltzeko lana kaltetuen esku esperientziagabeen gain uztea.

Kontrol demokratikoko mekanismoetara jotzen dugu: Auzitegiek beraiei dagozkien neurriak hartu beharko dituzte, eta Legebiltzarrak eta Batzar Nagusiek dagokien kontrol politikoa egin beharko dute. Azkenik, gizarteak ustelkeriarekiko eta ingurumenaren hondamenarekiko “zero tolerantziaren” mezu garbia plazaratu behar du.

Amesgaiztoa amaitzear da. Erraustegiaren proiektuaren porrota ez da ezeren amaiera baizik eta arazo publikoak kudeatzeko modu berri baten hasiera, herritarren kontrol demokratikoaren bitartez osasuna eta ingurumena lehenetsiz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude