Guaidok Venezuelako presidente izendatu du bere burua, AEBen itzalpean

  • Maduroren "usurpazioa" eten nahi du. Trumpek ordu gutxiren buruan onetsi du, eta bere atzetik Amerikako beste hamar herrialdek egin dute. Madurok presidentea izaten jarraitzen duela esan du: “Herriak bakarrik jar eta ken dezake presidentea”.

Gorka Pe˝agarikano Goikoetxea @PenagarikanoG
2019ko urtarrilaren 24a

Oposizioak bultzatuta, Nicolas Maduro egungo Venezuelako presidentearen aurkako manifestazioa egin dute asteazkenean. Berria ekitaldiaren amaieran etorri zen: Juan Guaido Asanblada Nazionaleko eta oposizioko buruak herrialdeko presidente izendatu du bere burua, milaka herritarren babesarekin. Madurori “joateko” eskatu dio: “Urrats hau egin dut usurpazioa eteteko, trantsiziorako gobernu bat sortzeko eta hauteskunde libreak egiteko”.

Astea bero doa Venezuelan. Astelehenean Nicolas Maduro presidentearen aurkako erasoa izan zen Caracaseko polizia kuartelaren kanpoaldean, eta Vladimir Padrino herrialdeko Defentsa ministroak “estatu kolpe saiakeratzat ” jo zuen. Poliziak egun horretan bertan hartu zuen egoeraren kontrola. Bi egunez jarraian protestak izan dira Venezuelan, eta oposizioak bultzatuta, manifestazioa jendetsua deitu zuten asteazkenerako. “Botere exekutiboa nire gain hartzen dut”, aldarrikatu du Guaidok.

Egunotan liskarrak eta atxilotuak izaten ari dira. El Pais-en arabera, 16 hildako egon daitezke dagoeneko.

Gobernu “inperialista”

Herriaren subiranotasunaz mintzatu da Maduro: “Herriak bakarrik jar eta ken dezake presidentea, eta herriak ez du erabaki”. Oposizioko kideen jarrera “bidegabea” dela esan du, eta orain Justiziari dagokiola esku hartzea. Dena den, kargua “inolaz ere” ez duela utziko adierazi zuen.

Fokoa Guaidorengan jarri baino, AEBetan jarri du. Estatu kolpeak AEBen interesak biltzen dituela esan du: “Beraien gobernu inperialistak bere interesak aplikatu nahi ditu Venezuelan”. Horregatik AEBekin dituen harreman diplomatiko eta politikoak hautsiko dituela adierazi du, eta 72 orduko epea eman dio Venezuelan duen enbaxada uzteko. “Diktadorea naizela diote, baina ni ez nintzen Amerikako Eskolan hezi; bertan formatu dituzte Hego Amerikako eta Karibeko historiako diktadore guztiak”, zuzendu zaio AEBei.

Gehienak Guaidoren alde

Juan Guaidok bere burua Venezuelako presidente izendatu eta ordu gutxira, Donald Trump AEBetako presidenteak bere jarrera onetsi zuen berehala. Bere atzetik etorri dira kontinenteko herrialde gehienak: Kanada, Brasil, Paraguay, Kolonbia, Argentina, Peru, Ekuador, Costa Rica, Txile eta Guatemala.

Defendatu dutenak bestalde, Bolivia, Kuba eta Mexiko izan dira –aldaketarako gobernua du iazko abendutik–.

Euskal Herrian, alde zein aurka

Sortuk inperialismoak Venezuelan sustatu duen estatu kolpe saiakera gaitzetsi du

Izaskun Bilbao EAJren Europako legebiltzarkideak Europar Batasunak zabaldutako prentsa oharrarekin bat etorri da: "Venezuelak masiboki demokraziaren aldeko hautua egin du eta ezin dugu entzungor egin: erabat babesten dugu Asanblada Nazionala".

Alberto Garzonek (IU) Guaidoren jarrera gaitzetsi du, eta Iñaki Anasagastik (EAJ) Twitter bitartez "gonbitea" luzatu dio lau urtez Venezuelara bizitzera joateko. Madurorena diktadura dela eta azken lau urteetan 4 milioi herritar "erbesteratu" behar izan direla esan dio.

Anasagastik Guaidoren alde Bilbon eginiko ekitaldi batean parte hartu zuen asteazken arratsaldean. Maduro eta Maduroren aldekoak "jendilajeak" direla eta "inguraturik" daudela esan zuen. Hona bideoa:

Europa: "Venezuelak aldaketa behar du"

Espainiako Estatuan, Pablo Casado eta Albert Rivera –PPko eta Ciudadanoseko buruak, hurrenez hurren– Pedro Sanchez presidenteari zuzendu zaie, Guaido onetsi dezan. Felipe Gonzalez presidente ohia ere ildo beretik doa. "Maduro diktadore bat baino okerragoa da; tirano bat da", adierazi zuen Cadena Ser-en. Europar Batasunari onartzeko eskatu dio.

Bestalde, Europako Kontseiluko presidente Donald Tusk poloniarrak Guaido buru duen Asanblada Nazionala hobetsi zuen: “Madurok ez bezala, ideia demokratikoak dituzte; Venezuelak aldaketa behar du”. Georgiak ere gauza bera esan du.

Maduroren aldeko jarrera erakutsi dutenak, momentuz, Turkia eta Errusia izan dira.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Venezuela  |  AEB  |  Nicolas Maduro

Venezuela kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut
Eguneraketa berriak daude