Guaidok ez du baztertzen AEBen esku-hartze militarraren aukera Venezuelan

  • Koronabirusaren krisian ez du Venezuelako krisi politikoa baretu. Juan Guaidok, munduko 55 estatuk Venezuelako behin behineko presidentetzat hartu dutenak, esan du ez duela baztertzen AEBetako armadaren esku-hartzea herritarrek hauteskundeetan aukeratutako Nicolas Maduro gobernutik kentzeko.

Juan Guaido. Argazkia: El Comercio Perú.

2020ko apirilaren 03an - 14:39

“Aukera guztiak” posible direla esan du Guaidok, Donald Trump AEBetako presidenteak armada Karibera bidaliko duela argitaratu eta ordu gutxira. Ariketa militar hori kokaina AEBetara heltzea eragozteko egin duela adierazi du Trumpek. 1989an Panama inbaditu zutenetik ez da horrelako operazio militar handirik izan eremu horretan. Madurori FARCekin lankidetzan narkotrafikoa egotzi eta egun batzuen buruan egin dute mugimendu militarra.

Guaido presidente autoizendatuak argi adierazi du bere nahia: “Elkarlana dago AEB eta gure aliatuen artean. Helburua diktaduraren aurka presioa sortzea da”.

Venezuela Hego Amerikan hildako eta kutsatu gehien dituen herrialdea izan daitekela esan du Trumpek, eta horregatik, larrialdiko gobernu bat sortzeko beharra adierazi du. Guaidok bat egin du eskari horrekin, eta gehitu du gobernu horretan herrialdeko sektore guztietako jendea egon beharko litzatekeela, narkotrafikoa, terrorismoa edo giza eskubideen aurkako krimenak dituztenak izan ezik. Azken delitu horiek, ordea, AEBek Maduroren gobernuari leporatu dizkiotenak dira.

Maduro eta Guaidorik gabeko gobernua

AEBek 2020ko amaieran hauteskundeak egiteko eskatu dio Venezuelari. Bien bitartean, "trantsizio gobernu" bat osatzeko asmoa erakutsi du, Maduro edo Guaidok parte-hartuko ez luketena. Estatu Kontseilu horretan bost ordezkari egongo lirateke, Gobernuko alderdikoak eta oposiziokoak.

Trantsizio gobernuko presidenteak ezingo luke bere burua hauteskunde presidentzialetan aurkeztu, baina Juan Guaidorekin salbuespena egin du Mike Pompeo AEBtako estatu idazkariak: "Momentu hauetan Venezuelako politikorik maitatuena da". Guaidok lan oso ona egin duela eta AEBen babesa izaten jarraitzen duela esan, eta Madurok ez duela Venezuelan inoiz gehiago aginduko esaten amaitu ditu adierazpenak.

Erabaki horren aurka agertu da Errusiako kanpo harremanetarako ministrerioko ordezkaria, Maria Zajárova. Mendebaldeko herrialdeek Venezuelako koronabirusaren krisia estatu kolpe bat emateko aprobetxatu nahi dutela adierazi du, eta gehitu du pandemiaren erdian horrelako proposamenak egiteak "zentzugabekeri sentsazio absolutu bat" sortzen duela.

Mike Pompeo AEBtako estatu idazkaria eta Juan Guaido.

Barne-haustura

Guaidok, “aukera guztiak” baliatu nahi ditu Maduro gobernutik kentzeko. Jarrera horrek desadostasunak sortu ditu oposizioaren barruan, batzuk ez baitatoz bat AEBen parte-hartzearekin. Stalin Gonzalezek, orain arte Guaidoren aliatu handienetakoa izan denak, iritzi hori erakutsi du La Vanguardian egindako adierazpenetan. “Trantsizioaz eta apurketaz hitz egitea kontraesana da. Nik ez dut uste krisi honetatik apurketaren bitartez irten gaitezkeenik”.

Adiskidetze pragmatikoaren alde agertu dira Gonzalez eta beste zenbait oposizioko agintari. Koronabirusaren krisia adiskidetze horretarako egoera aproposa izan daiteke, izan ere oposizioko sektore handi batek baiezkoa eman dio herrialde osoa konfinatzeari.

“Nahi ala nahi ez chavismoa indar politikoa da. Politika egiteko espazio bat aurkitu behar dugu”, dio Gonzalezek, eta egoera edozein dela ere chavismoak hauteskundeetan parte-hartu behar duela esan du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude