Grebara deitu dituzte sektore publikoko 150.000 langile Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

  • Urriaren 25erako eta abenduaren 19arako egin dute deialdia. Sindikatuek salatu dute sektore publikoak "nabarmen" egin duela okerrera, baita bertako langileen baldintzek ere.

LAB, ELA, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek prentsaurrekoa egin dute Bilbon. (Argazkia: CCOO)

2023ko irailaren 15ean - 11:30
Azken eguneraketa: 15:08
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Sindikatuek greba deialdia egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan urriaren 25ean eta abenduaren 19an. LAB, ELA, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, sektore publikoko ordezkaritza sindikalaren %85 osatzen dutenek. UGTk ez du bat egin grebarekin.

Sindikatuek ostiralean prentsaurrekoa egin dute Bilbon, eta guztira 150.000 langile deitu dituzte grebara. Alderdi politikoei eskatu diete Espainiako aurrekontuetan eragiteko eta EAEkoetan aldaketak egiteko.

Prentsaurrekoan salatu dute zerbitzu publikoak "nabarmen" egin duela okerrera, eta lan-baldintzak okertu egin direla. Horren adibidetzat jo dituzte, besteak beste, honako puntuak: murrizketak, plantilla urriak, lan-kargak handitzea eta ordezkapenik ez egitea. 

Nabarmendu dute sektore publikoa pribatizatzen ari direla, eta dagoeneko 100.000 langile inguru daudela azpikontratatuta. Behin-behinekotasun tasak "onartezinak" direla azpimarratu dute, eta hori are handiagoa dela emakumeen artean. Azaldu dute lan-baldintzen okertzeak gehiago eragiten duela emakumeengan, esaterako, lanaldi partzialak orokorragoak direla sektore feminizatuenetan eta soldata arrakala %25 baino handiagoa dela. 

Sindikatuen arabera, euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dute: "Gizarte premiak larriagotzen eta zerbitzu publikoak okertzen diren bitartean euskal gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta dituzte".

Sindikatuen eskakizunak

Euskal erakundeei negoziazio-mahaietan zenbait neurri adosteko eskatu diete. Alde batetik, soldatak %10 igotzea. Enpleguari dagokionez, pribatizazio berririk ez egitea eta jada pribatizatutakoa publifikatzeko plana adostea, behin-behinekotasuna %8 baino txikiagoa izatea, jardunaldi partzialik ez inposatzea, eta plantillak gaztetzeko neurriak hartzea. 

Lan-osasunari dagokionez, eskatu dute lan-kargak murrizteko neurriak adostea eta langileen ongizatea bermatzeko arriskuak ebaluatzea. Administrazioaren "benetako euskalduntzea" bermatzeko planak adosteko beharra azpimarratu dute, horretarako lehen aldiz lanpostu publiko bat betetzean euskararen ezagutza duten langileak hautatuta eta jada lanean daudenei euskalduntzeko baliabideak eskainita. Azkenik, "berdintasunerako benetako urratsak" ekarriko dituzten neurriak hartzea eskatu dute, besteak beste, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak negoziatzea.


Sindikalgintza kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...