Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa lehenestea eta erdigunean jartzea".
Nafarroako hezkuntza publikoko greba eguna pikete informatiboekin eta zutabeekin hasi da. Grebalariak Iruñeko ikastetxe publiko nagusietan elkartu dira, hala nola Iturrama BHIn, Patxi Larrainzar ikastetxean, Amaiur Ikastolan edo Alde Zaharreko San Frantzisko eskolan. Baina Iruñetik kanpo ere herri askotan ari dira protestan lehen ordutik.
11:00etan lehen elkarretaratze bateratuak egin dituzte Altsasun, Elizondon, Tafallan, Tuteran, Lizarran eta Iruñean. Haietara joateko zutabeak antolatu dituzte zenbait kasutan. Arratsaldeko 18:00etarako iragarri dute manifestazio jendetsuena, Iruñean, Gurutze Plazatik abiatuta.
Bilkura garrantzitsuena Iruñeko Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren aurrean egin dute. Bertan, sindikatu deitzaileen izenean ELAko Uxue Itoizek eta CCOOko Unai Alavak adierazpenak egin dituzte hedabideen aurrean, eta adierazi dute lan zama handiaren ondorioz ezin dutela ondo egin haien lana: “Ikasleen aniztasunari dagokion arreta eman nahi diogu, material berriak eta motibatzaileak probatu, familiei dagokien arreta eman... baina lan kargek ez digute horrelakorik egiten uzten”. Pazientzia agortu zaiela eta finkatutako helburuak lortu arte aurrera jarraituko dutela adierazi dute.
Ohi bezala horrelakoetan, sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak datu desberdinak eman dituzte grebaren jarraipenaz: sindikatuen arabera, irakasleen %60tik gora egin dute greba eta, Hezkuntza Departamentuaren esanetan, %26,5ek.
Ratio handiegiak, egonkortasunik eza, burokrazia gehiegi...
Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deitu dute grebara irakaskuntza publikoan, kalitatezko hezkuntza aldarrikatzeko.
Besteak beste, eskatzen dute irakaskuntza publikoan ratioak jaistea, ikasle guztien benetako beharrei erantzun ahal izateko. Gainera, salatu dute lan gainkarga handiegia eta gehiegizko burokrazia izan ohi dutela egunerokoan, eta horrek irakaskuntza prozesuan eragin handia duela.
"Gai honek Nafarroako gizarte osoari eragiten dio, eta, beraz, Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa lehenestea eta erdigunean jartzea"
Sektorearen egonkortasuna ere aldarrikapen nagusietako bat da, izan ere, gaur egun Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleen %50,4 behin-behineko egoeran dago.
Azkenik, erosteko ahalmenaren galerari aurre egitea exijitu diote Hezkuntza Departamentuari. Galera hori azken urteetan %15ekoa izan dela ziurtatu dute sindikatuek. "Gai honek Nafarroako gizarte osoari eragiten dio, eta, beraz, Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa lehenestea eta erdigunean jartzea", azaldu du Steilasek ohar bidez.
"Ez da kontu berria"
"Hau ez da kontu berria, lan handia egin dugu joan den ikasturtetik Hezkuntza Departamentuarekin negoziatzeko –esan du Euskalerria Irratian LABeko ordezkari Iosu Arraizek–. Bide askotatik saiatu gara baina ez da posible izan, Hezkuntza Departamentua ez da milimetro bakar bat ere mugitu".
Hala, Hezkuntza Departamentuaren "erantzun eskasa ikusita" grebara jotzea erabaki dute: "Irakaskuntza publikoko ikasleek merezi duten arreta jasotzeko mobilizatzen gara irakasleok. Hau da, Nafarroako gizarteari eskaintzen diogun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi dugu", azaldu zuten sindikatu guztiek pasa den astean greba deitzeko egindako prentsaurrekoan.
Gimenoren "manipulazio eta demagogia"
Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, aldiz, greba deialdiak hezkuntza publikoa bera "kaltetzen" duela adierazi du.
ELAko Hezkuntza arloko Uxue Itoiz, Rakel Arjol eta Mikel Larrazak gogor erantzun diote kontseilariari, eta bere hitzak "manipulazioz, demagogiaz eta gezurrez beteta" daudela esan dute idatzi batean.
Euren ustez greba honek "bestelako mobilizazio eraginkorragoentzako hasiera" baino ez luke izan behar. Urak harro datoz udazkenean Nafarroako hezkuntzan.