Gorka Setien idazlea hil da

  • Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


2024ko otsailaren 06an - 06:06
Azken eguneraketa: 12:38
Argazkia: Hernaniko Kronika.

Arritmia eta ertzak blogean honela aurkeztua du bere burua: "Emakume euskaldun migratzaile (Engraxi Berakoetxea) baten utero bahitutik 1958an jaioa. Biolentzia katoliko-patriarkala sufritu ondoren ogibide desberdinak izan ditudana". Venezuelako Bartzelona hirian munduratu zuten.

2013an Hernanin egin zuen irakurraldi poetikoaren bideo motz honek biribil azaltzen du bere mundu eta bizi ikuspegia. Edo! argitaletxeak kaleratutako Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuaren aurkezpenean izan zen:

Ibilbide poetikoa

Gaztetan hasi zen poesia idazten eta hainbat sari irabazi zituen (Lauaxeta lehiaketa bi aldiz eta Donostiako Ateneo saria). Garai hartan Caballo canalla a la calle aldizkarian kolaborazioren bat egin zuen, baita Susa eta Korrok literatur aldizkarietan ere.

80ko hamarkadan bi liburu argitaratu zituen Susa argitaletxearekin: 1983an Zergatik ez... Sigrid? Ramon Agirre, Maripi Solbes eta Eneko Olasagastirekin elkarlanean eta 1985ean Ez sinkronia poema bilduma.

20 urteko etenaren ondoren argitaratu zituen Aparkalekuko felizidadia (2006), Paperzaleak Elkartearen eskutik eta geroztik autoedizioaren bidea jorratu zuen: 2008an Ertzetako inkomunikazioak argitaratu zuen, Andoaingo gaztetxean poesia emanaldia egin zuen eta geroztik hainbat saio egin zituen.

2011n bere irudi eta testuz osatutako erakusketa bat zabaldu zuen Hernanin, Erre produkzioak titulupean (hemen Hitzen Uberanek jaso zuena). Urte berean, Nagore Legarretak argazki estenopeikoekin argitaratutako Edipotoa liburuan poema batzuekin parte hartu zuen beste lau idazlerekin batera (Banizu nizuke-k argitaratu zuen).

Kantuen hitzak ere jarri zituen, Inoren ero ni eta MMA musika taldeentzat.

2019an argitaratu zuen bere azken liburua, autoedizioan: Naufragoen altzoa.

Literaturaren zubitegiak bildutako bere lanak hemen irakur daitezke.

Hemen Edipotoaren aurkezpen bat:

Agurrak

Independentea-k "hasieratik eman dion laguntza" eskertu dio Gorka Setieni eta bertan jakitera eman dutenez, otsailaren 6an 10:30 arte egongo da Orbegozoko beilategian agurtzeko aukera, 11:00etan izango da errausketa Polloen eta bi aste barru agur zibila egingo zaio.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude