Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

  • Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira hainbat ikastetxetako ikasle-irakasleak, eskola-ingurune osasuntsu eta seguruak aldarrikatzeko.

Europako haurren %90 egunero doa segurutzat jotzen ez diren kutsatzaile atmosferiko mailak dituzten inguruneetara. Argazkia: pvproductions / Freepik

2024ko maiatzaren 08an - 06:02
Azken eguneraketa: 07:21

Espainiako Estatuko 114 ikastetxe-inguruneetako nitrogeno dioxidoa da Ekologistak Martxan erakundeak neurtu duena. Azterturiko ikastetxe batzuek errepidea dute ondoan, beste batzuk autoetatik urrun daude kokatuta, baina bakar batek ere ez du betetzen Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa (10 μg/m3 nitrogeno dioxido gehienez). OMEren datuen arabera, Europako haurren %90 egunero doa segurutzat jotzen ez diren kutsatzaile atmosferiko mailak dituzten inguruneetara.

114 horietatik 28 Euskal Herriko ikastetxeak dira, Basauri, Galdakao eta Etxebarrikoak, eta gurean ere emaitzak ez dira onak. Berez, ikerketan ageri diren ikastetxe guztiek betetzen dute legea (40 μg/m3 nitrogeno dioxido gehienez), baina legea 2008koa da eta zuzentarau berria adostu dute Europako Batzordean, 2024an onartzea aurreikusten dena: kutsadura maila hori erdira jaistea eskatzen du Europako Batzordeak, 20 μg/m3 gehienez, eta muga hori betetzen ez duten ikastetxe-inguruneak asko eta asko dira: 114 ikastetxeetatik %90ak gainditzen du kutsadura maila, eta Basauri, Galdakao eta Etxebarrin, %81ak.

Ikerketaren egileek argi dute: “Neurketen emaitzak oso kezkagarriak dira; airearen kalitate txarrak gaixotasun kronikoak eta garapenean arazoak eragiten ditu eta kutsadurak eragin handia du haurren osasunean”. Hasteko, arnasten den airearen kalitateari buruzko informazioa “nabarmen hobetu behar da”, bereziki ikastetxe eta bestelako zentro sentikorretakoak (asistentziakoak, kirolekoak eta sanitarioak), diote.

"Jar dezagun fokua haurren garapenean, segurtasunean, osasunean… eskolara lasai iritsi daitezen, ikasgelan edo patioan daudenean ez ditzaten jasan kutsadura tasa ikaragarriak eta zarata estresagarriak"

Hiriko motordun trafikoa murriztu eta bestelako mugikortasun eredu baterako urratsak ere ezinbesteko jo dituzte, “airearen kalitatea eta herritarren bizitza hobetzeko”. Trafikoak eragindako airearen kutsadura haurren asmaren kausa zuzena dela frogatu da, gogoratu du ikerketak.

Gaia ez da berria. Arabako 29 ikastetxek manifestua atera zuten, eskola-ingurune seguru, osasuntsu eta hezkidetzaileak aldarrikatuz. Instituzioei eskatzen diete norabide horretan esku hartu dezatela. “Eskola-inguruneek gutxienez haurren ongizatea bermatu beharko lukete, ibilgailuak edo beste interes ekonomiko batzuk lehenetsi ordez. Jar dezagun fokua haurren garapenean, segurtasunean, osasunean… eskolara lasai iritsi daitezen, ikasgelan edo patioan daudenean ez ditzaten jasan kutsadura tasa ikaragarriak eta zarata estresagarriak”, kontatu zion ARGIAri Aitziber Sagarminaga Atxuriko eskolako gurasoak.

Matxinada Eskoletan: kalea, jolasteko

Eskola-ingurune seguru eta osasuntsuak aldarrikatzen ditu baita ere Matxinada Eskoletan mugimenduak. 2020an Katalunian jaio eta gainerako lurraldeetara hedatu den mugimendu honek hezkuntza eta jolasa kalera ateratzen ditu noizbehinka, trafikoa oztopatuz eta kaleaz jabetuz. Maiatzaren 10 honetan ere, ostiralean, ekintzak egingo dituzte han-hemenka, ikastetxe batzuek eta besteek. Irunen, esaterako, goizeko 8:30ean abiatuta bidegorritik elkarrekin joango dira Eguzkitza ikastetxera, bizikletaz edota patinetez. Eta 14:30ean berriz, jolasak eta pintaketak egingo dituzte haurrek, Nafarroa Behera eta Harmugarrieta kaleen artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2024-05-17 | ARGIA
Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


2024-05-16 | Uriola.eus
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotzako Profersa enpresa kautelaz ixtea erabaki du

Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.


Aixa Barbarin López, urpeko arkeologoa
"Portuak zabortegiak dira"

Aixa Barbarin López urpeko arkeologoa da, eta, aitortu duenez, txiki-txikitatik izan nahi izan zuen arkeologoa. Hortaz, unibertsitatera joateko garaia iritsi zitzaionean, historia ikastea hautatu zuen, EHUn, eta arkeologian murgildu zen. Urpeko arkeologian aritzea, ordea,... [+]


2024-05-08 | ARGIA
Zubietako erraustegi inguruetan kutsaduraren "igoera kezkagarria" aurkitu eta martxara deitu dute

Zubietako erraustegi inguruan laginak biltzen bost urte daramatza ToxicoWatch fundazioak, metal astunen, dioxinen, PCBen eta PFASen bila. Horiek guztiak ageri dira laginetan eta gainera kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu dutela jakinarazi du Errausketaren... [+]


Mikroplastikoak ondare arkeologikoan

York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta Queen’s Hotela dagoen tokitik igarotzen zen harresian arku bat jarri zuten. Bi aztarnategiak... [+]


Eguneraketa berriak daude