Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

  • Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


2024ko apirilaren 30an - 15:04
Argazkia: Heidi Otaduy

Asteartean jakinarazi du 111 Akademiak urtero ematen duen sariaren irabazlea. “Literaturazaleen bilgune” gisa izendatzen du bere burua akademiak, 218 kide ditu une honetan, eta 123k hartu dute parte aurtengo sariduna izendatzeko bozketan. Zazpi lanen artean hautatu zuten hasiera batean. Bidegain eta Jaioren nobelez gain, Castillo Suarezen Alaska, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka, Miren Agur Meaberen Itzulerak eta Josebe Blancoren Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain, azken hori ARGIAk argitaratutakoa. Finaleko bozketara Jaio eta Bidegainen obrak pasa ziren, eta azken horrek irabazi du. “Bi lanen arteko lehia oso estua izan da azken unera arte”, azaldu du akademiak saria jakinarazteko oharrean.

"Istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa"

Hau da 11 Akademiak Bidegainen Bichta éder liburuaz egin duen kritika: “Hari askotako bilbea harilkatu du Eneko Bidegainek eleberri honetan. Bihurgune askotako istorioa. Pertsonaia eta gai aunitz dituen kontakizuna. Thriller politikoa, non eta lur eta eraikuntza espekulazioa, turismoa eta nekazalgoa, euskara eta hizkuntza nagusia, Aljeriako gerra eta negozio zikinak, ETA eta estatuko krimenak, Lapurdi eta antzinako Nafarroa, nagusiak eta menekoak gurutzatzen diren, eta bi protagonistek Altzugaraia jauregia turismo egitasmo espekulatzaile bihurtzearen kontra bere borroka bilakatzen duten. Istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa, eta egileak kontakizunaren amaiera maisuki gibelatzen duena behin eta berriz ere irakurlearen jakin-minaren irrikari bazka emanez”.

"Agertzen diren gertakariak fikziozkoak dira baina gisa berdintsuzko gauzak egiazki gertatu dira. Dokumentazio lan bat da", adierazi zion Bidegainek berak Nora Alberbideri akademiaren webgunean bertan argitaratutako elkarrizketa honetan.

Aurtengoa 111 Akademia Sariaren 28. edizioa da. 1996an eman zuten lehenbiziko aldiz. 1996 Joxean Agirreren Elgeta-k irabazi zuen orduan, eta iaz Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea-k. Bidegaini saria emateko ekitaldia ekaina hasieran egingo duela jakinarazi du akademiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 111 Akademiaren Saria
2023-06-08 | Ilargi Manzanares
Arantxa Urretabizkaiak 111 Akademiaren Saria jasoko du ekainaren 8an

Amasako Hika txakolindegian ospatuko dute 111 Akademiako sari-emate ekitaldia, azken urteetako ohitura mantenduz.


2022-04-26 | Peru Iparragirre
Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ saritu dute 111 Akademiako irakurleek

212 irakurle batzen dituen 111 Akademiak joan den urteko liburu gogokoenaren saria eman dio Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa, 2021) lanari. Ekainean egingo dute jendaurreko sari-emate ekitaldia.


2021-03-17 | Ixone Arana
2020ko 111 Akademiaren Sariak baditu bost hautagaiak

Luis Garde, Pello Lizarralde, Uxue Alberdi, Idoia Garzes eta Joxean Agirre daude azken 111 Akademiaren Saria jasotzeko bidean.


Uxue Alberdiren ‘Jenisjoplin’ nobelak irabazi du 111 Akademiaren saria

Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobelak irabazi du 2017ko 111 Akademiaren saria. Irakurleek ematen dute sari hau eta aurten hirugarren bozketa txandan gailendu zaio beste hautagaiari, Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro liburuari.


2017-04-21 | ARGIA
Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’-k irabazi du 111 Akademiaren saria

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua nobela saritu dute 111 Akademiako kideek. Ostiral honetan jakinarazi dutenez, maiatzaren 11n jasoko du saria Ondarroako idazleak.


Eguneraketa berriak daude