“EBko zuzenbidearen ikuspegitik, Pabloren egoera ulergaitza da”

  • Pablo González kazetaria Polonian dago espetxeratua otsailaren 28az geroztik, Errusiako espioia izatearen akusaziopean. Gonzálo Boyé bere abokatuaren esanetan, orduz geroztik ez du lortu berarekin hitz egitea, eta Europar Batasunaren ikuspegitik hori ulergaitza da”.


2022ko martxoaren 25ean - 09:47
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Poloniako Rzeszów hiriko Eskualde Auzitegiak hilaren 23an jakinarazi zion behin-behineko espetxe zigorra ezarriko ziola maiatzaren 28ra arte. Boyé abokatuak jakinarazi duenez, erabat ulergaitza da hori gertatzea Europar Batasunean, besteak beste oraindik ez duelako lortu bere bezeroarekin hitz egitea. Izandako komunikazio urrietan, epaitegiak ez du adierazi zertan oinarritzen den akusazio horiek egiteko.

Boyéren esanetan, ulergaitza da, halaber, hamalau egun behar izan zutela ofiziozko abokatu bat izendatzeko: “Hari bidali nion auziari buruzko dokumentazio osoa, baina bakarrik erantzun zidan ‘bai ni naiz abokatu berria’”. Abokatuak kasua utzi zuen eta ofiziozko bigarren batek hartu zuen auzia, eta honek oraindik ez diola erantzun dio Boyék, Públiko egunkariko La Base saioan egindako adierazpenetan.

Abokatua gogor mintzatu da Gozálezen auziaz: “EBn gaude, eta Polonia ez da errespetatzen ari ez Giza Eskubideen Karta, ezta agiriak legeztatzeko araudia. Saiatzen ari naiz Europako erankundeek zerbait esan dezaten. Europako Abokatuen Elkargo Orokorrarekin jarri naiz harremanetan, Poloniako Abokatuen Elkargoarekin eta Poloniako Abokatuen Kontseiluarekin ere bai, baina azken bi hauek erantzun ere ez didate egin. Egoera honetan uler nezakeen esatea ‘lagun, zure arazoak ez zaizkigu interesatzen’, baina ez erantzutea hezibide txarrekoa da”.

Kazetari bizkaitarra Errusian jaio zen 1982an eta nazionalitate bikoitza du, errusiarra eta espainiarra. Bere bikote Ohiana Goirienak jakinarazi zuenez, CNI Espainiako zerbitzu sekretukoak ere izan ziren bere etxean, Pablori buruzko galderak egiten. Bere esanetan, galderak eta tratua txukuna izan ziren eta kazetariari buruzko gauza asko zekitela adierazi zioten. Hala ere, bere ustez Espainiako Gobernua ez da egiten ari behar beste kasu honetan.

Kazetari askok salatu dute gauza bera, esanez Errusiak atxilotutako kazetari bat balitz, emandako tratua oso bestelakoa litzatekeela. La Base saioan Espainiako Agenda 2030eko Espainiako Estatu idazkari Enrique Santiago ere elkarrizketatu zuten, eta azpimarratu zuen familia haiekin kontaktatuan jarri zenetik, ia egunero ari direla Espainiako Atzerri Ministerioarekin kazetariaren eskubideak berma daitezen. Baina ez dutela lortu ere adierazi zuen: “Poloniako Estatua ez da bermatzen ari EBn edozein herritarrek dituen eskubideak, zeinari, lehenik, aitortu behar zaion errugabetasun printzipioa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
Eguneraketa berriak daude