Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da publikoa.
Espainiako Estatuko polizia-indarrek eta indar militarrek gomazko milaka pilota dituzte gaur egun, eta badirudi "istiluen kontrako" materiala areagotuko dutela Barne Ministerioak eta Defentsa Ministerioak. Dozenaka milaka euro gastatuko dituzte arma gehiago erosten; tartean, kautxuzko pilotak eta gomazko pilotak.
Joan den abuztuaren 12an, uda bete-betean, lizitazio-prozesu berri bat ireki zuen Itsas Armadako Laguntza Logistikoko Buruzagitzak: gomazko 1.500 pilota eta "istiluen kontrako" eskopetetarako 1.000 bultzada-kartutxo erostea da asmoa. Hilabete honen hasieran esleitu diote kontratua Falken enpresari, 7.163 euroan.
2020an ere erosketa erraldoi bat egin zuen Espainiako Itsas Armadak: gomazko 10.000 pilota eta 10.000 kartutxo eskuratu zituen. Xahutzea justifikatzeko, Defentsa Ministerioak esan zuen itsas-infanteriako unitateek parte hartu behar zutela Nazio Batuen Erakundearen "2020ko Bakea Mantentzeko Operazioan"; eta eginkizun horretan sartzen zela, besteak beste, "masak kontrolatzeko" lana. Arma bidez, jakina.
Gomazko pilotez eta kartutxoez gain, "istiluen kontrako" arma gehiago ere eskatu zituen Itsas Armadak une horretan: negarra eragiteko materiala, "defentsa pertsonaleko aerosola", eta abar.
Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren armak
Guardia Zibilak, bestalde, 2024. urterako plangintzaren barruan sartu zuen 18.143 euroko partida bat, "istiluen aurkako kautxu berdezko bolak" erosteko. 12/70 kalibreko kartutxoak erostera 54.268 euro bideratuko ditu, gainera. Kartutxo horiek gomazko balak dituzte barruan. Arma katalogoetan zehazten denez, teorian, gutxienez 25 metroko distantziara tirokatu behar da arma horiekin: bestela, eragindako lesioak "larriagoak" direla diote.
2022an, polizia-indarren armak areagotzeko beste hainbat erosketa handi egin zituen Barne Ministerioak. Esaterako, kautxo beltzezko 39.000 pilota erosteko lizitazio bat jaulki zuen, eta noren kontra erabiliko zituen ere zehaztu zuen Espainiako Poliziaren justifikazio-memoria ofizialean: 2022rako zegoen antolatuta NATOren goi-bilera bat Madrilen. Horren kontrako mobilizazioak aurreikusi zituen Poliziak, baita erantzuna ere: masak "desegitea eta zatikatzea", kautxuzko piloten bidez besteak beste.
Arriskua, aurrekariak eta isiltasuna
Erakunde eta kolektibo ugarik ohartarazi dute gomazko piloten arriskuaz, hain zuzen ere, arma horren "zehaztasun falta" dela-eta. Stop Balas de Goma txostenean jasotzen denez, 1976tik 2017ra bitartean, polizia-indarrek 23 pertsona erail zituzten gomazko piloten bitartez Espainiako Estatuan, eta dozenaka izan ziren zaurituak. Horietako batzuek lesio larriak jasan zituzten, adibidez, begi bat galduta.
Horien artean, azken bi hamarkadetan, "protesta-testuinguruetan eta futbol-ekitaldiei lotutako testuinguruetan" 22 pertsonak jasan dituzte nolabaiteko lesioak, Poliziak botatako gomazko piloten ondorioz. 2014an Ceutako kostaldean izan ziren gertakariak ere ekartzen ditu gogora azterketak: Guardia Zibilak pilotakadaz erail zituen muga igerian gurutzatu nahian ari ziren hamalau pertsona migrantzaile, eta beste lau zauritu zituen.
Aipatutako txostenak, baina, ondoko abisua ere ematen du: "Estatuko Segurtasun-Indar eta Kidegoek erabilitako bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da publikoa, eta, beraz, ezin da zehaztu nazioarteko estandarrak betetzen dituen ala ez".
Foam jaurtigaiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Polizia-indar autonomikoetako unitate gehienek, teorian, mugatuta daukate gomazko pilotak erabiltzea EAEn, Nafarroan eta Katalunian. EAEn, Ertzaintzaren barruan, Brigada Mugikorreko unitate espezializatuek baino ezin omen dituzte erabili gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetak, eta ustezko "salbuespen-egoeretan" soilik. Ertzaintzak 2012an erail zuen Iñigo Cabacas Bilbon (Bizkaia), pilotakada batez: horren ondoren mugatu zuten aipatutako armaren erabilera, 2014an.
Hala ere, gomazko pilotak erabiltzen jarraitzen dute ertzainek. Joan den martxoan, esate baterako, Gasteizko (Araba) sarraskian eraildako langileak oroitzen ari ziren manifestarien kontra oldartu ziren ertzainak, gomazko pilotak eta foam jaurtigaiak erabilita. Azken arma horren erabilera, foam jaurtigaiena alegia, nabarmen hedatu du azken urteotan Eusko Jaurlaritzak.
Ustez, gomazko pilotek baino zehaztasun handiagoa daukate foam jaurtigaiek, eta agintaritzek sarri esan dute ez direla hain "kaltegarriak". Azken hilabeteetan arma horren bitartez izan diren zauritu guztiek, baina, ez dute hori erakusten. Ertzainek foam jaurtigaiekin zauritu dituzte, besteak beste, hiru lagun Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan, eta beste hiru pertsona Donostian (Gipuzkoa), martxoaren 5ean, Realaren eta PSGren partidaren aurretik.
Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
1984ko urriaren 23an ETAren garaian Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduan, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik “ordainsari” bat zehaztu zuten Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilarentzat, “eremu... [+]
Azken hamarkadetan, bi estatuetako indar armatuen jardun nagusiak errepresioa eta zapalkuntza izan direla salatu dute eta azpimarratu dute haien presentzia ez dela beharrezkoa. Ekainaren 22an izango da Fan Hemendik Eguna Oñatin.
Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.
Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]
Duela 10 urte Ceutako Tarajal pasabidean 14 pertsona hil zituzten, itsasoz igeri Europara igaro nahian zebiltzala guardia zibilak haien kontra oldartu ostean. Geroztik Duintasun Martxa egin dute urtero, eta ekimen horretako Bilboko taldeak sarraskiaren eta “mugako... [+]
Auzitegi Nazionalak Marlaska ministroa derrigortu du guardia zibila mailaz igotzera. Kargugabetu egin zuen 2018an, "konfiantza falta" zela eta. Sánchez Corbík errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka, eta Auzitegi Nazionalak babestu egin du. Kepa... [+]
Ostegunean eta ostiralean Genevan (Suitzan) aztertuko dute ea Espainiako Estatuak gaiari dagozkion baldintzak betetzen dituen ala ez. Egiari Zor, Giza Eskubideen Behatokia eta Sarek “aurrerapenak” daudela azaldu dute.
"Larunbatean Gladys gogoratu eta borrokan jarraitzeko gogoak ditugula ospatzeko bilduko gara", adierazi dute antolatzaileek.
“Ikertzen ez bada, ezinezkoa da ebazpen judizialik egotea eta norbait inputatzea". Hitz horiexekin erantzun zion Lourdes Zabalza Mikel Zabalzaren arrebak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne Ministroari, honek Senatuan Arturo Espejo Guardia Zibila inoiz... [+]
Mikel Zabalza Gogoan ekimenak Espainiako Estatuari leporatu dio tortura saritzea. Arturo Espejo Intxaurrondoko tenientea zen orbaizetarra torturatu eta hil zutenean, eta gaur egun Guardia Zibileko teniente jenerala da.
Arturo Espejo Teniente Jenerala 2022an Laguntza Aginteko buru izendatu zuen Marlaskak. Guardia Zibilaren buruzagitzako lau kideetako bat da.
1990eko ekainaren 25ean, Irunberrin ETAko bi kide hilda agertu ziren. Suizidioa izan zen bertsio ofizialaren arabera, baina beste bertsioak dio Guardia Zibilak torturatu eta hil egin zituela. Gure Bazterrak memoria taldeak eta Pako Aristi idazleak ikerketa jarri zuten martxan... [+]