Gizakiak tokiz mugitutako espezie inbaditzaileen “mehatxuaz” ohartarazi du nazioarteko ikerketa batek

  • Munduan desagertu diren landare eta animalien %60 espezie inbaditzaile arrotzen ondorioz suntsitu direla eta klima larrialdiaren eragina okertuko dutela dira txostenean bildutako bi ondorio. Biodibertsitatearen gainean egin den tamaina honetako lehen ikerketa da, eta gobernuei neurriak proposatu dizkiete.


2023ko irailaren 05an - 09:13
Azken eguneraketa: 12:00
Liztor asiarra da Euskal Herriko espezie inbaditzaileetako bat. / Argazkia: Santaclareño, Wikimedia CC BY SA

Nazioarteko 49 estatutako 86 ikerlarik osatu dute espezie inbaditzaileei buruzko ikerketa, eta zenbait “mehatxuz” ohartarazi dute. Nazio Batuen Erakundearen menpeko Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Zientzia Politikarako Gobernu arteko Plataformak (IPBES) kaleratu du txostena, orain arte egin den lehena tamaina honetan.

Ondorioztatu dute gizakia dela errudun nagusia eta eragin duena landare eta animalia espezieak desagertzea: “Giza jarduera askok ahalbidetu dute espezie inbaditzaileen lekualdatzea, finkatzea eta zabalpena”. Aldi berean, espezie inbaditzaile horiek dira jada desagertu diren espezieen %60 suntsitzearen arrazoia. Hauek dira espezie inbaditzailerik zabalduenak: Ur-hiazinto arrunta (Pontederia crassipes) eta lantana (Lantana camara) landareak, eta arratoi beltza (Rattus rattus).

Finkatuta dauden 37.000 espezie inbaditzaile arrotz gizakien erruz iritsitakoak dira, eta gutxienez 2.300 jatorrizko herrien lurretan aurkitu dituzte. Bertako biodibertsitatea kaltetzen dutela zehaztu dute ikerlariek, besteak beste, ekosistemak aldatuta eta bertako espezieekin lehiatuta edota haietaz elikatuta. Gogorarazi dute ez direla tokian tokiko mehatxu bat soilik, baizik eta planeta osoari eragiten dietela.

Kalteak naturan eta gizakiengan

Egileen arabera, espezie inbaditzaileek ez dakarte arriskua besterik. Naturan eta gizakiengan duen inpaktuaren %80-85 “negatiboa” da: ekonomian, elikadura eta ur segurtasunean, giza osasunean eta identitate kulturalean. “Naturarekiko dependentzia handiena duen jendeari, jatorrizko herrietako pertsonak barne, izugarri eragin diezaiekete espezie inbaditzaileek”, azpimarratu dute. Kalte horiek urtean 400.000 milioi euroko gastuak uzten dituztela kalkulatu dute, baita zifra hori 1970eko hamarkadatik biderkatuz doala ere.

Klima larrialdiaren eraginak okertzen dituela eta kalte handiagoak eragingo dituela aurreikusi dute, besteak beste, landare inbaditzaileen ondorioz suteak maizago eta larriagoak izango dira, txostenaren esanetan. Dena den, gizakiek sustatutako arazoak gizakiek konpontzeko aukera dagoela zehaztu dute, eta horretarako prebentzioa aukerarik onena eta errentagarriena dela, “baina desagerraraztea, eustea eta kontrolatzea ere eraginkorrak dira testuinguru espezifikoetan”. Animalia batzuk “desagerraraztearen” aurka agertu direnei, zera gogorarazi diete: “Hipopotamoa edo arratoia bezalako espezie bat ez kontrolatzeak esan nahi du beste espezie bakar batzuk hilko direla”. Gobernuei neurri sorta bat proposatu diete, eta emaitza onak eman dituzten herrialdeen adibideak gogorarazi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude