Herriraren kontrako operazioa salatzeko mobilizazioak deitu dituzte ostiral eta larunbatean

  • Herrirako kide izatea leporatuta atxilotutako 18 pertsonetatik lauri 20.000 euroko bermea ezarri die epaileak. Garaik eta Garciak atzo ordaindu zuten. Ugartemendiak eta Aldunberrik gaur ordainduko dute eta kalera aterako dira.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza
2013ko urriaren 04a
Atxilotuetako batzuk, aske geratu ziren momentuan. Argazkia:Naiz.info

Espainiako Auzitegi Nazionalak bermerik ezarri gabe askatu ditu Herriraren kontrako sarekadaren harira atxilotutako hamalau pertsona eta bermea ordainduta lortuko dute askatasuna beste lauk.

Gaur eta bihar mobilizazioak

Gaur goizean mobilizazioak iragarri dituzte. Batetik, Ikasle Abertzaleak taldeak ikastetxe eta campusetan “elkartasun ekimenak” egitera deitu ditu ikasleak, era horretan “marea urdina” sortzeko. Bestetik, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek Herriraren kontrako erasoa salatzeko lanuzteak antolatu dituzte, 12:00etatik 12:30etara. Ordu erdi horretan, lantokien aurrean elkartzera deitu dituzte langileak, elkartasun zeinu gisa.

Herrirari babesa adierazi nahian ere, bihar manifestazio deitu dute hainbat eragilek. 17:30ean abituko da martxa, Bilboko La Casillatik, Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde lelopean.

Hainbat esparrutako eragileek bat egin dute biharko deialdiarekin, tartean 47 musika taldek.

Libre bai, baina erresalbuzko neurrien pean

Dena den, batzuk bermerik gabe eta beste batzuk bermepean askatuta ere, denei ezarri dizkie erresalbuzko neurriak Eloy Velasco epaileak. Ondorioz, ezingo dute Espainiako Estatutik irten eta 15 egunean behin sinatzera joan beharko dute polizia etxera.

Horrez gain, Velascok “presoen kontrolerako eta haiek goratzeko ekitaldietan” parte hartzea debekatu die.

Gainera, Aier Larrarte abokatuak gaur Info7 irratian egindako elkarrizketa batean esan bezala, hemezortzien aurkako inputazioek indarrean diraute oraindik.

Herriararen jarduna, bertan behera

Atxilotutakoak zigortu ez ezik, Herriraren jarduna ere jo puntuan jarri du epaileak. Hala, bi urtez debekatu egin du taldeak lanean jarraitzea, “badaezpada”.

Jardun eten horrekin kritikoki mintzatu da Larrarte: “Praktikan, Herrira ilegalizatu dute”, esan du.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Herrira  |  Guardia Zibila

Herrira kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude