'47ak Herrian' pankarta jartzeagatik 2.800 euroko isuna Donostiako Udalak

  • Donostiako zazpi herritarrek orotara 2.800 euroko isuna jaso dute, iazko irailaren 15ean –estropada eguna– Kontxan 47ak Herrian zioen pankarta jartzeagatik. Zazpi laguni, bakoitzari 400 euroko isuna jarri die Donostiako Udalak. Egun berean, Alde Zaharrean 30 urtez euskal presoen aldeko materiala kalean saldu ohi duten bi pertsonari 200 euroko isuna jarri zien Udaltzaingoak. Agerraldia iragarri dute martxoaren 21erako.

Estropaden egunean jarri zuten pankarta horregatik 2.800 euroko isuna jarri die Donostiako Udaltzaingoak.

2020ko martxoaren 12an - 08:03

Piztu Donostiak salatu du euskal presoekiko elkartasuna ardatz duten bi ekimeni isuna jarri ziela Donostiako Udalak iazko estropadetako bigarren igandean. "Euskal presoekiko elkartasunaren aurkako eraso" gisa kalifikatu ditu.

Irailaren 15ean, Ertzaintzak Kontxako barandan '47ak Herrian' zioen pankarta erraldoia jartzea egotzita, zapi pertsona identifikatu zituen. Sei hilabete beranduago iritsi zaie sorpresa: 400 euroko isuna bakoitzari, orotara 2.800 euro. Hamabost eguneko epean ordainduz gero, erdia.

Donostiako Udalak bidali die isuna, Udal Ordenantzaren 42. artikulua arrazoi hartuta. Bertan debekatzen da hirian kartelak, pegatinak, pankartak eta abar jartzea. Piztu Donostia kanpainak ordenantza hori Mozal Ordenantza gisa bataiatu berri du eta "zentsura politikoa" bilatzen duela salatu.

ARGIA harremanetan jarri da isuna jaso duten pertsonekin. "Estropadetan antiguotarren ohitura bihurtu zen duela hamarkada ugari, kirol ekitaldia baliatuz euskal presoen aldeko pankarta eskegitzea Kontxan. Tradizio moduko bat da egun batzuk lehenago auzotarren artean pankarta erraldoia prestatzea eta egun hartan jartzea". Pankarta leku estrategikoan jarri ohi da trainerak ateratzen eta helmugara iristen direnean telebistan agertzeko aldarria.

Askoz urte gogorrago eta gordinagoetan ere beti jarri izan da eta nahiz eta askotan identifikatu jendea eta kartelak kendu, inoiz ez dute isunik jarri iaz arte.

 

 

Euskal presoen aldeko materiala saldu ohi duten biemakumeri isuna jarri diete.

 

 

Egun berean, kalean mahaia jartzeko baimenik ez zutela egotzita, Udaltzaingoak isuna jarri zien San Jeronimo kalean euskal preso politikoen aldeko materiala saltzen ari ziren bi pertsonari.

"Iraileko estropadetako bigarren igandean, azken 30 urteetan bezalaxe, euskal presoen aldeko materialarekin mahaia jarri zuten San Jeronimo kalean betiko emakumeek. Goiaren agindupean, bi udaltzain hauek 200€ko isuna jarri diete, baimenik ez zutelako", salatu du Piztu Donostiak.

Presoekiko elkartasunaren aurka isunak

"Garbi dago egun horretan erabaki politikoa egon zela Udalaren aldetik euskal preso politikoen aldarrikapenen aurka egiteko. Horregatik, martxoaren 21ean prentsaurreko partekatua emango dugu beraiekin, eta noski, datorren urtean ere pankarta jarriko dugu leku berean".

"47ak Herrian dioen pankartaren ondoan, Kutxabankena ikus daiteke. Argi eta garbi ikusten da ordenantza publikoa nori aplikatzen zaion. Eredu honen erakusle handia da", salatu dute.

Irailaren 15ean izan ziren estropadak, eta zazpi herritar hauek identifikatuak izan ziren une berean, 47 euskal herritar Madrilera abiatu ziren, hurrengo egunean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko, euskal preso politikoen aldeko lana egitea egotzita.

Hiru egunetik behin isun bat Donostian

Urte hasieran Piztu Donostia kanpaina abiatu zuten hirian, azken urteetan jartzen ari ziren isun kopuruaren gorakada salatzeko. Udaleko iturriak baliatuz jakinarazi zuten hiru egunetik behin gai sozial edo politiko batekin loturiko isun bat jartzen dutela Gipuzkoako hiriburuan, eta Mozal Hiriari ez zabaldu zuten.

Eragile sozialek beren artean laguntzeko, erresistentzia kutxa ireki zuten. Lagundu nahi duenarentzat, hauek dira datuak: ES17 1550 0001 2000 0922 9320 (Fiare)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude