Gasteizko lau grebalarien aurkako epaiketa muntai poliziala dela salatu dute eta absoluzioa eskatu

  • Lau pertsona epaitu dituzte asteazkenean Gasteizen, 2020ko urtarrileko greba orokorraren harira. Babesa adieraztera gerturatu dira epaitegira dozenaka lagun, greba antolatu zuten eragileek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dutenek, deituta.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2022ko azaroaren 24an - 10:21
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Epaiketak muntai poliziala duela oinarri salatu dute, “eskubide sozialen defentsan borroka egiten dugun guztiok beldurtu eta kriminalizatzea” helburu duena. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pertsona hauen absoluzioa eskatu du, eta “pobretzearen aurka, zein lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen eta aliantzak ehuntzen” jarraituko duela adierazi.

2020ko urtarrilaren 30ean greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian eta milaka langile eta herritar mobilizatu ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat eginez. “Lan, pentsio eta bizi duinak izateko eredu aldaketa” eskatu zuten kaleetan, eta borroka horrek gaurkotasun osoa duela uste dute eragileek oraindik ere.

Aurreko larunbatean ere mobilizazioak egin zituzten lan, pentsio eta bizi duinen norabidean pobretzearen aurka: “Greba orokorrean egin genuen bezala, geroztik ere lan, pentsio eta bizitza duinen alde lanean eta borrokan jarraitzen dugu, bakoitzak bere eremuan zein elkarlanean”. Aldaketa soziala eskatu dute, eta horren aldeko borroka kriminalizatzeari utzi diezaiotela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errepresioa
Eguneraketa berriak daude