Funts putreei aurre egingo dien banku publiko bat sortzea baztertu dute EAJk, PSEk eta PPk Legebiltzarrean

  • Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk aurkeztuta, enpresa estrategikoei lagunduko dien banku publiko baten sorrerari buruzko mozioa eztabaidatu dute Eusko Legebiltzarrean. Euren esanetan garrantzitsua da enpresa horiek EAEn errotuta eta funts putreen eraginpetik kanpo egotea. Mozioa baztertu du Gasteizko ganberak, EAJ, PSE-EE eta PP+Cs-en kontrako botoekin.


2021eko maiatzaren 06an - 15:06
Iker Casanova (EH Bildu) eta David Soto (Elkarrekin-Podemos) legebiltzarrean ekimena aurkeztu aurretik oharrak begiratzen (arg.: Eusko Legebiltzarra)

Finantzen Euskal Institutua banku-erakunde bihurtzeko aukera aztertzea eskatzeko mozioa aurkeztu dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu talde parlamentarioek. Banku publiko horrek enpresa estrategikoei aukera emango lieke "behar bezala kapitalizatzeko" eta bidea mugatuko lieke funts putreei, talde hauen arabera. Zentzu horretan, oso presente izan dute Gasteizko eztabaidan Euskaltelen pribatizazioarekin gertaturikoa.

Helburua, enpresok lurraldean errotuko direla bermatzea litzateke, kapital espekulatiboei ateak itxiz, horretarako banku honek partizipazioak erosiko lituzke enpresa horietan. Hala, azken urteetako politikarekin amaitzeko eskatu diote mozioan Eusko Jaurlaritzari, "alegia, aktibo estrategikoetan desinbertitzeko politikarekin". Bide berean, testuak jasotzen duenez, Kutxabankek aurrezki-kutxen "hasierako espirituari" jarraipena eman behar lioke.

Ekimena ez da aurrera atera, EAJk, PSE-EEk eta PP+Cs-ek kontra bozkatu dutelako. Eusko Jaurlaritza osatzen duten lehen biek, argudiatu dute finantza tresna nahikoa badagoela EAEn enpresa estrategikoak laguntzeko, Finantzen Euskal Institutua eta sortu berri den Finkatuz programa kudeatzeko sozietate publikoa kasu (pdf). Azkeneko hau, "Finkatze Kapitala Finkatuz SA", 160 milioi euroko kapitalarekin hornitu dute. Honen bidez, enpresen beharrak asetu eta "garapenerako lehiakortasun-ekosistema bat" sortzeko aukera ikusten dute Jaurlaritzako alderdiek.

Finkatuz kudeatzeko sozietateari dagokionez, EH Bilduko eledun Iker Casanovak salatu du aipatu inbertsio horiek oraindik ez direla egin. Eragile sozial eta politikoekin "gardentasunez eta elkarrizketan" funts hori aktibatzea ere eskatu dute Gasteizen oposizioko taldeek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inbertsio publikoak
Enpresa publikoak eraitsiko du Garoña, 40 urtez Iberdrola eta Endesak ustiatu ondoren

Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe... [+]


2022-12-07 | Lide Iraola
25 eta 29 urte bitartean emantzipatzeko diru laguntzak ematea aurreikusten du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu du asteazkenean, emantzipazio adina 28ra jaisteko eta soldatak 2010ko kopuruetara iristeko helburuz. Diru laguntzak ematea aurreikusten du, eta gazteei zuzendutako 13.500 lanpostu berri... [+]


Inbertsio publikoak mozkinak pribatizatzeko

Ohiko teoria ekonomikoaren arabera, inbertsio pribatuak publikoak baino eraginkorragoak dira. Inbertitzaile pribatuek beraien enpresatan inbertitzen dute ekoizpena bizkortzeko eta ondorioz mozkin itxurosoak eskuratu ahal izateko. Alabaina, gauza bat da teoria interesatuak dioena... [+]


2017-11-30 | ARGIA
Abenduaren 12ko greba handira begira jarri dira hezkuntza publikoko langileak

Ostegun honetan grebara deituta zeuden 26.000 irakasletik %70 ez da lanera joan, sindikatuek jakinarazi dutenez. Jaurlaritzak lantaldearen erdira murriztu du jarraipena.


Eguneraketa berriak daude