Fresneseko euskal presoek astebete daramate gose greban

  • Joan den astelehenean Fresneseko espetxean dauden euskal preso politikoek gose greba hasi zuten Itziar Moreno kideak jasaten duen isolamendua salatzeko. Zazpi egun daramatzate jan gabe.


2016ko maiatzaren 16an - 09:22
Fresneseko presoen egoeraz ohartarazteko irudi hau zabaltzen ari da sare sozialetan.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bizi baldintzak hobetzeko Fresneseko emakumeen moduluan dauden presoek egindako protesta sinbolikoarekin hasi zen dena. 40 lagunek egin zuten bat hamar minutu iraun zuen protestarekin ("patio blokeo sinboliko bat" izan zen Etxeraten arabera), tartean presondegi horretan dauden Itziar Moreno, Iratxe Sorzabal eta Ekhiñe Eizagirre euskal preso politikoek.

Morenori protestaren “bultzatzaile nagusia” izatea leporatu zioten eta isolamenduan sartu zuten maiatzaren 2an. Neurri horren kontra Sorzabalek eta Eizagirrek ere zigor ziegara eraman ditzatela bultzatu zuten. Gizonen moduluan dauden euskal presoek berriz, gose greba mugagabeari ekin zioten, Morenoren egoerarekin bukatzea helburu gisa jarrita.

Dispertsioaren erruz istripua asteburu honetan

Bestalde, euskal preso politiko baten senideek istripua izan zuten larunbatean Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Hiru dira dagoeneko dispertsio politikak urte honetan eragindako istripuak.

Honela geratu da istripua izan duten senideen autoa (argazkia: Etxerat).

Istripua salatzeko eta eragindako pertsonei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak iragarri ditu presoen eskubideen aldeko elkarteak, Astelehen honetan egingo dira Iruñean (PPren egoitza parean 20:00etan), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan 19:00etan) eta Donostian (Boulevardean 19:00etan). Bilbon berriz, asteartean elkartuko dira, 19:00etan Arriagan.

Etxeratek gogorazi du hil honetan 27 urte bete direla "dispertsio politikaren aplikazio sistematiko eta orokorretik". Elkarteak adierazi duenez, "kartzela politika honen ondorioak konponezinak direla agerian geratu da pairatzen duten pertsonei dagokienez, eta dagoeneko 16 biktima eragin ditu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Eguneraketa berriak daude