Familiengandik banatu zituzten ume aborigenei erreparazio ekonomikoa emango die Australiako Gobernuak

  • 1900 eta 1970 urteen artean beren familiengandik banatu zituzten haur indigenei laguntza ekonomikoa emango die Australiako Gobernuak. Hiru hamarkadetan zehar ezarritako “asimilazio politiken” parte izan zen umeak familia zuriekin bizitzera eramatea. Biktima bakoitzak 75.000 dolar australiar jasoko ditu erreparazio gisa, Gobernuak ostegunean iragarri duenez.


2021eko abuztuaren 05an - 11:00
Azken eguneraketa: 13:11

Australiako Gobernuak erreparazio ekonomikoa emango die 1990eko hamarkadatik aurrera beren familiengandik banatu zituzten haur indigenei. 75.000 dolar australiarreko diru-laguntza eskainiko diote biktima bakoitzari, eta beste 7.000 dolar emango dizkiete erreparazioan laguntzeko. Scott Morrison lehen ministroak ostegunean iragarri du neurria. “Lapurtutako belaunaldi” deritzonaren parte diren herritarrei laguntzeko, 380 milioi dolarreko “Hutsunea ixten” funtsaren parte dira laguntzak.

1900eko hamarraldian, Australiako Gobernuak ume indigenak —aborigenak eta Torres itsasarteko biztanleak— mendebaldeko kulturan integratzeko politikak jarri zituen martxan. Al Jazeera hedabidean irakur daitekeenez, haurrak “beren etxeetatik hartzen zituzten eta harrerako familia zuriekin ezartzen zituzten, 1970eko hamarkadan jarraitu zuen asimilazioko politika ofizialaren arabera”. Guztira, 100.000 ume banatu zituzten beren familiengandik. Egun hamazortzi urte baino gehiago dituzten eta oraindik bizirik dauden biktimei zuzenduta joango dira onartu diren erreparazio ekonomikoak. 

Morrison lehen ministroak erabakiaren garrantzia azpimarratu du ostegunean parlamentuan egindako agerraldian: “Denbora luzez itxaron dugun neurria da, sendatzearen, duintasunaren eta 'Lapurtutako belaunaldiaren' eta beren familien osasunaren eta ongizatearen arteko lotura egiten duena”. Agintariak herrialdearen historiako kapitulurik gogorrenetarikoa ekarri du gogora, eta Gobernuaren izenean barkamena eskatu du, erantzukizuna beren gain hartuko dutela gehituz.

Komunitate indigenak ere begi onez ikusi du neurria. Halere, oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute. Horrela adierazi du Lapurtutako belaunaldien aldeko The Healing Foundation elkarteko buru Fiona Cornforth-ek: “Zerbait da, baina ez da dena. Ez du amaierako pausu hori ekarriko, sendatuta dagoen nazio batena”. Halere, Conrnforthek “pauso handia” dela esan du, eta oraindik “esperantza” daukala konponbidea lortzeko. Azken finean, “erreparazioaren oinarria iraganean egindako hutsak onartzea da”. 

Gobernuaren aurkako salaketa

Australiako Ipar Lurraldeko 800 pertsonak Gobernuaren aurkako salaketa kolektibo bat jarri zuten apirilean. Asimilazio politiken biktimak izan ziren 1910 eta 1970 urteen artean, eta jasandako tratuengatik erreparazioa eskatu zuten Hegoaldeko Gales Berriko Auzitegi Gorenean. Ostegunean hartutako neurria, hiru hilabete geroago heldu da, DW hedabidearen arabera.

Indigenen egoera

Erreparazio neurriez gain, Australiako Gobernuak mila milioi dolar australiar inbertitu nahi ditu herrialdeko biztanle indigenen bizi kalitate hobetzeko helburua duten neurrietan. Reuters agentziaren arabera, Gobernuak ezarritako politika askok “huts egin” ondoren, kolektibo horren bizi esperantza eta hezkuntza kalitatea hobetzeko politika berriak ezarri nahi dituzte. Egun, 700.000 dira Australian bizi diren herritar indigenak, eta maila ekonomiko eta sozial baxuena duten biztanleriaren zatia dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Australiako aborigenak
Australiako Egun Nazionala “inbasioaren eguna” dela aldarrikatu dute milaka lagunek aurten ere

Britaniarren kolonialismoaren aurka egin dute, ekintzaile aborigenek inbasioaren eguntzat hartzen baitute. Melbournen hainbat monumentu kaltetu dituzte, esaterako, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua.


Jatorrizko herritarrak konstituzioan onartzeari uko egin dio Australiak erreferendumean

Konstituzioaren zuzenketaren proposamena Anthony Albanese lehen ministroak bultzatu du. Hala ere, herrialdearen gehiengoak ezezkoa bozkatu du erreferendumean.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Indigenak aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.


Australian jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute

Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak ekarpenak egingo ditu aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Azken 50 urteetan ez da aldatu Australiako Konstituzioa.


Hamaika aborigen baino ez daude Australiako Parlamentuan

Alderdi ezberdinetakoak dira, eta orain arte egon den aborigen-errepresentaziorik handienetakoa da.


Eguneraketa berriak daude