Ezker Abertzaleko familia baten etxebizitza tirokatu zuen polizia nazional ohia epaituko dute ekainaren 11n

  • Polizia ohiak onartu zion Ertzaintzari berak egin zuela tiro eta agenteek legez kanpoko hainbat arma atzeman zizkioten etxean. Akusazio partikularrak 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatuko du armak eta lehergailuak gordetzeagatik eta kalteak eragiteagatik. Fiskaltzak, ordea, 7 urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egin du gerra armak biltzeagatik.


2024ko martxoaren 18an - 10:01

Bost urte eta erdi igaro ondoren, Lezaman gertatutako tiroketaren epaiketa izango da ekainaren 11n. Hain zuzen, polizia nazional ohi bat eseriko da akusatuen aulkian Ezker Abertzaleko familia baten etxearen kontra tiro egiteagatik, familiako hiru kide barruan zeudelarik.

Edonola ere, akusazio partikularrak egingo duen eskaeran, kalteak izango dira gutxienekoa -hilabeteko espetxe zigorra-. Berez, 7 urte eta 6 hilabeteko eta beste 6 urteko espetxealdia exijituko dituzte armak alde batetik eta lehergailuak bestetik biltzeagatik. Izan ere, hainbat arma eta lehergailu topatu baitzituen Ertzaintzak bere etxea miatzean.

Fiskaltzak bide beretik joko du, baina kalifikazio bakarrean batu ditu biak eta gerra armak gordetzeagatik 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatuko du. Halaber, 10 urte eta erdiz arma baimena debekatzea ere jaso du.

Gertakariak: tiro bat etxean, familia barruan zegoenean

2019ko urtarrilaren 6an bere militantziagatik ezaguna den Ezker Abertzaleko familia batek pistola baten tiroa jaso zuen etxeko sukaldean, bi senide gela horretan zeudenean. Hori 10:30ak aldera gertatu ondoren, bi ertzain bertaratu ziren, 9 milimetroko bala jaso eta ikerketa abiatu zuten.

Akusatuak bere parte hartzea ukatu zuen hasieran

Tirokatutako etxebitza ikuskatu ostean, polizia nazional ohiaren etxera joan ziren ertzainak, hau da, tiroa jaso zen lekutik 400 metro eskasera. Akusatuak azaldu zien Ertzaintzako kideei tiroa entzun zuela, baina bera ez zela egilea izan.

Ertzainek suzko armarik ote zituen galdetuta, akusatuak erantzun zuen baietz eta armairu batean zuen eskopeta bat erakutsi zien. Hala ere, pistolak gordetzeko baliatzen diren bi kutxa ikusi zituzten agenteek. Une horretan inputatua saiatu zen erdian jartzen, baina ertzainek sumatu zuten antzeko kalibreko hainbat munizio zegoela eta konfiskatu zuten.

Horrez gain, horman beste hiru arma luze identifikatu zituen Ertzaintzak, eta baita zenbait obus ere. Akusatuak berak emanda, ertzainek 9 milimetroko 191 bala eraman zituzten. Horietako 27 legez kanpokoak ziren: hiruk mozketak zituzten, sei manipulatuak zeuden (jaurtigairik gabekoak ziren, baina norbaitek bala jarri zien) eta beste 18 punta hutsekoak ziren (munizio mota hori ez da legala).

Atxikoleta eta aitorpena

Urtarrilaren 7an polizia nazional ohia bisitatu zuen Ertzaintzak berriro eta horrek bere bertsioari eutsi zion, berretsiz ez zuela zerikusirik tiroketarekin.

Ordea, urtarrilaren 10ean ertzain gehiago agertu ziren bere etxean eta akusatuak onartu zuen tiroaren egilea zela eta gertakariari buruzko hainbat azalpen eskaini zituen. Jarraian, modu boluntarioan, agenteak gidatu zituen erabilitako armaren ezkutalekura: bere etxean zegoen zulo natural bat, harriekin estalitakoa. Arma Star markako 9 milimetroko pistola luzea zen, eta akusatuak ez zuen hori izateko beharrezko baimenik.

Gauzak horrela, agenteek atxilotu zuten eta deklarazioa hartu zioten. Gainera, etxebizitza prezintatu eta gero miatu zuten, arrastatuaren baimenarekin.

Armategi bat etxean

Etxea miatzean, Ertzaintzak arma mordoa topatu zuen barruan, eta horiek guztiak izateko baimenik ez zuen polizia nazional ohiak. Gainera, batzuk manipulatuta zeuden, eta beste batzuek ez zuten identifikazio markarik.

Munizioaren aldetik, kalibre ezberdineko 400 bala zenbatu zituzten agenteek; hori bai, zenbatzeari utzi baino lehen, askoz gehiago aurkitu zituzten eta.

Hori guztia gutxi balitz, hiru kilo bolbora baino gehiago konfiskatu zituen Ertzaintzak, eta gerra material ugari (bonbak, besteak beste). Azkenik, erabilgaitz bihurtutako arma pilo ere aurkitu zituzten. 

Epaiketan tiroa jaso zuen familiak eta ertzainek ez ezik, lehergailuetan adituak diren Ertzaintzaren eta Guardia Zibileko zenbait peritok parte hartuko dute .


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako Polizia
Baimenik gabeko zortzi pistola, karabina bat, hainbat bala eta hegazkin bonba bat topatu zituen Ertzaintzak Lezamako Espainiako polizia ohiaren etxean

Ezker abertzaleko familia baten etxea tirokatzeagatik atxilotu zuten Espainiako polizia ohiak baimenik gabeko bederatzi arma, gerra materiala, ia lau kilo bolbora, 400 bala baino gehiago eta dozenaka arma erabilgaitz zituen etxean


Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


2024-02-08 | ARGIA
Aske utzi dute Iturmendin atxilotutako emakumea

Espainiako Poliziak joan den asteartean atxilotu zuen Iturmendin (Nafarroa) eta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Madrilera eraman zuten inkomunikatua.


2024-02-07 | ARGIA
Emakume bat atxilotu dute Iturmendin eta inkomunikatuta eraman Madrilera

Espainiako Poliziak astearte eguerdian atxilotu zuen bere etxean, Iturmendin (Nafarroa), antza sare sozialetako mezuren batekin lotuta. Arratsean segundo batzuetako deia egin zien senideei Madrilera eramaten zutela jakinarazteko, ARGIAk jakin duenez. Estefanía Cerverak 63... [+]


Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


Eguneraketa berriak daude