"Ez gaituztenez kontratatzen, kooperatiba sortzera goaz"

  • Duela hiru hilabete ezagutu genituen Khadim, Baba eta Bouba. Eskakizun guztiak betez Bilbon kale-saltzaile aritu arren, administrazioak legea gogortu eta berriro paperik gabe utzi nahi zituela kontatu ziguten. Hiru hilabete geroago, Khadim Frantziara joana da, etorkizun hobearen bila, eta Baba eta Bouba garbitzaile kooperatiba ari dira antolatzen beste hainbat migratzailerekin batera, kale salmenta uzteko asmoz. Bitarte horretan, “Inor ez da ilegala” kamiseta ere sortu dugu elkarlanean, ARGIAren eta Mbolo kooperatibaren proiektuak indartzeko. Tixerta bultzada dela diote, euren borroka luzean.


2018ko uztailaren 05an - 08:00
Bouba Diouf (47 urte, ia hiru Bilbon), Pape Niang (47 urte, bederatzi eta erdi Bilbon) eta Baba Mbaye (35 urte, hamaika Bilbon). Argazkia: Dani Blanco

Bai, duela hiru hilabete kontatu ziguten Bilboko kale-saltzaile senegaldarren Mbolo Moye Doole elkarteko kideek: lizentzia lortu zutela 2015ean, autonomo gisa saltzaile aritzeko, eta 200 euroko gutxieneko kotizazioa frogatu behar zutela paperak berritzeko, baina egun batetik bestera, Espainiako Atzerritarrentzako Legea aldatu eta 800 euroko kotizazioa eskatzen hasi zitzaizkiela, baldintza bete ezina manteroentzat. Eta Espainiako Estatuko hiri askotan malgu jokatzen badute ere (kotizatzearekin aski dute, ez diete gutxieneko kopururik exijitzen), zorrotz aplikatzen ari dira eskakizuna Bilbon. Ondorioa? Mantero ugarik beste erkidego batzuetara alde egin du, eta Babari adibidez, ez dizkiote paperak berritu. Babak 11 urte daramatza Bilbon bizitzen, eta herritar ilegal izatera itzuli da.

“Alde horretatik, ez dago aldaketarik, zorrotz jarraitzen du Bilboko Atzerritarrentzako Bulegoak, interesen bat izango dute, gu zokoan mantentzeko interesa, ea noiz aspertu eta alde egiten dugun”, dio Babak. Irungo Sanmartzial jaietan lan egitetik bueltatu berri da, eta Iruñeko Sanferminetara ari da bidaia prestatzen. “Lagun baten etxean lotarako lekua alokatzea erabaki dut, ongi deskantsatu eta dutxatu ahal izateko, zeren auto txikia dut eta ez dut bertan lo egin nahi egunero”.

Bouba ez da Sanferminetara joango, ez da inoiz Bilbo eta inguruetatik ateratzen, beldurragatik: “Paperik gabe harrapatzen banaute, migratzaileentzako CIE zentro batean bukatu dezaket, eta gero auskalo non”.

Hiru hilabete hauetan, Espainiako Gobernua aldatu egin da. “Pedro Sánchezek esan zuen Gobernura iristen bazen paperak erraztuko zizkigula migratzaileoi, eta migratzaile elkarte batzuk esperantzatsu daude, baina tira, nik uste politikarien hitz hutsalak direla, Gobernura iritsi aurretik esaten direnak”, dio Pape Niangek. Aurreko aldian ez genuen elkarrizketatu, baina kamiseta sortu bidean ezagutu dugu, bera ere kale-saltzaile senegaldarren elkartekoa baita. Bederatzi urte eta erdi daramatza Bilbon bizitzen eta ezkor mintzo da: “Legeak urtebeteko kontratua eskatzen digu legalizatu ahal izateko, baina zein enpresak egiten du urtebeteko kontratua? Are gutxiago paperik gabeko beltz bati! Etengabeko gurpil zoroa da eta ezin gara gurpiletik atera: paperik ez dizute ematen, eta paperik gabe ezin dugu ezer egin. Pertsona bat integratzea nahi baduzu, aukera eman behar diozu integratzeko, bertan bizimodua aurrera atera ahal izateko aukera”. Baina legea bera da oztopo, “mugatzen gaituen sabaia da, leku berean denbora asko eraman arren, asko formatu eta lan egin nahi izan arren, ez zaitezen inoiz marjinalitate egoera horretatik atera. Txikitu egiten gaitu”, salatu du Boubak.

Kataluniako ereduari jarraiki, migratzaileek sortutako garbiketa kooperatiba batekin hasi eta ideia da kooperatibak arlo gehiago hartzea, zaintza edota mudantzak esaterako, emakumeak eta gizonak barne hartuko dituena

Ez bazaituzte kontratatzen, sortu kooperatiba

“Ez dugu inongo konfiantzarik kontratatuko gaituztenik, beraz gure kabuz ekin behar”, diote. Urte asko dira kale salmentan dabiltzala, fruiturik ikusi gabe, beti paperak lortzeko borrokan eta poliziarengandik ihesi. Kaleak utzi eta Kataluniako ereduari jarraiki, kooperatiba sortzen ari dira, Mbolo proiektua: migratzaileek sortutako garbiketa kooperatiba batekin hasi eta ideia da kooperatibak arlo gehiago hartzea, zaintza edota mudantzak esaterako, emakumeak eta gizonak barne hartuko dituena –kale salmentan, apenas dagoen emakumerik–.

“Hainbat elkarte ditugu laguntzen, eta garbiketako profesionalei eskatu diegu aholkua. Jatetxeetara, enpresetara, etxeetako atarietara… ere jo dugu, galdetzeko ea nola lotzen duten garbiketa, eta bide batez gure burua aurkezteko. Baina askok ez digu batere harrera onik egin, batzuek ez digute hitz ere egiten, begiratu ere ez”, azaldu digute, ohituta dagoenaren normaltasun kutsuz. Badute esperantza, halere.

“Oso argi esaten du kamisetak: inor ez da ilegala”

Kamiseta da ilusioa piztu dien beste proiektua. “Inguruan eskatu dizkigute dagoeneko, oso harrera ona izaten ari da eta kontaktu guztietara ari gara bidaltzen”, adierazi digute. “Uste dugu mezua zabaltzeko modua ere badela, oso argi esaten duelako kamisetak: Inor ez da ilegala. Amul been nit ku lergalul Senegalgo wolof hizkuntzan”. ARGIAk 15 eurotan saltzen duen kamiseta bakoitzagatik (hemen eskuragarri), 2 euro Mboloko kideentzat dira eta migratzaileen kooperatiba aurrera ateratzeko baliagarri izango zaiela uste dute. Zuzenean eurek ere saltzen dituzte kamisetak. “Nik jantzita eramango dut ahal dudan guztietan, horrela norbaitek esaten badit gustuko duela, non eskuratu dezakeen azalduko diot”, dio Babak. Hortaz, badakizu, uda honetan Inor ez da ilegala kamisetadun saltzailea ikusiko duzu beharbada, Euskal Herriko jairen batean.

“Guk hasi dugu borroka lege eta estatu bidegabeen aurrean, eta hurrengo belaunaldiek, etorkizunean etortzen jarraituko duten migratzaileek segituko dute gure borroka”

Lotsaren lotsaz, besterik ez bada

Ilun, oso ilun ikusten du etorkizuna Papek. Etorkizuna? Zein etorkizun? Bizirautera daude ohituta. Estatuaren ankerkeriari aurre egin ahal izateko borrokan, elkartasuna eta babesa ezinbestekoa dutela gogoratu digu Babak. Eta Boubak hitz egin du baikorren, duela hiru hilabete ezagutu genuenetik beti ikusi diogun irribarre zabala ahoan: “Beti aurrera, gugan eta gure ahalmenetan sinesten. Guk hasi dugu borroka lege eta estatu bidegabeen aurrean, eta hurrengo belaunaldiek, etorkizunean etortzen jarraituko duten migratzaileek segituko dute gure borroka, eta pixkanaka gauzak aldatzen joango dira. Etorkizun hobea lortuko dute. Ku rus di nga nangu dio wolof esaerak; lotsagatik onartuko du. Alegia, azkenean, lotsaren lotsaz besterik ez bada, aintzat hartu beharko gaituztela”.

Artikuluaren PDFa, lotura honetan.

Argazkia: Dani Blanco

Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inor ez da ilegala
Bost urte inor ez da ilegala aldarrikatzen

Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Texasen “harresi flotagarri” bat eraikitzen ari dira, migratzaileei bidea oztopatzeko

Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.


2023-07-07 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaia arteko mugaren “antzerki lotsagarria” salatu dute

Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaiaren arteko muga irekitzeko elkarretaratzera deitu dute, migratzaileen eskubideen alde

Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.


Hör Berlin eta legalitate kontu batzuk

Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.


Eguneraketa berriak daude