Bilboko kale-saltzaileak

"Proiektu sendoa daukagu, ongi ari gara, eta zergatik eskatzen digute bete ezin duguna?"

  • Baldintza guztiak bete dituzu herritar legal bihurtzeko (kontzeptua bera gogorra da), autonomo gisa kotizatzen zabiltza kale-saltzaile, eta bat-batean administrazioak esaten dizu irabazi dezakezuna baino gehiago kotizatzen ez baduzu, berriz ere paperik gabe utziko zaituela, berriz ere poliziaren aurrean ihes egitera kondenatuko, Afrikara itzularaziko. Horixe egin berri dute Senegaletik migratu zuten kale-saltzaileekin. Bilbon bizi diren horietako hirurekin hitz egin dugu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2018ko apirilaren 15a
Ezker-eskuin: Baba Mbaye, Boubacar Diouf eta Khadim Sambe (Argazkia: Dani Blanco)
Ezker-eskuin: Baba Mbaye, Boubacar Diouf eta Khadim Sambe (Arg: Dani Blanco)

Baba Mbaye (35 urte, horietatik 11 Bilbon), Khadim Sambe (32 urte, 7 Bilbon) eta Boubacar Diouf (47 urte, bi eta erdi Bilbon) izan ditugu solaskide. Bilboko kale-saltzaileen Mbolo Moye Doole elkarteko kideak dira; zortzi bat urte ditu elkarteak eta 100 lagunetik gora dira, denak senegaldarrak, batzuk legalak eta beste batzuk oraindik ez (bertan hiru urte bizitzen daramatzazula egiaztatu arte, adibidez, ezin duzu paperik eskuratu; alegia, iritsi eta lehenengo hiru urteetan bai ala bai ilegala zara). Paperik gabeko mantero izateari utzi eta kale-saltzaile legal bihurtzeko urratsak eman dituzte horietako askok, baina kolpe bortitza jaso berri dute administraziotik. Baba Mbayek kontatu digu: “Lizentzia lortu genuen 2015ean, autonomo gisa kale-saltzaile aritzeko, eta urtebeterako bizileku-baimena eman ziguten. Urtebetez Gizarte Segurantzan kotizatzen aritu ostean, hori guztia erakutsi eta beste bi urterako bizileku-baimena berritu ziguten. Hori zen tratua, eta 200 euroko gutxieneko kotizazioa eskatzen ziguten, bertan bizitzen eta lan egiten jarraitu ahal izateko. Baina egun batetik bestera Espainiako Atzerritarrei Buruzko Legearen bidez erabaki dute 800 euroko gutxieneko kotizaziorik gabe ez dizkigutela paperak berrituko, eta gu ezin gara kopuru horretara iritsi. Hilabete batzuetan 200 euro lortzen ditugu, beste batzuetan 250, gehitu zergak eta fakturak, eta atera kontuak. Uda sasoian herrietako festak aprobetxatzen ditugu diru gehixeago lortzeko, baina 800 euroko gutxieneko kotizazioa ezinezkoa da guretzat”. Kontua zera da, hori ongi dakitela araua ezarri dutenek eta beraz helburua garbi dagoela: “Gu kanporatzeko estrategia baino ez da, bestela zergatik eskatzen digute zerbait, jakinik ezingo dugula bete? Proiektu sendoa daukagu, dena ongi egiten ari gara, eta zergatik eskatzen digute gehiago? Sakonean arrazakeria dago”. Gaur egun lizentziarekin Bilboko kaleetan saltzen ari diren 60tik gora senegaldarri eragingo die irizpide aldaketak: paperik gabe geratzeko arrisku gorrian daude oraintxe bertan.

EAEz kanpoko beste hiri batzuetan ez diete 800 euroko gutxienekoa eskatzen baimena berritzeko. Legea malgua dela interpretatzen dute eta ez dizkiete Bilbon bezain baldintza gogorrak eskatzen

Elkarrizketatuek esan digute beste hiri batzuetan kale-saltzaileei ez dietela 800 euroko gutxienekoa eskatzen bizileku-baimena berritzeko, Gizarte Segurantzan kotizatzearekin nahikoa dutela. Iruñea, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Cadiz, Sevilla, Granada… aipatu dizkigute. “Baina guri 800 eskatzen dizkigute; zergatik aplikatzen dute hemen Espainiako Legea eta beste lekuetan ez?”. Elkarteko lege-aholkulariari egin diogu guk galdera: beste toki horietan, legea malgua dela interpretatzen ari dira eta ez dizkiete baldintza hain gogorrak eskatzen (azken finean, bertan bizitzeko nahikoa bitarteko dituzula frogatzea da funtsean dagoen betebeharra), baina Bilboko Atzerritarrentzako Bulegoko buruarekin joan den astean bildu zen lege-aholkularia, eta oso bestelakoa izan zen erantzuna: “Esan dit legea aplikatu baino ez duela egiten eta berari ez dagokiola interpretatzea; politikariekin hitz egitera joateko, haien kontua dela, ez berea”.

Berriz ere klandestinitatea, izua eta esklabotza
Gure elkarrizketatuek ongi dakite zer den paperik gabe bizitzea, azken finean, lehenengo hiru urteetan hala biziraun behar izaten dute denek. Orain, egoera horretara birkondenatu nahi ditu administrazioak: “Paperak kentzen badizkigute, hasierara bueltatuko gara –diote–,  egin dugun guztiak ez du ezertarako balioko, klandestinitatera itzuliko gara, pobreziara, ezin mugitu eta ezin gure herrialdea eta gure senide eta lagunak bisitatu, ezin lan duinik egin. Kaleko salmentan aritzen ez direnentzat, paperik gabe lan egiteak esan nahi du enpresari asko zutaz aprobetxatzea eta esklabotza baldintzetan aritzera derrigortzea; eta gure kasuan esan nahi du kale-saltzaile izatetik mantero izatera igarotzea, beti korrika eta poliziarengandik ihesi, beldurrez, paperik gabe harrapatzen bagaituzte agian Madrilgo CIE etorkinentzako zentrora eraman gaitzaketelako, edo hainbeste urte hemen eman ondoren edozein egunetan kanporatu gaitzaketelako. Eta horrela bizitzea, hori buruan, ikaragarria da”.

Kaleko salmenta ilegala, gainera, falta izatetik delitu izatera igaro da Espainiako Estatuan, baina EAEn ez dago hala jokatzeko asmorik, inor ez omen dute kartzelan sartuko kalean saltzeagatik. Dena den, alternatiba ez da askoz itxaropentsuagoa: poliziak isuna jartzen badizu, aurrekari penala izango duzu espedientean eta bizitza guztirako arrastoa da hori, edozein paper lortzeko oztopo: bizileku-baimena eskuratzea zaildu diezazuke aurrekariak, edo herrialdetik botatzea erraztu, edo kontratu bat lortu eta aurrekari penalak badituzu, Gobernua tartean sartu daiteke eta kontratua ukatu diezazukete.

Denek bizi izan dute gertakariren bat poliziarekin. Khadim Samberi Iruñeko Sanferminetan gerturatu zitzaizkion: “Euren artean zioten, ‘begira zein urduri dagoen, honek droga darama gainean’. Nola ez nintzen ba urduri egongo? Polizia etortzea ez da atsegina, batik bat zure egoera kili-kolo dagoenean”

“Produktu faltsifikatuak bertako merkatari handiek saltzen dizkigute, zergatik ez horiek pertsegitu?”
Salgai jartzen duzunak ere badu ondoriorik, produktu faltsifikatuak saltzea debekatuta baitago eta zigorra txikiagoa edo handiagoa izango da, hiriaren arabera. “Gu gaude jomugan –kritikatu du Mbayek–, baina erosten ditugun produktu faltsifikatu horiek hemen erosten ditugu, bertakoek saltzen dizkigute, bertako merkatari handiek, guk ez daukagulako halako indarrik ez halako kapitalik produktu horiek ekartzeko; beraz zergatik ez dituzte merkatari handi horiek pertsegitzen? Zergatik egiten dute gure aurka?”. Kale-saltzaileak denda txikien konpetentzia direla salatzea ere zentzugabea da, multinazionalak direnean merkatari txikiak itotzen ari direnak. Egitekotan, manteroek marka handien faltsifikazioak saltzen dituzte (Coco Channel, Adidas, Louis Boutton…) eta inozokeria da pentsatzea mantero multzo baten salmentek kalte egin diezaioketenik halako marka handiei. Marka horiek berak defraudatzaileak direla eta herrialde behartsuetan (bai, kale-saltzaileen jatorrizko herrialde horietan) jendea esklabizatuz aritzen direla kritikatzen dute manteroek, moral bikoitza nagusitzen dela: “Zergatik jo ahulenen kontra, iruzur egiten duten eta esplotazio egoeren erantzule diren handi horiek zigortu ordez?”.

Udaltzainak gainean
Bilbo nahiko lasaia dela diote hiru lagunek. Lizentziarik gabe kalean saltzen ari direnek batez ere udaltzaingoa izan ohi dute gainean; postua kentzeko eta joateko esan ohi diete maiz, baina manteroak salgai dituen produktuak eramaten dituen udaltzainik ere egokitu dakieke. Okerragoa omen da egoera beste leku batzuetan, komisarian bukatu dezakezulako, baina horietara ere joan beharra dute, herriz herri eta festarik festa ibili beharra, nahikoa diru ateratzeko. Boubacar Difouk oraindik ez du lizentziarik, eta ez da arriskatzen: “Ni ez naiz Bilbotik ateratzen, hatz-markak hartzen dizkidaten egunean izorratu egingo naute eta nahiago dut hemen geratu, espedientea ez zikintzeko”. Hala ere, Bilboko Unamuno plaza ondoan geratuarazi zuen poliziak duela gutxi, salgaien zakua gainean: “Udaltzainek poltsa erakusteko eskatu zidaten eta produktu guztiak eraman zizkidaten”.

Denek bizi izan dute gertakariren bat poliziarekin. Khadim Samberi Iruñeko Sanferminetan gerturatu zitzaizkion, eta oso gaizki pasa zuen: “Euren artean zioten, ‘begira zein urduri dagoen, honek droga darama gainean’. Nola ez nintzen ba urduri egongo? Polizia etortzea ez da atsegina, batik bat zure egoera kili-kolo dagoenean”. Faltzeseko jaietan ere Guardia Zibilak atzeman zuen eta bi urtez epaitegira sinatzera joan behar izan du, CDak saltzeagatik. Ondoren epaiketa izan du, 7.000 euro eskatu dizkiote, baina ez dauzkanez, azkenean 50 orduko lana egin beharko du Espainiako Gobernuarentzat.

Ez, pobreziatik ihesi datozen migratzaileek hemen ere ez dute bizimodu batere erraza aurkitzen, aterik ez die irekitzen gure gizarteak eta horregatik da hain garrantzitsua euren arteko elkartasuna. Komunitate sendoa osatu dute eta elkarri laguntzen diote, batez ere norbait berria etortzen denean. Euskal Herrian oro har jendeak ongi tratatzen dituela diote, baina noizbehinka han-hemen entzuten diren ekintza xenofobo eta faxistek beldurra eragiten dute. “Politikariek ardura handia dute –uste du Mbayek–, gaizki hitz egiten badute etorkinen inguruan, gero jendeak pentsatzen duelako etorkinak erasotzeko legitimatuta dagoela”. Sambek gehitu du krisiaren errua beraiei leporatzen zaiela maiz, “eta amorrua dute gure aurka”. Ideia horien atzean “diskurtso populista dago, hainbat politikari eta hedabideren diskurtsoa”.

“Atzerritarrei Buruzko Legea bera da diskriminatzailea eta arrazista, jende bat bazterrean uztea duelako helburu, ekonomia beltzera bultzatzea; hori bai hipokrisia, gero esango dute beltzean egiten dugula lan, beste aukerarik ematen ez digutenean!”
Argazkia: Dani Blanco

“Etorkina izateak ez luke delitu izan behar”
Paperak lortzeko trabak jarri ordez, erraztasunak ematea. Hori da eskatzen dutena. “Zenbat eta zenbat urte daramatza jende batek hemen, eta paperik ezin lortu –gogoratu dute–. Etorkina izateak ez luke delitu izan behar, paperek ez lukete pribilegioa izan behar, denontzako eskubidea baizik, lan egin ahal izateko, pobreziatik eta klandestinitatetik atera ahal izateko”. Bizimodu duina lortzeko borrokan jarraituko dutela diote, auzi honi irtenbidea emateko kalean presio egiten, nahiz eta badakiten afera sakonagoa dela: “Atzerritarrei Buruzko Legea bera da diskriminatzailea eta arrazista, oztopoak jartzea duelako helburu, jende bat bazterrean uztea, ekonomia beltzera bultzatzea; hori bai hipokrisia, gero esango dute beltzean egiten dugula lan, beste aukerarik ematen ez digutenean! Senegaldarrik ez duzu ikusiko drogak saltzen edo dirua lortzeko indarkeria erabiltzen. Kalean saldu baino ez dugu egiten, zer du txarra horrek?”.

800 euroko kotizazio eskakizuna kenduko duten esperantzarik ba al duten galdetu diegu. Baietz, esperantzarik gabe ez dagoela borrokarik. Eta etorkizuna nola ikusten dute? “Etorkizuna ez dago argi. Hemen urte asko eman ditugu eta hainbeste denbora pasa ostean ezin gara gure herrialdera ezer gabe itzuli. Legal izatea eta lan egiten jarraitzea da etorkizuna, aurrezteko eta baldintzak ematen badira gure herrialdera bueltatu ahal izateko”.

Bilboko kale-saltzaileak elkarretaratzeak egiten ari dira, paperak mantentzeko irizpideak gogortu zizkietela jakin zutenetik. (Arg: Ecuador Etxea)

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Inor ez da ilegala kanaletik interesatuko zaizu...
Migratzaileen Mbolo proiektua Bilbon
"Ez gaituztenez kontratatzen, kooperatiba sortzera goaz"

Duela hiru hilabete ezagutu genituen Khadim, Baba eta Bouba. Eskakizun guztiak betez Bilbon kale-saltzaile aritu arren, administrazioak legea gogortu eta berriro paperik gabe utzi nahi zituela kontatu ziguten. Hiru hilabete geroago, Khadim Frantziara joana da, etorkizun hobearen bila, eta Baba eta Bouba garbitzaile kooperatiba ari dira antolatzen beste hainbat migratzailerekin batera, kale salmenta uzteko asmoz. Bitarte horretan, “Inor ez da ilegala” kamiseta ere sortu dugu... [+]


2018-07-13 | Estitxu Eizagirre
Hassana Aalia
"Espainiako poliziak errefuxiatuak ere torturatzen ditu, mugetan"

1988an jaioa, Saharan. 2011tik bizi da Euskal Herrian, Bilbon lehenik eta egun Hernanin. Saharar Kontseiluko Giza Eskubideen Komiteko kidea da. Mintzo zaigu bere kasuaz, torturaz, Saharaz, paperik gabe bizitzeaz, gero eta polizialagoa den Europaz...


Migratzaileen Mbolo proiektua Bilbon
"Ez gaituztenez kontratatzen, kooperatiba sortzera goaz"

Duela hiru hilabete ezagutu genituen Khadim, Baba eta Bouba. Eskakizun guztiak betez Bilbon kale-saltzaile aritu arren, administrazioak legea gogortu eta berriro paperik gabe utzi nahi zituela kontatu ziguten. Hiru hilabete geroago, Khadim Frantziara joana da, etorkizun hobearen bila, eta Baba eta Bouba garbitzaile kooperatiba ari dira antolatzen beste hainbat migratzailerekin batera, kale salmenta uzteko asmoz. Bitarte horretan, “Inor ez da ilegala” kamiseta ere sortu dugu... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude