Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatua zigortu du Nahia Alkortak bere lehen erditzean jaso zuen biolentziagatik, baina gobernuek ez dute ebazpena onartu. 'Mi parto robado' liburua idatzi du bizitakoa gizarteratzeko, eta arazo sistemikoa dela azaltzeko.
Nahia Alkorta Elezgarai (Zizurkil, Gipuzkoa, 1986) ezaguna da Euskal Herriko ama feministon artean, Sabeletik Mundura proiektuan eskaintzen duen euskarazko informazio-gune eta akonpainamenduagatik, baita Ama(T)asunak podcasta gidatzeagatik ere. Aitzitik, sorpresa hartu genuen hedabideetan albiste zela ikusi genuenean. Izan ere, Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Aurkako Bereizkeria Mota Guztiak Ezabatzeko Konbentzioak (CEDAW, gaztelaniazko siglen arabera) hiru aldiz zigortu du Espainiako Estatua indarkeria obstetrikoaren salaketen inpunitatea onartzeagatik, eta bat Alkortaren kasuagatik izan zen.
Mi parto robado liburuan (Arpa, 2023) egin du bere lehenengo erditzearen kronika; jarrera autoritarioekin eta informazioarekin hasi, baimendu gabeko zesarea batekin bukatu, eta trauma-ondoko estresaren nahasmendua eragin ziona. Biktima izan zela onartzetik borroka judizialean murgiltzeko eman zuen jauzia ere azaltzen du. Era berean, lehenengo pertsonatik fokua zabaldu eta sexu-ugaltze eskubideen zein indarkeria matxisten markoan kokatzen du indarkeria gineko-obstetrikoa, baita memoria historikoa egin ere. Zauri asko ditu oraindik sendatzeke: besteak beste, Espainiako gobernu feministena delakoak ebazpena bete ez izana, Osakidetzak ardura ukatu izana eta mugimendu feministak babesgabe utzi izana.
Hamabi urteko borroka judiziala eman duzu, eta oraindik ez da bukatu. Noiz erabakitzen duzu liburu formatua baliatzea zure historia zabaltzeko?
Oso argi neukan nazioarteko aitortza iristen baldin bazen, gaia gizarteratu nahi nuela. Orain arte aktibismotik eragin nuen, modu pixka bat klandestinoan nolabait. Ebazpena atera zenean aurpegia ematea erabaki nuen, gorputza jartzea. Lehenengo bultzada horretan prentsaren estaldura handia izan zen, baina gizarteratzea hotz geratu zen. Beharrezkotzat jo nuen nire historia osorik kontatzea eta ondo kokatzea.
Oso ohikoa da hurrengo abisu hau jasotzea esku-hartze bat inposatzeko: “Hau ez baduzu egiten, zure haurrari zeozer gertatuko zaio”
Zer da indarkeria gineko-obstretrikoa eta zergatik da matxista?
Gure gorputzaren gaineko kontrolean datza, eta edozein prozesu gineko-obstetrikotan eman daiteke, nahiz eta gehien ikustarazten dena erditzeetakoa den. Azpimarratu nahi dut gakoa ez dela instrumentalizazioa, izan ere, esku-hartzea ukatzea ere bada indarkeria; abortatzeko eskubidearen urraketak dira adibide argia. Medikuntza sistemak daukan begirada patriarkalean eta ematen digun trataeran dago gakoa: estereotipazioak, epaiak (lodiegi zaudelako, zure praktika sexualengatik, orientazio sexualagatik…). Nabarmentzekoa da indarkeria matxista honen alderdi psikologikoa: mehatxuak, hertsapena, beldurra eragitea… Oso ohikoa da hurrengo abisu hau jasotzea esku-hartze bat inposatzeko: “Hau ez baduzu egiten, zure haurrari zeozer gertatuko zaio”. Estatuan egindako azken galdetegian, emakumeen %40ak aitortu du indarkeria mota hori bizi izana. Horiei gehitu behar dizkiegu kontziente ez direnak.
Sexu-indarkeriarekin lotura antzematen da zure kontakizunean, bai indarkeria beragatik zein eragin zizun sufrimendu psikiatrikoagatik.
Beste testuinguru batean ez dago zalantzarik: aluan hatzak sartzea abusua da. Aldiz, normalizatua dago erditzean ez jakitea zenbat ukimen egin dizkizuten, ezta zenbat pertsonek egin dizkizuten ere.
Me too efektu bat gertatzen da zure aurkezpenetan? Nola bizi duzu horren zama emozionala?
Egun nahiko erraz kudeatzen dut, distantzia hartuta, baina zaila izan zen ebazpena atera zenean, 200 testigantzatik gora jaso nituelako, eta egoera emozional sentiberan nengoen. Me too dinamika interesgarria da, baina amen artean geratzen da batez ere. Erronka da heltzea ama ez diren baina indarkeria gineko-obstetrikoa bizi izan duten pertsonengana.
Ines Osinagak esan ohi du denok ez garela ama, baina denok garela alaba. Zergatik gai honekiko interes falta?
Batetik, uste dut badagoela oraindik amatasunaren aurkako diskurtso oso indartsua. Bestetik, ezjakintasunaz gain, mina ere badago. Askok uste dute ez duela haiekin zerikusirik, testigantza jakin batekin identifikatzen diren arte. Oso prozesu gogorra da psikologikoki zeure burua biktima gisa ikustea.
“Sistemak badauka beste tresna hori, ukazioarena: zoratuta zaude, esajeratu duzu, ez da hainbesterako…”
Deigarria egin zait irakurtzea “euskal oasiaren” erruz kostatu zitzaizula indarkeria identifikatzea.
Bai, orain dela hamabi urte Osakidetzak marketin kanpaina hobea zuen! Nik banekien indarkeria obstetrikoa existitzen zela, oso kontziente nintzen, baina sinetsi nuen ez zitzaidala gertatuko hemen, zuria, gaztea eta ez bereziki lodia izanda. Asko kostatu zitzaidan uste hori deseraikitzea. Errudunak bilatu nituen nire etxe barruan: haurra, bikotekidea, ni neu… Konturatu nintzen arte sistematikoa dela. Sistemak badauka beste tresna hori, ukazioarena: zoratuta zaude, esajeratu duzu, ez da hainbesterako… Parrandan ipurdia ukitzen digutenean ere agertzen da.
Euskaraz hitz egiteagatik ere egurtu zenuen zeure burua.
Nire erditze planean eskatzen nuen ahal dela euskaraz artatua izatea, niretzat halako prozesu horretan inportantea zelako. Gertatu zitzaidan guardia zibilen kontroletan gertatzen zaiguna: artatu ninduten de usted, errespetuz teorian, baina usted horren atzean badago botere inposaketa bat, hizkuntzarena barne.
Zure lehenengo urratsa ospitalera gutuna bidaltzea izan zen. Ez zenuen erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzak CEDAWko ebazpenari emandako erantzun publikoa tamalgarria izan da: Osakidetzan erditzeen akonpainamendua “bikaina eta ahaztezina” dela.
Oso harrigarria egin zitzaidan. Ospitalean kexa jarri nuenean ebidentea iruditzen zitzaidan praxi txarra egon zela: gizon bati ez liokete basektomia egingo baimenik gabe. Nik ere adostasuna eman beharko dut hagina atera behar badidate. Aldiz, gorputzeko zazpi kapa moztu zizkidaten baimenik gabe. Uste nuen enpatia puntu bat izango zutela. Ba ez, bikain egin zuten.
Patriarkatuak errua sustatzen du emakumeongan, eta amorrua gizonengan. Deigarria egin zait ez zeniela profesionalei errua bota. Erreprimitu duzu haienganako amorrua?
Uste dut neure buruaren mekanismo bat ere izan dela, gertatu zitzaidana benetan ulertzeko. Enfokatu banintz hiru-lau profesional horietan, seguruenik nire osatze prozesua gogorragoa izango litzateke, eta borroka ere bai. Izan ere, borroka judizialean etsai handiaren kontra zoaz. Gorrototik eraikitzen dena borroka normalean ahulagoa da. Zenbateraino kontziente diren? Ba ez dakit. Ni oraindik nago gutun horien zain, agian ez Osakidetzaren izenean baina bai maila pertsonalean.
Azaltzen duzu indarkeria obstetrikoaren lege zehatz bat baino, nahikoa izango litzatekeela pazienteen autonomiaren legea betetzearekin.
Efektu anbibalente bat sumatzen dut. Batetik, tipifikazio zehatzak emango lioke gaiari nolabaiteko autoritatea, baina Euskadiko Autonomia Erkidegoko berdintasun lege berrian sartu dute eta ez du ondorio argirik ekarri. Bestetik, tipifikazio horrek eragingo luke kontzeptua bera erabat ixtea, alderdi psikologikoarenak kanpo uzteko arriskuarekin. Aldiz, pazientearen autonomiaren legea aplikatuko balitz, ez litzateke ezer gehiago behar izango.
“Emaginena da burn out sindrome mailarik altuena duen kolektiboa”
Zure kontakizunean hunkigarria da emaginaren inpotentzia antzematea.
Indarkeria gineko-obstretikoan emakumea da biktima zuzena, baina beste biktima asko daude. Batetik, haurrarentzat biolentzian jaiotzeak ondorioak izango ditu. Bestetik, osasun sistemaren barruan baldintza prekarioetan eta hierarkia horren pean lan egiten duten profesionalak behartuta daude egin nahi ez dituzten gauzak egitera. Emaginena da burn out sindrome mailarik altuena duen kolektiboa. Gurutzetako ospitalekoek abenduan egin zuten kanpaina bat: txandaro esaten zuten zenbat emagin falta ziren. Baliabide nahikorik ez jartzearen ondorio zuzena da esku-hartze gehiago egingo direla. Nire erditzea bizkortzeko arrazoia izan zen goizeko hamarretan zesarea programatu bat tokatzen zitzaiela.
Zure senarrak ere bizi zuen indarkeria.
Ez zidaten ni laguntzen utzi, eta gainera tratu txarra jaso zuen. Zesarearen ostean, baliabide faltagatik ez ninduten errekuperazio-gunetik gelara igotzen. Nigatik galdetu zuenean, profesional batek esan zion: “Denbora asko darama, agian zeozer gertatu zaio”. Hau da, nire bikotekideak uste zuen ni hilda nengoela, eta nik uste nuen umea hilda zegoela. Ez zegoen horren beharrik.
CEDAWk hiru aldiz zigortu du estatu bat indarkeria obstetrikoagatik, eta hiruretan Espainia izan da. El parto es nuestro bezalako mugimenduen indarra da arrazoia?
Bai. Indarkeria obstetrikoa ez da Espainiako Estatuan bakarrik gertatzen, baina emakumeen sare horiek oso indartsuak dira; hogei urte bete berri ditu El parto es nuestrok. Badauzkagu abokatu eta psikiatra nekaezinak aktibismo izugarria egiten. Nabarmentzekoa da CEDAWko parte diren estatu guztiek bete behar dituztela hiru ebazpenetan agindutako neurriak. Horrek izugarrizko interes mediatikoa sortu du nazioarte mailan; hemen, aldiz, isiltasuna eta ezkutatzeko borondatea gailendu dira. Ebazpena iritsi da Espainian teorian historiako gobernu feministena geneukanean. Borondatezko epea bete ez izana hautu politiko bat izan da. Oso kezkagarria da, izan ere, estatuko abokatuak erantzun du estatua subiranoa dela nazioarteko ebazpena ez betetzeko. Horrek jurisprudentzia sor dezake beste edozein indarkeria motako kasuetarako ere; nazioartera jotzeak ezertarako balio ez badu, inpunitatearen aurreko aterabiderik gabe geratuko gara. Ataka horretan, gu hirurok derrigortuta gaude amaiera arte jarraitzeko, nahiz eta prozesu-kostuak ordaindu behar izateko arrisku handian gauden. Hau da, litekeena da guk kondenatuta bukatzea.
Beste paralelismo bat ikusten dut hor bestelako indarkeria matxistekin: prozesu judizialeko berbiktimizazioa.
Bai, niri asko galdetzen didate emakumeek: “Non salatu behar dut nirea?” [Barrea] Itxoin! Ez baldin badago barematu daitekeen ondorio fisikorik (inkontinentzia fekala, kasu), seguruenik ez duzu aitortzarik lortuko. Ezin zara sartu halako prozesu judizial batean ez baduzu argi galduko duzula: kasuaz gain, denbora, dirua eta osasun mentala. Hemen ere behar ditugu autodefentsa feminista eta sareak. Justizia patriarkalak ez gaitu lagunduko, baina gizarteratzeak lagundu dezake, bikote esparruko indarkeria matxistaren desnormalizazioarekin egin dugun bezala.
Parir en el siglo XXI dokumentalean agertzen den Extremadurako biktima batek inkontinentzia fekala dauka, eta hala ere, instituzioek ez dute bere salaketa onartu. Nola da posible?
Gertatu izan da indarkeria obstetrikoaren epaiketetan emakumeek haien kontakizun guztia zehaztu ondoren, bikotekideak esatea hiru urte daramatzatela larrua jo gabe, eta datu hori izatea erabakigarria epaileak salaketa aintzat hartzeko.
“Senarraren puntua” delako praktika aipatzen duzu. Zer da?
Bai, alua urratzen denean gehiegi jostean datza, estuago geratu dadin, gizonaren gozamenerako, horrek dakartzan albo-ondorioekin (ez bakarrik sarketan, baizik eta tentsio horrek egunerokoan eragiten duen ondoeza). “Te la voy a dejar nueva”, esaten dute ginekologo matxistek. Argi dago gure gorputzak gudu zelai direla.
PSOE zegoen Osasun eta Justizia Ministerioetan ebazpena atera zenean, eta Podemos Berdintasun Ministerioan. Zer rol jokatu zuten?
Podemosek indarkeria obstetrikoa abortuaren legearen erreforman sartzeko konpromisoa hartu zuen, baina medikuen lobbyak eta PSOEk ez zioten utzi. Izugarrizko atzerapausoa izan zen, aukera historikoa zelako.
“Badirudi ama izatea aske erabaki dugunok kokatzen garela feminismoaren ertzaren ertzean, eta hor gertatzen zaizkigun biolentziak ordaindu beharreko prezioa direla”
Orduan saiatu zinen Euskal Herriko elkarte feministen babesa lortzen, presioa egiteko. Zer erantzun jaso duzu?
Isiltasuna. Kri-kri. Oso mingarria izan da. Ate desberdinak jo genituen, zu bezalako hainbat kideren bidez. Transmititu genien aukera historikoa zela, eta babesgabetasun osoa sentitu dut. Ez da momentua, ez dago agendan, ez dugu horri buruz hitz egin nahi. Badirudi ama izatea aske erabaki dugunok kokatzen garela feminismoaren ertzaren ertzean, eta hor gertatzen zaizkigun biolentziak ordaindu beharreko prezioa direla. Abortuarekin oso erraz ikusten dugu indarkeria gineko-obstetrikoa: klinika pribatuetan egin beharra, epaiak jasotzea, kristauak aurrean ditugu otoitzen… Baina ama izatea erabaki, eta abortu terapeutiko bat izatea erabakitzen duenaren indarkeria ez dugu aitortzen! Hemen ere, oraindik gutunaren zain nago.
Zergatik ez da ulertzen “Nosotras parimos, nosotras decidimos” horren parte dela erditze errespetatua?
Iruditzen zait isilarazi nahi den indarkeria mota bat dela, beste batzuk jarri nahi direlako zentroan, eta ulertzen dut, baina atzean kokatzen dituzu biktimak. 1970-80ko hamarkadetan beharrezkoa zen amatasunaren abolizioa aldarrikatzea, aginte sozial bat zelako, bikote heterosexuala zelako legitimatutako eredu bakarra, etxean geratu behar zinen… Zorionez, abortatzeko eskubidea bermatua daukagu, nahiz eta borrokatzen jarraitzea tokatuko zaigun. Egun, amatasuna erabaki bat da, baina ez dakigu ama aske horiek kokatzen eskema berri honetan, ez badute bikote bolloan edo tribuan gauzatzen. Froga bat da greba feminista orokorrean zaintzak zirela ardatza, baina ama hitza ez zela agertzen.
Deigarria egin zitzaidan Emaginek antolatutako (Ez)Amatasunak Ikuspegi Feministatik jardunaldietan zu publikoan ikustea eta ez hizlarien artean.
Niretzat opari bat izan zen jakitea kongresu hori antolatuko zela, gainera ebazpena atera eta gutxira. Ebidentea zen indarkeria obstetrikoaren gaiak tokia izan behar zuela, baina ezetz erabaki zen, eta entzun behar izan nuen “nahi baduzu hitz egin publikotik”. Eskerrak hizlari batzuek aipatu zenutela. Mingarria izan zen diskurtso maternofoboek izan zuten zentralitatea. Diskurtsotik lurrera jaitsi beharko genuke, eta aitortu amak kalean ikusten ditugula egunero sistema heteropatriarkal kapitalista arrakalatzen. Izugarrizko ardura da hurrengo belaunaldiak hezkidetzan eta ahalduntzean heztea. Agian epaitzen duzun ama hori egundoko ahalegina egiten ari da bere semea baboso bat izan ez dadin.
“Zer da zuretzat amatasun feminista?”
Feminista maternofobo horiek esentzialismoa egotzi ohi dizuete amatasun feministetan diharduzuenoi.
Etiketa hori aurreiritzietatik eta gu ez entzutetik dator. Ama feministok etengabe kuestionatzen dugu geure burua, eta oso bortitza da gure kideen aldetik ere jasotzea epaia. Beti defendatu dut erabaki guztiak libreak eta informatuak zan behar dutela, eta aldarrikatzen dudana amatasun gozagarria da. Batzuek plazera lortuko dute titia ematetik, beste batzuek biberoitik; batzuek esku-hartuko erditzea nahi izango dute, beste batzuek itsasoan. Horregatik, nire podcastera gonbidatutako guztiei egiten nien galdera bera: “Zer da zuretzat amatasun feminista?”. Erantzunak oso anitzak dira. Infantilizazioa ikusten dut: amok ezin dugu pentsatu, teorizatu.
Eztabaida polarizatu horretan gauden bitartean, ez dugu erreakzionatzen Polizia Oviedoko emakume baten etxera joan denean, ospitalean erditu zedin behartzeko. Abortuarekin bezala, badirudi patriarkatuak umeak salbatu nahi dituela haurdunen arduragabekeriatik.
Emaginarekin zegoen emakumea etxean, zainduta, eta ez zegoen arriskurik; proba da ospitalean ez ziotela erditzea berehala induzitu. Prentsara salto egin zuen, baina ez da kasu bakarra izan. Pentsaezina da hori gertatzea bestelako esku-hartze medikoekin.
Emakume ijitoek, etorkinek, lodiek edota lesbianek bizi dituzten indarkeria gineko-obstetriko zehatzak aipatzen dituzu liburuan.
Gurutzetan emakume ijito guztiak sartzen dituzte gela berean, pasilloaren bukaeran, molestatu ez dezaten. Etorkin musulmanak, hizkuntzarekin zailtasunak dituztenak, senarrarengandik isolatzen dituztenean erabat babesgabe geratzen dira. Haurdunaldian elikadura nahasmenduak ager daitezke, arreta obstetrikoan lodifobiak duen pisuagatik. Emaginaren kontsultara sartu, eta baskulara zuzenean. Tentakulu guztiak agertzen dira prozesu zaurgarri horretan.
“Emaginen defentsa egin behar dugu, medikuntza sisteman duten aitortza eskasa kontuan izanda. Asko jubilatzear daude eta ez dago erreleborik, erabaki politikoa delako plazak ez eskaintzea”
Memoria historikoari dagokionez, gogora ekartzen duzu sorgin-ehizan jazarri zituzten asko emaginak zirela, eta obstetrizia patriarkalak zokoratu zituztela.
Bai, emaginak dira sorgin partera horien oinordeak, haien papera baita emakumeok menarkiatik menopausiara arte laguntzea, osasun ikuspegitik. Aldiz, ginekologoa medikua da eta askotan patologiari begira dago. Emakume askok esaten dizute: “Nire erditzea ondo zihoan ginekologoa agertu arte”. Emaginen defentsa egin behar dugu, medikuntza sisteman duten aitortza eskasa kontuan izanda. Asko jubilatzear daude eta ez dago erreleborik, erabaki politikoa delako plazak ez eskaintzea.
Zer esango zenuke doulei buruz? Ez al dira gaurko sorginak, oso karikaturizatuak eta baztertuak? Nik doula izan nuen, baina ez zioten utzi paritorioan sartzen.
Akonpainamendu emozionala egitea da haien lana, eta jakintzen transmisioa egitea. Gutako askok ez dugu ezer jakin haurdunaldiei buruz, eta ez dugu haurtxo bat besoetan hartu ama izan ez garen arte. Emaginek berez badaukate horretarako gaitasuna, ez dutena da nahikoa denbora sistema honetan. Erditzeetan akonpainante bakarra onartzen da, eta normalean bikotekidea lehenesten da, esperientzia daukan emakumearen ordez, nahiz eta gizon askok semena bakarrik jarri duten. Senar asko ondo prestatzen dira, baina beste batzuek indarkeria onartzen dute: adibidez, baten bati eskatu zaio kristeller maniobra egiteko [sabelaren gainean presioa egitea, egun indarkeria obstetrikotzat hartzen dena] eta ezjakintasunagatik egin du.
Euskal kontzeptu bat azaltzen duzu liburuan: “atsolorra”.
Hernani eta inguruetako herrietan mantentzen duten festa bat da, baina, jatorrian, prozesu bat zen: herriko emakumeak biltzen ziren erditutako emakumeari laguntza emateko. Beste herri batzuetan esaten zen berrogeialdia bukatu arte ama ezin zela teilatupetik atera, eta beste emakumeek janaria eramaten zioten. Ibone Olza psikiatra perinatalak azaltzen du “poner a parir” esapidearen jatorria: haurdunaldia luze zihoanean, herriko andre guztiak zihoazen emakumearen etxera hura kritikatzera, eta amorruak erditzea aktibatzen zuen. Nire amamak beti esaten zuen haurdunaldia hamar ilargikoa zela; hilabete bat lapurtu digute. Orain dela bi belaunaldi arte, bazegoen jakintza eta akonpainamendu hori, eta gizonek ez zuten protagonismorik.
Bestalde, gogora ekartzen duzu haurtxo lapurtuen trauma kolektiboa.
Amama bat ezagutu du, biloba jaio zenean ez zena bere aldamenetik mugitu, ospitale horretan haurtxo bat lapurtu ziotela uste zuelako. Gai hori sakonean aztertzea ere bada feminismoak hartu ez duen erronketako bat. Mediku sistemak duen mamu bat da, eta biktima horiek ere oso ukatuak izan dira.
Bukatzeko, zer zapore utzi dizu idazketa prozesuak?
Oso terapeutikoa izan da. Prozesu judizialean kontakizuna errepikatu behar izan nuen behin eta berriro, eta zaila izan zait mundura ateratzeko indarra hartzea, baina gero astebetean idatzitako liburua izan da. Nire historia da, baina badu asko kolektibotasunetik.
Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.
San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.
Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]
Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.
Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]
Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.
13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]
Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.
Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte... [+]
2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.
Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra... [+]
Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]
Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]
Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.