Emakumeak borrokan
Movistarreko 15.000 langile greban

"Esklabotza egoeran gaude, horregatik greba"

  • Espainiako Estatuan Telefonicarentzat lanean ari diren 15.000 kontrata, azpikontrata eta autonomoek nahikoa dela esan dute. Hilabete daramate greba mugagabean, azken urteotako langileen gatazkarik indartsuenetakoan. Lana ehunka azpikontrataren bidez egiteak dakarren atomizazioari aurre egin, eta ehunka enpresa txikiotako langileak eta autonomoak batu egin dira. Espainiako enpresarik boteretsuenetakoari, erronka bota diote ezinbestean. Asteburuan Movistarren denda batean itxialdia egin dute grebalariek eta bilera bat lotzeko konpromisoa lortu dute. Angel Circujanorekin mintzatu gara, Gipuzkoako Greba Komiteko kidea.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2015eko maiatzaren 11
Movistarrek Donostian karpa muntatu zuela baliatu zuten greban dauden langileek protesta egiteko.

Zein dira zuen lan baldintzak?

Esklabotza egoeran gaude. Asteko zazpi egunetan egiten dugu lan, eta urtean bi jaiegun bakarrik ditugu, beraz, 363 egunez lan egiten dugu. 7:30-8:00etan hasi eta amaiera ordurik ez daukagu, egunero 12-14 orduz aritzen gara. Movistarrentzat modu zuzen edo ez zuzenean lanean ari garenon %90 autonomoak gara. Soldata lotsagarriekin. Soldatak %35 jaitsi dizkigute, hilean 800 euroren truke ari gara. Horri kendu gizarte segurantza, gasolina, erremintak...

Zergatik hasi duzue greba?

Langile autonomookin kontsultatu gabe, kontrata zuzenek sinatu duten kontratu berri bat izan da detonantea. Orain egin behar ditugun lan asko kobratzeari utziko diogu. Soldata oraindik %35 jaitsi nahi digute.

Bartzelonan saiakera bat egin zen iaz, baina azkenean Madrilen piztu da metxa.

Madrilen hasi zen greba, eta polbora bezala zabaldu da kontua. Gehienak autonomoak garenez eta ez dugunez azpiegiturarik, Gipuzkoan asanblada Carrefourreko aparkalekuan deitu genuen. Hortik aurrera, ibiltzen hasi gara. Euskal Herriko sindikatu minoritarioak laguntzen ari zaizkigu, gauzak nola egin azalduz, greba aurrera eramateko legeei buruz jakin behar duguna adieraziz. Gu asanbladen bidez antolatzen gara eta Gipuzkoako asanblada nagusia Donostiako Kortxoenea gaztetxean egiten dugu.

Zer eskatzen duzue?

Telefonicako langileriak egiten duen lan bera egiten ari gara, baina autonomoak garenez, askoz gutxiago kobratzen dugu. Lan bera egiten badugu, soldata bera eskatzen dugu. Astean bi egun jai nahi ditugu gure familiekin egon edo nahi duguna egin ahal izateko. Estatu mailako eskaera orri bat prestatu dugu. Konbenio bat behar dugu, gaur egun ez daukagulako. Metalaren hitzarmenean gauzkate, ez dugu telekomunikazioko hitzarmenik.

Greban dauden langileak ESK, LAB eta Coobas sindikatuetako kideekin.

15.000 langile zaudete greban. Azken urteetan egindako greba indartsuena da inondik ere, baina hedabide nagusietan ez zarete albiste.

Dirua duenak botere mediatikoa du. Sentitzen dugu nahita ez gaituztela kontuan hartzen. Apirilaren 7tik greban gaude milaka langile, hilabete daramagu eta ez da ia ezer ateratzen. Orain hasi dira zer edo zer ematen ETBn. Estatu mailan irainak besterik ez ditugu jaso hedabideetan. Hedabide digitaletan ez dutenez horrenbeste publizitate jartzen, ezin dituzte hainbeste baldintzatu eta hortik gutxi bada ere, informazioa zabaltzen ari da. Euskal Herriarekin ia beti jardun izan duten bezala ari dira gurekin, estaltzen eta polizia bidaltzen jendea atxilotzera.

CCOO eta UGTren papera ere gogor kritikatu duzue.

CCOO ez da sindikatu bat nahiz eta izen hori eduki, saldu batzuk dira. Dirua jasotzen dute Estatutik eta milioiak jasotzen dituzte Telefonicatik ere. CCOO, UGT eta patronalak mahai bat prestatu dute, Telefonicak gidatuta, greba hau pikutara bidaltzeko. Telefonica ez da gurekin esertzen, eta ez ditu gure eskaerak entzuten. Gipuzkoako asanblada bakar batera ere ez da etorri sindikatu horietako inor, zer eskatzen dugun entzutera. Manipulatzaileak dira.

Badirudi Telefonicako zuzendaritza zuek nekatzeko estrategiarekin jokatzen ari dela. Zer moduzko giroa daukazue zuen artean?

Desgaste greba da, Telefonicak diru asko du eta bere bezeroak ez zaizkio batere axola. Nola gauden? Ekonomikoki oso gaizki, baina haserrea eta arazoak greba honetan kanalizatzen ari gara. Ez dago beraiekin lanera itzuli behar dugula proposatu duen inor. Telefonicak Cotronic izeneko kontrata zuzen baten bidez egiten du lan Gipuzkoan, eta Cotroniceko langileek maiatzaren 15ean greba hasiko dute. Beraz, Gipuzkoan %100 greban egongo gara.

Gizartearen partetik, zer da jasotzen duzuena?

Desinformazio handia. Gure desgasterik handiena desinformazioak dakar. Kalera zoaz, manifestazioak egiten dituzu, 20.000 panfletotik gora autofinantzatu ditugu, Aian Txirrindularitza Itzulira joan eta ETBk irudia moztu zigun ezer ikus ez zedin... Nekagarria da. Jendeak ez daki gure borrokari buruz ia ezer. Badakigu eragin gehiena duten hedabideek, maioritarioek, tapatu egiten gaituztela, interes ekonomikoak dituztela.

Zer eskatuko zeniokete herritarrari?

Hainbat gauza, baina batez ere, elkartasun pixka bat. Borroka hau gainontzeko gremioetara zabaldu behar dugu. Gurea ez da subkontratazio eta autonomoekin lanean ari den sektore bakarra. Esplotazioa zabalduta dago eta gure arazoak ere denon arazoak dira. Horrez gain, manifestazio bat egiten badugu, herritar oro ongi etorria da; erresistentzia kaxan ere dirua behar dugu; azken finean, greban gauden 100 familia zentimo bakar bat ere jaso gabe ari baikara, borrokan.

Erresistentzia kaxako zenbakia: ES09-3008-0251-50-3136721424

Bizkaiko langileen protesta bideoa:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Movistar greban

Movistar greban kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude