Bilbotik Bartzelonara “Korrika” prekarietatearen aurka

  • Apirilean egindako 80 egun inguruko grebaren ostean, Movistar-eko langileek osatutako Marea Urdina elkarteak egitasmo berri bat atondu du: prekarietatearen aurkako Korrika moduko bat egitea, Bilbo eta Bartzelona lotuz. Guztira 674 kilometro etenik gabe egingo dituzte, otsailaren 19, 20 eta 21ean.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng
2015eko abenduaren 16a
Lan baldintza duinak aldarrikatzeaz landa, grebaren ondoko “errepresioa” salatu eta kaleratutako langileak berriro kontratatzea eskatuko dute.

Lan baldintza duinak aldarrikatzeaz landa, grebaren ondoko “errepresioa” salatu eta kaleratutako langileak berriro kontratatzea eskatuko dute. “Erakutsi nahi dugu borrokan jarraitzen dugula. Movistar eta enpresa kontratistetatik pairatzen dugun esklabotzari amaiera eman nahi diogu”. Movistar-eko langileen arabera, enpresak ez ditu grebaren ostean sinatutako ituneko baldintzak bete, “nahiz eta bere garaian ‘soluzio handia’ bezala saldu zuen”.

Babes solidario eta ekonomikoa jasotzea da finkatu duten beste xedeetako bat. Modu horretan greban zehar pilatutako zorrak “modu bateratu batean” kitatu nahiko lituzkete. Gainera, jasotako diruarekin Erresistentzia Kutxa izeneko funtsa sortuko dute, prekarietatearen aurka borrokatu nahi duten kolektiboek zeri heldu izan dezaten.

Egitasmoa kilometroak salduta finantzatuko dute

Proiektua aurrera eramateko 146.000 euro behar dituzte. Horretarako, egingo duten ibilbidearen kilometroak salduko dituzte. Azaldu dutenez, finantzaketaren heren bat aldaketa sozial eta ekonomikoarekin konprometitutako mugimendu eta alderdi politikoetatik jaso nahiko lukete, beste heren bat mugimendu eta kolektibo sozialetatik, eta beste heren bat planteaturiko helburuekin bat egiten duten norbanakoengandik.

Informazio gehiago gaztelaniaz Marea Urdinaren webgunean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Korrika prekarioa  |  Prekarietatea  |  Movistar greban

Korrika prekarioa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude