ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea
Bingen Zupiria

“Euskarazko hedabideak ez dira dirulaguntzak jasotzeko aukera gutxien dutenak”

  • Eusko Jaurlaritzak hainbat hedabideri emandako bost milioi euroko dirulaguntzen harira galdera egin dio Jasone Agirrek Bingen Zupiriari Eusko Legebiltzarrak ostiralean egin duen urteko azken Osoko Bilkuran.

Peru Iparragirre
@peruiparragirre

2021eko abenduaren 17a - 14:43
Azken eguneraketa:15:55
Bingen Zupiria. Argazkia: Irekia

ARGIAk informatu zuen bezala, dirulaguntza horien banaketan euskarazko hedabideek jaso zuten zatirik txikiena, %6,6 baino ez (Berria eta Bizkaia Irratia). Horrez gain, kontuan eguneroko prentsa idatzia eta irratiak soilik hartu zituztenez hedabide asko eta asko dirulaguntza horietatik kanpo geratu ziren, tokiko hedabideak, espezializatuak, herri-telebistak eta astekariak, ARGIA kasu, besteak beste.

Dirulaguntza horiek emateko CIESek egindako audientzia inkesta bat hartu zuen oinarri, eta irizpide nagusia “egiturazko gastu gehien” zituzten hedabideei laguntzea izan zen, Jaurlaritzak ARGIAri argitu zionez.

Bost milioi euroko dirulaguntza zuzen horren %93,4 gaztelaniazko medioei eman zien Eusko Jaurlaritzak, eta %6,6 euskarazkoei. Vocento taldeak (El Correo eta Diario Vasco) 2,4 milioi euro jasoko zituen, Noticias Taldeak (Deia, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de álava) 843.000 euro, Gara egunkariak 305.000 euro eta Berriak 290.427 euro. Irratietan, SER kateak jaso zuen diru gehien (520.244 euro).

Ostiraleko Eusko Legebiltzarreko Osoko bilkurako saioan dirulaguntza horien inguruko galdera egin dio EH Bilduko Jasone Agirre legebiltzarkideak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Herri gisa dirulaguntzen banaketa hori onena izan ote den eta ea komunikabide sistema propioa indartzeko asmorik ote duen galdetu dio. Besteak beste, laguntzak emateko datuen jatorriari buruz aritu da Agirre eta hedabide guztiek baldintza berdinak izango lituzketen neurketak egiteko tresna egokirik ez dagoela adierazi du.

Zupiriak aurrez prestatutako erantzuna eman du. Lehenik eta behin adierazi du Eusko Jaurlaritza urte luzez aritu dela “Euskadin komunikazio sistema bat sendotzeko politikak” egiten. Hala ere, kontu erraza ez dela esan du, erronkaz eta galderaz betea, eta inork gutxik dakiela euskal hedabideek nolako testuinguruan jardun beharko duten etorkizunean.

Horren harira, komunikabideek dituzten hamaika erronka zerrendatu ditu sailburuak: globalizazioa, iraultza informatikoa, eduki eta euskarri berrien zabalkundea, kontsumo ohituren aldaketa, sare sozialak, kazetarien eta hedabideen desprestigiatze saiakerak, desinformazioa, etorkizuneko profesionalen trebakuntza, negozio ereduaren aldaketak, hedabideen arteko aliantzak, eta, euskarazko hedabideei dagokienez, hizkuntzaren biziberritzeari eta normalizazioari dagokiona.

Zupiriak gehitu duenez, panorama horretan zaila da hartu behar diren politikak zehaztea, etorkizuneko testuingurua nolakoa izango den jakitea zaila baita. Hala ere, herri politikak sustatzen ari dela defendatu du. Izan ere, “Euskadiko hedabideen ekosistema” askotarikoa dela esan du, bai hizkuntzari dagokionez, eta baita hedabideen bestelako ezaugarriei dagokienez ere.

Jaurlaritza euskal hedabideekin elkarlanean ari dela ere mahaigaineratu du, Euskal Hedabideen Mahaiaren bitartez, eta bertan jorratzen dituztela euskarazko hedabideen kezkak. Mahai horren bidez sektorea egonkortzeko egindako ahalegin berezia aipatu du Zupiriak.

Bost milioi euroko dirulaguntzaren dekretuak hedabide batzuen neurrira egindako soinekoa”

Emandako erantzunarekin ez da ase agertu EH Bilduko Jasone Agirre, eta Zupiriak berak egindako galderari erantzun ez diola esanez hasi du bere bigarren hitzartzea. Zupiriak aipatutako erronkak egon badaudela esan du, eta hain zuzen ere euskarazko hedabideak horiei eusten ari direla gaineratu du: “Pobreak dira baina inteligenteak, profesionalak, konprometituak eta duinak. Baina duinak izateko babesa behar da”. Eta legebiltzarkidearen iritziz COVID-19a dela-eta jasandako kalteei aurre egiteko laguntzek ez dituzte aski lagundu. Hain zuzen ere, bost milioi euroko dirulaguntzaren dekretuak hedabide batzuen neurrira egindako soinekoa dirudiela salatu du, beste batzuk, euskarazko komunikabideak larru hutsik uzten dituen bitartean: “Injustua da, baina ez gara horretan katramilatuko. Herri euskalduna nahi badugu, ekosistema sendo bat nahi badugu honek lagunduko du? Kaltea eginda dago, nola egingo dugu konpontzeko?”.

Zupiriak erantzun dio errespetatzen duela hedabideen sistemaz Agirrek daukan ikuspegia, baina ez datorrela bat. “Hedabideen egonkortasuna bermatzeko egindako herri politiken azalpena eman dut. Euskarazko hedabideak ez dira zailen daukatenak dirulaguntzak jasotzeko. Datuak eman dizkizut. Haiei laguntzeko funtsak eta dirulaguntzak ditugu eta izango ditugu, hala izan behar duelako”.

Hedabideen sistema harantzago doala gaineratu du sailburuak, eta “oso zaila den momentu honetan beste hedabide batzuei modu zuzenean” lagundu dietela. “Zer egin dugun eta zergatik” azaldu duela esanez amaitu du hitzartzea Zupiriak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Euskarazko hedabideak kanaletik interesatuko zaizu...
2023-02-24 | Behategia.eus
Elkarlanaren ideiak zeharkatzen du goitik behera Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023

Iazko urteak eman duenaren azterketa eta 2023an dauden erronka nagusiak jasotzen ditu Behategiaren urteroko argitalpenak. Azken horien artean dago digitalizazioaren eta adimen artifizialaren garapena baliatzeko urrats sendoak eman beharra; dela eleaniztasuna, ikus-entzunezkoak,... [+]


2023-02-20 | ARGIA
'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutela 20 urte dira gaur

Otsailaren 20an bete dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”: halaxe erantzun zuten langileek, biharamunean Egunero... [+]


2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


Igor Astibia, Hekimen
"Euskarazko hedabideak ez daude Jaurlaritzaren lehentasunetan"

Euskarazko hedabideei euskara sustatzeagatik legez dagokien dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen luze aritu da Hekimen, Euskal Hedabideen Elkartea. Baina euskarazko komunikabideentzat lortutako dirulaguntza nahikoa ez den bitartean sektorea egonkortzeko, 6 milioi... [+]


Eguneraketa berriak daude