Euskararen ateak irekitzeko giltza herritarrek dutela aldarrikatuko dute larunbatean Iruñean

  • Euskal komunitateak kalera ateratzeko deia egin du. Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko jartzen dituen oztopoak salatuko dituzte martxoaren 22an Iruñeko kaleetan, Euskaraz biziz, Nafarroako Gobernuaren erasoei aurre egin diezaiegun lelopean.


2014ko martxoaren 19an - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
AEK eta IKAko euskaltegietako kideak diru-laguntzarik ez a salatzeko elkarretaratzean. Argazkia: Jagoba Manterola / Argazki Press
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal komunitateak agiria plazaratu du, eta ondokoa dio: “Euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaitu”. Euskalgintzaren ustez, Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen amorrua adibide askotan ikus daiteke: D eredua kakazteko Guardia Zibilaren sasitxostena, elkarbizitzaren aitzakian D ereduko ikastetxeetan funtzionamendua erdaldundu nahia, ETB sare digitalean ikusteko debekua eta euskaltegiak itotzea diru-laguntzarik gabe, besteak beste. Ikastetxeak, euskaltegiak, udalak, hedabideak... esparru oro baliatu du Gobernuak euskal hiztunen kontra egiteko. Udal eta mankomunitateei emandako diru-laguntzen bilakabidea adibide bat baino ez da. 2001etik 2012ra %82 jaitsi dira laguntzak, 860.000 eurotik 131.000 eurora. 2013an diru partida exekutatu ere ez zen egin.

Info 7 irratiak Asier Biurrun Nafarroako AEK-ko kideari egin dio elkarrizketa. Biurrunen ustez, Nafarroako Gobernuak ateak itxi nahi badizkie ere, “berak ez dauka giltza, eta horiek irekita manten daitezen indarra egingo dugu”. Gobernuak murrizketa orokorrak aitzakiatzat erabili dituela dio: “Azken urte hauetan diru-laguntzetan murrizketen aitzakiarekin beherakada ikaragarria egin du, iaz adibidez guk ez genuen diru-laguntzarik jaso. Ez da gure kasua bakarrik, ekonomikoki guztiak ito nahi gaitu. Mututzea [elkarretaratze batean eskua ahora eramanda egin zuten protesta] ez da soilik eskua ahoan jartzea baizik eta poltsikoan korapiloa egitea”. Alabaina, larunbatean herritarrek aurrera egiteko duten indarra erakutsiko dutela adierazi du AEK-ko kideak: “Giltza herriak dauka eta heldu den larunbatean guk erakutsiko diogu euskaraz bizi nahi dugula. Beti erran dugu Iruñea euskalduntzeko gogoa badugula eta gogo horren kontra ez dago zereginik”.


Euskalgintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.