Euskararen errepublika irudikatzeko eguna

  • Hirugarren aldikoz hartu du plaza Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak, euskara hutsean ekoizturiko liburu eta diskoei leku osoa eskainiz. Milako bat lagun ibili dira azokan eta antolatzaileak biziki kontent agertu dira. Bisitariei, idazleei zein argitaletxe eta diskoetxeetako arduradunei azokaz galdetuz gero, horra gehienik ateratzen diren hitzak: euskara, aniztasuna, hurbiltasuna eta topagunea. Funtsean, erreportajea idazteko ardura zeukanak ere lau hitz horien inguruan osatu du kontakizuna.

Jendea batu da azokaren hirugarren edizio honetan (Dani Blanco)

2022ko ekainaren 06an - 10:54

“Ongi etorri euskararen errepublikara” banderola petik pasa behar zen Ziburuko III. Euskal Liburu eta Disko Azokara sartzeko. Antolatzaile diren Baltsan elkartearen eta ARGIAren helburuetan hori ere badelako: urtean egun bakar batez bada ere, euskara hutsean bizitzeko parada ukaitea. Ipar Euskal Herrikoak arras ongi daki ofizialtasunik gabeko gure hizkuntzak zein leku duen plazan eta euskaraz bizi nahi duenak zer nolako diglosia bortitza pairatu behar izaten duen egunerokoan –batez ere Lapurdi kostalde honetan–. Horregatik du bertaratu ia orok eskertzen, azokaz solasean, euskararen herrian natural eta nabarmendu gabekoa izan behar lukeena: zer goxoa eta ederra den euskara hutsean Ziburuko plaza.

Euskara hutsean egun bat... eta biharamunak errazagoak bihurtzeko erremintak: euskarazko liburuak eta diskoak. Urtez urte handituz doa bertaratzen diren argitaletxe eta diskoetxeen kopurua: 2020an 16 argitaletxeekin hasi eta 33 ziren aurten. Musikagintza ere ederki ordezkatua izan da hirugarren edizio honetan –Saroia Records, Alkimia, Bagabiga, Bidehuts, Kalapita,…– eta artista andana egon da zaleekin hizketan. "Hemen sortu den giroa oso bat dator musika eta kultura ulertzeko dugun moduarekin", zioen Balio Dute musikari kolektiboko Eli Berazak.

Milako bat bisitari izan ditu azokak eta antolatzaileak pozik agertu dira: “Jendea hurbildu da, inguruko herrietatik eta urrunagotik ere. Irribarre handi bat agertu da jendeen aurpegietan”, zioen egunaren bukaeran Maddi Zubeldia Baltsaneko kideak. ARGIAko Bego Zuzak ere “oso ondo” baloratu zuen azoka: “Arnasgune bat da, Ipar Euskal Herriko erreferentziazko topagune bihurtzen ari gara urtez urte”.

“Aniztasuna” begi-bistakoa
“Jendea hurbildu da, inguruko herrietatik eta urrunagotik ere. Irribarre handi bat agertu da jendeen aurpegietan”
Maddi Zubeldia

Euskal sorkuntzaren “aniztasunaren” erakusleiho da Ziburuko hitzordua Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko idazlearen arabera: “Euskarari lehentasuna emanez, gure ahulezia indar bilakarazten dugu. Liburutegi zabala daukagu, eta hori ez daukute kenduko”. 1980ko hamarkadan sorturiko Ipar Euskal Herriko argitaletxea da Maiatz eta langilerik gabe, kideen inplikazioari esker dabil aitzina: “Zorrak pagatzeko doia saltzen dugu; ez dugu langilerik, horrek salbatzen gaitu. Autoreak dira gure indarra, autoreen kemenak du liburuaren hedapena eta interesa egiten. Autorea da gure arma bakarra”. Bide horretan, Ziburuko Azoka bada garrantzi handiko lekua: idazle andana egon dira Maiatzen mahaiaren atzealdean liburuak gomendatzen, aurkezten eta saltzen. Gustura egon da Erein argitaletxeko Edurne Durandegi ere, Ipar Euskal Herrian egotearen garrantzia eta beharra nabarmentzen zituela. “Elkargune polita” dela dio, beste argitaletxekoekin solastatzeko aukera eskaintzen diena. Egunean zehar haur anitz hurbildu zaizkio eta aritu dira zuzenean liburuak hartzen eta irakurtzen, helduok daukagun zuhurtzia oraindik ezezagun dutela: “Oso polita da ikustea nola inguratzen diren, kolore edo marrazkiengatik gerturatzen dira eta liburuak irekitzen dituzte”.

"Autoreak dira gure indarra, autoreen kemenak du liburuaren hedapena eta interesa egiten. Autorea da gure arma bakarra"
Lucien Etxezaharreta

Umeak nagusi izan dira Maddi Zubeldia eta Bernadette Lurok goizean eskainitako Amalurrak pausa behar du kantu, txotxongilo eta ipuin sorkuntzan. Urtero lez, plazatik metro batzuetara den iturri zaharrean zuten hitzordua –ume bat badabil erreportajea irakurtzen, jakin dezala datorren urtean ere iturri zaharra izanen duela bere adineko lagunak egiteko lekua–. Zer eta nola, ezin erran, baina bai, hor ukanen dute topagunea: Zubeldiak gustuko duen publikoa delako haurrena, eta adin ttikikoei euskara, plazera eta irudimena juntatzen dituen une bat eskaintzea ezinbestekotzat daukalako.

Topagune estimatua

Lekua osorik euskal ekoizpenari bideratuz gero, begi-bistan gelditzen zaizkigu daukagun uzta eta aberastasuna. “Ikusgarritasuna gure mundutxoari emate hori” eskertu du Hartzea Lopez Arana Gatuzain argitaletxeko idazleak. Funtsean, horregatik zen Urruñatik bertaratua Maryse. Ziburuko mediatekako arduraduna da eta denbora hartuta egin zuen itzulia, azken berritasunak hurbilagotik deskubrituz eta apunteak hartuz, biharamunean bertan mediatekarako apalak aberasteko asmoarekin. Berdin-berdin zebilen Nora ere, Miarritzeko mediatekako langilea bera.

Ziburuko azoka urteroko hitzordu bihurtzen ari da batzuentzat. Anitz ziren, aurreko edizioak ederki pasaturik, berriz ere hurbilduak. Bertsoak, antzerkia, kontzertuñoak, haurrentzako ikusgarria zein liburu aurkezpenak; badelako azokaren inguruan eskaintza kultural oparoa, hots, eguna bertan pasatzeko mamia.

Beste batzuk lehen aldia zuten. Horien artean dugu Baigorriko Amaia: “Eskertzen da, Ipar Euskal Herrian ez dugulako horrelako leku anitz. Euskal kulturgintzaren alde doan hitzordu oro da ongi etorria”. Estimatu du tamaina: “Durango mini-mini bat” dela dio, jendearekin bi ele egiteko aukera eskaintzen diona. Hori horrela da, eta oraingoak edo aspaldikoak, lagunak kausitzeko lekua da azoka. “Ezagutza zaharrak” topatu ditu bere aldetik Jokin Urain idazleak, “euskararen mundu honetako lagunak ezagutzeko” eguna ere izan duelarik. Txomin, aurrera bolie! liburua aurkezten egon da, eta aurkezpenera publikoa hurbildu izana eskertu du: “Harrera ona izan da, azken aurkezpena zen gurea eta hala ere bazen jende multzoa. Meritu handia da jendearena, ez autorearena”. Ziburuko plaza aspaldian ezagutzen du, hain zuzen, errefuxiatu egon zelako 1983tik 1986ra Donibane Lohizunen: “Ziburuko plaza bazen biltzeko puntu bat, baina garaian ezin zitekeen imajinatu gaur egungo hau”. Inpresio “oso-oso onarekin” itzuli da etxera.

Urainen gisara, Asel Luzarraga, Lizar Begoña, Idoia Santamaria, Koldo Izagirre, Garluk eta Dani Fano hirukotea, baita Garbiñe Larrea ere egon ziren haien azken obrak aurkezten.

Dirassar omenduak “l´anti-basque” gogora

Euskarazko kazetaritza lanarentzat eta literaturan utzitako lau liburuentzat (Hegiko Bordatik (1995), Bihotzeko mina (1997), Bele xuriak (2013), Herria irakurtuz, 100 lekukotasun (2018)) omendu zuten antolatzaileek Jamattitt Dirassar, aspaldian Ziburun bizi den hazpandarra. Saria jasotzerakoan ez zuen hitza okupatu nahi izan, arrazoitzat emanik belaunaldi gazteari, hots, ondoan zeukan Amaiur Epher idazle gazteari lekua uzteko xedea. Baina, hala ere, ezin isilik egon; iraganeko mina ezin izan zuen gorde: “Bi hitz erranen ditut, eta frantsesez erranen ditut, ez bainekien nola itzuli... eta ez itzuli nahi ere, hitz itsusia baita! Hitz hori Anti da: Anti-basque. Haurra ginelarik eskolan jasan duguna da Anti-basque. Debekatzen ziguten gain-gainetik euskaraz hitz bat erratea. Behar da oroitarazi nondik ibiliak garen, nondik ibilaraziak gaituzten. Euskara arrunt debekatua baitzen eskolan; hitz bakarra erraten bagenuen euskaraz, zigortuak ginen. Barkatu bi hitz frantsesez erran izana, baina ez nituen euskarara itzuli nahi”.

Euskaldunok pairaturiko krudelkeria horren oroitzapenak barrenak inarrosirik, momentuan nagusituriko harrotasun eta indarrari lotu eta txalo zaparradaz eskertu zuten idazlea publikoan zeuden lagun, senide, kulturzale eta ziburutarrek. Igor Elortza eta Miren Artetxe bertsolariek, baita Axpi eta Unai Gaztelumendi marrazkilariek ere, ederki laudatu zuten Ziburuko hazpandarra, ondotik zegoen zirriborroka bertso eta marrazki nahasketaren baitan.

"Hemen sortu den giroa oso bat dator musika eta kultura ulertzeko dugun moduarekin"
Eli Beraza
Plazan egon nahia

Ziburuko plazak badu arima eta ez da dudarik plus bat ematen diola azokari. Bertan egon nahi dute antolatzaileek, plaza inguratzen duten eraikuntzek hedapena mugatzen badiote ere. “Durango mini-mini” izaten segituko du beraz Ziburukoak. Oroz gainetik, euskarak plazan egon behar duelako, herriaren bihotzean. “Zuei denei esker gure azoka zuhaitz baten gisan urtez urte Ziburun sustraitzen ari da. Bere enborra oinarri sendo bilakatzen ari da. Adarrak ugarituz eta zabalduz doaz programazio aberatsagoa eta mamitsuagoa eskainiz”, zioen Maialen Tapiak irekitze ekitaldian. Segi dezala hazten zuhaitzak, oihana gordetzen duen zuhaitza izatetik oihan bihurtzeraino.

Azoka bukatu orduko kazkabarrak hartu zuen plaza, bertan zeudenak inguruko tabernetara bideratuz –eta azkena ezizendun tragoa hartuta eguna luzatzeko estakuru ezin hobea eskainiz–. Bittor taberna xarmagarrian instalatu zen Ni Banna folk taldea, ostatu izkinean, eta irlandar musikaren doinu artean gelditu ziren etxeratzeko gogorik ez zeukaten idazle, irakurle, antolatzaile eta argitaletxeetako kide zenbait. Gustura, euskararen errepublika ospatzen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


Eguneraketa berriak daude