Euskara irakasleek gaztelaniazkoek baino bi maila gutxiago kobratzen dute Ertzaintzaren Arkautiko akademian

  • Eusko Jaurlaritza euskara-irakasleak azpikontratatzen ari da 2014az geroztik, Arkautiko Akademian agenteei ematen zaizkien oinarrizko ikastaroak eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ikastaroak emateko.


2020ko martxoaren 04an - 06:36
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

ELA sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren Arkautiko Akademiako euskara irakasle lanpostuak kendu ditu eta, ondoren, prekarioan azpikontratatu ditu, “ikastaroak eman ahal izateko giza baliabide eta baliabide teknikorik ez duelako”. Sindikatuak emandako datuen arabera, 2014. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritza euskara-irakasleak azpikontratatzen ari da, Arkautiko Akademian agenteei ematen zaizkien oinarrizko ikastaroak eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ikastaroak emateko. Azpikontratazio hori HABErekin egindako hitzarmen baten bidez egiten da, eta, era berean, euskaltegiak azpikontratatzen ditu, hau da “azpikontrataren azpikontratazioa” egiten ari dira.

Urtez urte azpikontratatu kopuruak izandako bilakaera erakusten duten datu hauek eman ditu ELAk: 2014an bederatzi irakasle ziren Arkautin euskara irakasteko azpikontratatutakoak; 2015ean 20ra igo zen kopurua; 2016an 22; 2017an 21; 2018an 14; 2019an 22 eta 2020an 21.

Sindikatuak nabarmendu du zentroak garatzen duen jarduera ikusita, lanpostu horiek egiturazkoak direla: "Argi dago kontratazio-beharrak badaudela, eta gainerakoen kalitate bera izan behar dute".

Euskara irakasleak bi maila beherago gaztelaniazkoak baino

"Ordainsarietan dauden aldeak dira gainditu gabeko beste ikasgai lotsagarri bat" adierazi du ELAk. "Euskara irakasleek beren gaztelerazko homologoek baino bi maila gutxiago kobratzen dute, eta gainerakoei baino titulazio handiagoa eskatzen zaie. Lan bera egiten dute, beraz, ordainsari bera izan beharko lukete".

ELAk dagozkion alegazioak aurkeztu ditu Administrazioan eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "demagogia egiteari uzteko", eta euskarareriko benetako jarrera erakusteko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Eguneraketa berriak daude